AEBetako Auzitegi Gorenaren epaiaren analisia IEEPA muga-zergei buruz

Estatu Batuetako Auzitegi Gorenaren azken erabakiak nazioarteko merkataritza-eszenatokian konplexutasun-elementu berria sartu du. Epaiak International Emergency Economic Powers Act (IEEPA) delakoa muga-zerga orokorrak ezartzeko oinarri juridiko gisa erabiltzea mugatzen du, baina ez ditu ezabatzen AEBko Administrazioak eskura dituen merkataritza-tresna guztiak. Etxe Zuriaren berehalako erreakzioak —mundu mailako karga mantentzeko oinarri juridiko berriak aktibatuz— berretsi egin du muga-zergen politika hurrengo hilabeteetan ere ardatz estrategikoa izango dela.

Eusko Jaurlaritza zorrotz aztertzen ari da ebazpen honen ondorio juridiko eta ekonomikoak, baita AEBko Administrazioaren ondorengo mugimenduak ere. Zuhurtziaz jardutea komeni da: IEEPAri lotutako muga-zerga batzuk indargabetu badira ere, indarrean jarraitzen dute altzairu eta aluminioaren gaineko % 50eko kargek (232. Atalaren arabera ezarritakoak) eta automobilei aplikatutako % 15ekoek, eta horiek eragin zuzena dute Euskadiko sektore estrategikoetan. Gainera, Merkataritza Legearen beste atal batzuen pean ikerketa berriak abiarazteko aukera dagoenez, horrek araudi mailako ziurgabetasun handiko fasea mantentzen du.

Testuinguru honetan, SPRI Taldeko Basque Trade & Investment erakundeak txosten xehatua prestatu du. Txostenak muga-zergekin lotutako esparru berriaren analisi tekniko eta eguneratua eta egoera horrek Euskadirako dakartzan arriskuak eta aukerak jasotzen ditu. Gainera, dokumentuak epaiaren benetako irismena, indarrean jarraitzen duten neurriak eta epe labur eta ertainera sor daitezkeen agertoki posibleak zehazten ditu. Hemen kontsulta daiteke.

Kontsulta espezifikoren bat egiteko, gogoan izan BTIk aktibo duela Helpdesk Aranceles USA zerbitzua, zalantzak argitu, inpaktu zehatzak aztertu edo ingurune aldakor horren aurrean balio estrategikoak baloratu nahi dituzten Euskadiko enpresentzako laguntza-zerbitzu espezializatua.