Elena Urbizu: “Gure helburua Luzaroko funts propioak sendotzea da, Euskadiko enpresen garapena finantzatzen jarraitzeko”

Luzarok, Euskadin jarduten duen kredituko finantza-erakundeak, euskal produkzio-sarearen hazkundearekin duen konpromisoa indartu du, joan den otsailaren 26an Europako Inbertsio Bankuarekin (EIB), Eusko Jaurlaritzarekin eta finantza-erakundeekin akordio berriak sinatuta. Luzarok 1992an sortu zenetik izan duen bilakaera eta etorkizunerako erronkak aztertuko ditu Elena Urbizu erakundeko zuzendariak elkarrizketa honetan. 

Lankidetza publiko-pribaturako tresna gisa sortu zen Luzaro, euskal enpresen finantzaketa errazteko helburuarekin. “Luzaro krisi ekonomiko larrian sortu zen 92. urtean, eta Euskadiko enpresek inbertitzeko eta hazteko finantzaketa behar zuten, eta kapitalizazio txikia zuten. Orduan, mailegu parte-hartzailea bideratzen da, enpresen kapitala finkatzeko“, azaldu du Urbizuk. 

Gaur egun, Luzaro Eusko Jaurlaritzak, Enisa Finantzen Euskal Institutuaren bidez, eta lau finantza-erakunde hauek osatzen dute: Kutxabank, Laboral Kutxa, Abanca Bankoa eta Sabadell Bankoa. Erakundeak eskaintzen dituen maileguak eboluzionatu egin dira denboran zehar, enpresa-sarearen beharretara egokituz. 

Luzarok hiru finantzaketa mota eskaintzen ditu: inbertsio-maileguak, zirkulatzaile-maileguak eta finantza-kontsolidazioko maileguak, nahiz eta bere ikuspegi nagusia epe luzeko inbertsioak finantzatzea izan. “30 urte hauetan 900 milioi euro baino gehiago finantzatu ditu Luzarok, 2.000 bezero inguru eta 3.250 mailegu inguru formalizatu dira”, zehaztu du Urbizuk. 

Akordio berria EIBrekin 

Luzaroren azken mugarrietako bat EIBrekin akordio berri bat sinatzea izan da. Akordio horri esker, 100 milioi euro arte izango ditu enpresa-proiektuak finantzatzeko, eta lehen xedapena 25 milioikoa izango da. “Akordio honek, Eusko Jaurlaritzarekin, finantza-erakundeekin, Elkargirekin eta Enisarekin sinatutako hitzarmenarekin batera, euskal enpresei laguntzen jarraitzeko aukera emango digu”, nabarmendu du Urbizuk. Kalkuluen arabera, bi akordio horiekin 280 milioi euroko finantzaketa eman ahal izango diete datozen urteetan 1.000 bezero ingururi. 

Etorkizuneko erronkei dagokienez, digitalizazioak, zibersegurtasunak eta araudiaren bilakaerak markatutako ingurune gero eta zorrotzago batera egokitzearen garrantzia azpimarratu du Urbizuk. “Gure helburua hazten jarraitzea da, Luzaroko funts propioak indartzea eta kaudimen-estandarrei eustea, Euskadiko enpresa-garapena finantzatzen jarraitzeko“. Gainera, erakundeak hazteko aukera berriak aurreikusten ditu, bazkide diren erakunde berriak sartzeko aukerarekin eta BasqueFIK, finantzen euskal klusterra bezalako ekimenetan parte hartzeko aukerarekin. 

SPRI Taldeak euskal enpresentzako finantzaketa-tresnak ditu, haien susperraldia errazteko, balio erantsian zein merkatuetan egiten duten aurrerapen lehiakorra bultzatzeko, eta enpresa-proiektu berriei ekiteko. Bateratu, Gauzatu, Renove Industria 4.0 edo Renove Makineria bezalako finantzaketa programei buruzko informazioa kontsultatu.