Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Nazioaterako bloga

09/06/22

Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoak emango ditu euskal enpresek Ukrainiako gerra dela-eta kontratatzen duten lege-aholkularitza ordaintzeko

Industri arloko euskal enpresek, ETEek nahiz enpresa handiek, 10.000 eurorainoko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte Ukrainiaren inbasioagatik eta horren ondoriozko gerragatik kontratatu behar izan dituzten nazioarteko merkataritza-zuzenbideko adituen lege-aholkularitzako kostuak ordaintzeko.

Eusko Jaurlaritzak (SPRI Taldeko Nazioartekotzeko Euskal Agentziak) Aholku programa sortu du, laguntza ekonomikoa emateko EBk Errusiari eta Bielorrusiari ezarritako zigor ekonomikoen eta Errusiak EBri ezarritako kontrazigorren ondorioak jasaten ari diren enpresei eta gerrak, zuzenean edo zeharka, hornikuntza-katean eragin dituen eten fisikoak pairatzen ari direnei.

Programa honek 200.000 euroko aurrekontu-zuzkidura du, eta helburutzat dauka gastu hauek arintzea:

  • Nazioarteko zuzenbideko aholkularitza-gastuak (nazioarteko merkataritza, muga-zergen erregimena, merkatu-gaien garraio-aseguruak, etab.),
  • Merkataritzako kontratazioarekin erlazionatutako aholkularitza juridikoko gastuak (abalak, indarrean dagoen kontratu bateko intzidentziak, enpresen itxierak…),
  • Lan arloko aholkularitza juridikoko gastuak, baina bakarrik zerikusi zuzena dutenean langileak edota euren familiak Errusia, Ukrainia edo Bielorrusiatik aberriratzearekin, atzerriko ezarpenen jarduera bertan behera uztearekin, produkzioko lantegiak ixtearekin, etab., eta
  • Aholkularitza juridiko espezializatuko beste edozein gastu, baldin eta helburutzat badute Ukrainiako gerraren ondoriozko ziurgabetasuna eta oztopo administratiboak nahiz bestelako oztopo handienak arintzea.

Gehienezko laguntza 10.000 eurokoa da eta eskaeran aurkeztutako aurrekontuaren % 50ekoa. Eskaerak egiteko epea zabalik egongo da ekainaren 14tik urriaren 17ra bitartean.