Sei euskal enpresa izan dira aste honetan Tokioko Smart Energy Week azokan, Japoniako energia-sektorearen erreferentziazko topaketan. Misio honen helburua negozio-aukerak identifikatzea eta aliantza estrategikoak sendotzea izan da itsasoko energia eolikoaren eta hidrogenoaren gisako eremu estrategikoetan, merkatu hori lehentasunezkoa baita deskarbonizazio-plan globaletarako.
Haiekin batera izan da Basque Trade & Investment (BasqueTrade), SPRI taldean integratuta dagoen euskal enpresak nazioartekotzeko agentzia, beraiek koordinatuz konpainien agenda eta babes instituzionala Japoniako azokan.
Bertan izandako euskal ordezkaritza Hine, Kimua, Saitec, Liftra, Irizar Forge eta Erreka enpresek osatu dute. Konpainia horien parte-hartzea energia berriztagarriak Japonian hedatzen ari diren garai betean gauzatu da; izan ere, herrialde horrek itsasoko energia eolikoaren ahalmena handitzea eta hidrogenoaren erabilera intentsiboa egitea aurreikusten du, 2050erako isurien neutraltasuna lortze aldera.
Networking-guneak
Azokaren testuinguruan, Europar Batasunak Japonian duen Ordezkaritzak sektore eolikorako bereziki antolatutako networking-ekitaldi batean parte hartzeko aukera izan dute enpresek. Foro horrek Europa eta Japoniako 200 profesional, elkarte eta enpresa inguru bildu ditu, eta zuzeneko solaskidetzarako gune bat eskaini du balizko lankidetza tekniko eta komertzialak aztertzeko.
Ildo horretatik, BasqueTradek bere erakusmahaia izan du topaketan. Bertan, Euskadiko ekosistema industrialaren gaitasunak sustatu dira material tekniko espezializatuen bidez, eta lurraldea offshore energiarako konponbideen hub aurreratu gisa kokatu da.
Smart Energy Week azokan presentzia izateak indartu egiten du BasqueTradek konplexutasun erregulatzaile handiko merkatuetan (hala nola Japoniakoan) garatzen duen laguntza aktiboaren estrategia. Garatzaileekin eta sektoreko erakundeekin zuzeneko harremana izateak sarrera-hesiak arintzea eta Asia-Pazifiko eskualdean duten presentzia sendotzea ahalbidetzen die euskal enpresei; izan ere, hazkunde estrategikoko eremua da hori energia garbiei lotutako osagaiak eta zerbitzuak esportatzeko.
