Turkian finkatutako bederatzi euskal enpresek esperientziak partekatu eta aukerak aztertu dituzte Istanbulen

Turkian finkatutako bederatzi euskal konpainiako ordezkariek aste honetan Istanbulen egin den “Basque Companies in Türkiye: Market Experiences & Cooperation Opportunities” topaketan parte hartu dute. Basque Trade & Investment-eko (BasqueTrade) Turkiako bulegoak, SPRI taldean integratutako euskal enpresak nazioartekotzeko agentziak, antolatu du ekimena. Jardunaldiaren helburua esperientziak partekatzea, negozio-aukera berriak identifikatzea eta Euskadiren eta herrialde transkontinentalaren arteko harreman ekonomikoak indartzea izan zen.

Saioa Ecem Toprakseven Gülfidan Basque Trade & Investment-en Turkiako bulegoko zuzendariak inauguratu zuen, eta agentziak enpresei nazioartean hedatzen laguntzeko egiten duen lana aurkeztu zuen. Bere hitzaldian, herrialdean martxan dauden proiektuak eta BasqueTrade-k dagoeneko Turkiako merkatuan dauden konpainiei eskaintzen dien laguntza nabarmendu zituen.

Euskadi Turquia

Bestalde, Mustafa Erdönmez Turkiako Errepublikako Lehendakaritzako Inbertsio eta Finantza Bulegoko Jarduera Sektorialen arduradunak Turkiako Gobernuak atzerriko inbertsioa erakartzeko eta babesteko duen estrategia azaldu zuen, eta indarrean dauden politikak, eskuragarri dauden pizgarriak eta herrialdean jarduten duten enpresei zuzendutako laguntza-zerbitzuak zehaztu zituen.

Erakunde beretik, bulego bereko Kanpo Bulegoen Unitateko proiektu-arduradunak, Ayşe Çerik, azaldu zuen zer eginkizun duen Türkiye Investment Officeren kanpo-sareak nazioarteko inbertitzaileei sartzen laguntzeko eta tokiko erakundeekin koordinatzeko, herrialdean duen ezarpena sendotze aldera.

Juan Antonio Viñualesek, Martínez-Echevarría Abogados enpresako bazkideak, ere parte hartu zuen jardunaldian, eta enpresek Turkian jarduteko kontuan hartu behar dituzten alderdi legal eta administratiboen ikuspegi praktikoa eskaini zuen.

Aurkezpenen ondoren, eztabaidarako tarte bat ireki zen, eta enpresek Turkiako merkatuaren erronka eta aukera nagusiei buruzko iritziak trukatu ahal izan zituzten, etengabe aldatzen ari den ingurune dinamikoa baita. Jardunaldia amaitzeko, networking saio bat egin zen, eta enpresa-aliantza berriak sustatzeko eta Euskadiren eta Turkiaren artean lankidetza-bideak irekitzeko horrelako ekimenek duten garrantzia nabarmendu zen.

Euskadi Turquia