Euskadik eta Poloniak industria-loturak estutu ahal izan dituzte esparru aeroespazialean, aste honetan Poloniako Podkarpackie (Rzeszów) eskualdean egindako misio komertzial baten bidez. Ekimena Basque Trade & Investment (BasqueTrade)-ek, SPRI taldean integratutako euskal enpresaren nazioartekotzerako agentziak gidatu du, HEGAN eta AFM klusterrekin lankidetzan, eta Aviation Valley-ren zein PAIH inbertsio-agentzia poloniarraren tokiko laguntza izan du.
Ekintza estrategiko horri esker, hamahiru euskal enpresaz osatutako ordezkaritza batek negozio eta hornikuntza-aukerak identifikatu ahal izan ditu, fabrikazio aurreratuan eta teknologia aeroespazialetan Europako erreferente gisa finkatu den ekosistema batean.
Horretarako, lan-programa harreman komertzialak sortzera eta tokiko gaitasunak zuzenean ezagutzera bideratuta egon da. Misioa astelehenean hasi zen, Poloniako ekosistemako enpresekin izandako lehen hartu-eman batekin eta networking-eko saioekin; jarraian, asteartean, B2B bileren jardunaldi trinkoa eta EME Aero lantegira egindako bisita teknikoa egin zen. Asteazkenean, euskal enpresetako ordezkariek Safran Aircraft Engines Poland, Aero Gearbox International (Rolls-Royce eta Safran-en arteko Joint Venture bat) eta Ultratech konpainien produkzio-instalazioak ezagutu ahal izan zituzten. Misioa ostegunean amaitu zen, Collins Aerospace-ra egindako bisita batekin.
Podkarpackie eskualdearen aldeko apustu honek sektore aeronautikorako Europako industria-polo dinamikoenetako bat bezala finkatzeari erantzuten dio, non euskal enpresa-sarearen ezagutza teknologikoaren eta Poloniako merkatuaren hazkundearen arteko topaguneak lehentasunezko lankidetza-bideak irekitzen dituen.
Ildo horretan, bi ekosistemen arteko lotura indartzearen helburua aukera estrategikoak gauzatzea da, epe laburreko hornikuntza kontratuetatik hasi eta etorkizunean proiektu teknologiko bateratuak garatzeraino. Potentzial hori errealitate bihurtzeko, BasqueTradek konpromisoa mantentzen du lurraldeko enpresen nazioarteko lehiakortasuna bultzatzuko duten benetako konexio horiek sortzeko. Enpresa horiek merkatu honi buruzko informazioa zabaldu edo aholkularitza espezializatua eskatu dezakete info@basquetrade.eus helbide elektronikoaren bidez.