Japoniako Mie prefekturako ordezkaritza instituzional batek Euskadi bisitatu du aste honetan, harreman instituzionalak sendotu eta automobilgintza, energia berriztagarriak, turismoa eta berrikuntza teknologikoa bezalako sektore estrategikoetan lankidetzarako aukerak esploratzeko asmoz.
Misio hau, Fujita Yoshimi Mie Prefekturako Asanbladako Nazioarteko Harremanen Kontseiluko kidea eta Espainiarekiko gaien arduraduna buru, SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment (BasqueTrade) euskal enpresak nazioartekotzeko agentziak bi lurraldeen arteko harremanak sendotzeko egindako lanaren ondorioa izan da. 2023an, BasqueTradek nabarmentzeko moduko jarduerak bultzatu zituen “Japonia-Euskadi Urtearen” barruan; adibidez, sektore anitzeko topaketak, Euskadik Asiako herrialde hartan duen ikusgarritasuna areagotzeko, edo Tokioko “Basque Week” delakoa, Japoniako sektore ekonomiko eta industrial nagusien ordezkariak bildu eta Euskadik Japonian duen potentziala erakusteko erakusleihotzat finkatu dena.
Mieko ordezkaritzaren agendan bisita instituzionalak, teknologikoak eta kulturalak tartekatu dira. Hartara, misioa Gasteizen hasi zen, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzarekin antolatutako bilera batekin, gobernantzako eta nazioarteko lankidetzako ereduak partekatzeko asmoz.
Ondoren, taldea Bizkaira abiatu zen, Gestampek Amorebieta-Etxanon duen I+G zentrora alegia, automobilgintza sektorerako material arinen eta fabrikazio aurreratuko prozesuen inguruko azken ikerketa-lerroak bertatik bertara ezagutzeko.
Beste topaketa nabarmenetako bat Saitec Offshore Technologies-en instalazioetara eta BIMEP saiakuntza-plataformara egindako bisita izan zen, Armintzan, energia eoliko flotagarriaren arloko soluzio teknologikoak argitzeko. Japoniak gero eta apustu sendoagoa egin du itsas-energia berriztagarrien alde eta interes bizia agertu du arlo horretan balizko lankidetza-ildo teknologikoak bultzatzeko.
Egun berean, Petronor buru duen Hidrogenoaren Euskal Korridorera egindako bisitan, hidrogenoan oinarritutako ekonomia sustatzeko abian dauden proiektuak eta administrazio, enpresa eta ikerketa-zentroen arteko lankidetza-eredua ezagutzeko aukera izan zuten.
Bisita Donostian amaitu zen, Udaletxean egindako harrera ofizialarekin eta Donostia Sustapena, Donostia Turismoa eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin antolatutako lan-bilerekin, eta horietan guztietan, esperientziak trukatu ahal izan zituzten tokiko berrikuntza, garapen turistiko jasangarria eta ostalaritza sektoreko kudeaketa sustatzeko politiken inguruan, Mieko prefekturak nazioarteko erreferentzia eta aliantza berriak lortu nahi dituen eremuetan sakonduz.
Misio hau BasqueTradek Tokion (Japoniako hiriburua) duen bulegoko eguneroko lanarekin indartzen da, izan ere, laguntza integrala ematen die bertatik euskal enpresei, Japonian hedatzeko aukera erraztearren.