Emakumearen Nazioarteko Egunaren karietara, egin dugun azterlanaren emaitzak partekatu nahi ditugu. Azterlan horren helburua da genero-berdintasunaren egoera ezagutzea euskal enpresen nazioartekotzearen arloan eta horren azpian dauden arrazoiak ikertzea.
Ebidentziak erakusten du euskal enpresa esportatzaile eta multilokalizatuek lan-egitura desorekatua dutela generoari dagokionez, emakumeek langile guztien % 29 ordezkatzen baitute. Aldeak handitu edo txikitu egiten dira hainbat aldagairen arabera:
- Zuzendaritza Nagusietan dago genero-arrakala handiena: enpresen % 16k baino ez dituzte emakumeak euren zuzendaritzetan
- Zuzendaritza Taldeetan % 31,9 dira emakumeak (enpresen % 32k ez dute emakumerik euren zuzendaritza taldeetan)
- Enpresen % 21ak baino ez du emakumezko arduradun nagusi bat nazioartekotze arloan. Gainera, enpresa zenbat eta handiagoa izan edo zenbat eta nazioartekotuago egon, emakumeek orduan eta presentzia txikiagoa dute horrelako zereginetan.
- Nazioartekotze arloko zereginak dituzten pertsonei dagokienez, nazioartekotuta dauden euskal enpresek diote euren plantillaren % 19 enpresaren nazioartekotzean ari direla lanaldi osoan edo lanaldi partzialean, eta langile horien % 37 emakumeak direla, enpresako langile guztien artean %29 emakumeak direnean.
Emakumeek presentzia handiagoa dute hain estrategikoak ez diren edo erantzukizun gutxiago duten postuetan (beste batzuk: finantzak, administrazioa?), eta, aldiz, presentzia txikia dute diseinuan, garapen estrategikoan edo nazioarteko filialen arduradun gisa. Emakumeen presentzia nahiko positiboa da merkataritza-marketin arloan eta eremu geografiko/herrialdeko arduradun bezala, batik bat mikroenpresetan eta enpresa txikietan.
Hortaz, frogatuta geratu da badagoela segregazio horizontala (lan-indarra nagusiki genero konkretu batek osatzen duenean) eta baita ere segregazio bertikala /kristalezko sabaia (emakumeek zailtasunak dituztenean erantzukizun handiagoko lanpostuetara iristeko, nahiz eta kualifikatuta egon horretarako).
Desparekotasun horren arrazoiak bost faktoretan sailkatu dira: enpresaren egitura, enpresaren kultura, genero-estereotipoak, erantzukizunen gainkarga eta emakumezko hautagai eza. Bestalde, oraindik ere beharrezkotzat jotzen da enpresetan genero-berdintasunarekiko sentsibilitate handiagoa bermatuko duten ekintzak garatzea, genero-berdintasuna lehentasunezko ardatz bilakatu dadin enpresen estrategian.
Horregatik guztiagatik, Basque Trade & Investment-ek hainbat ekintza jarriko ditu martxan emakumeek euskal enpresetako nazioartekotze prozesuetan duten egoera hobetzeko, azterlan hau izan delarik aurreneko ekintza. Hemendik aurrera, eta nazioartekotzearen arloa ardatz hartuta, Ibilbide-orri bat abiaraziko dugu, aurrera egiteko enpresen kulturaren eraldaketan eta emakumeen ahalduntzean.
230308-BasqueTrade-presencia-mujer-internacionalizacion-empresarial-vasca