Euskadiko industria normaltasunez ari da, joan den asteleheneko itzalaldi orokorraren ostean

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak astelehenean gertatu zen itzalaldi orokorrak industrian izandako eragina baloratu egin du. Euskadiko 17 industria-klusterren arabera, Euskadiko industriaren produkzio-plantek beren fabrikazio-prozesuak berrezarri ahal izan dituzte asteartean zehar ?elektrointentsiboak barne?, eta asteazken honetan normaltasunez aritzeko prest dira.

“Gure industria-sektorearen lana aitortu nahi dugu, itzalaldi orokorraren aurrean lanean aritu baita, bere burua suspertzeko, makineria birmoldatzeko eta gaur erabat martxan egoteko”, aditzera eman du Jauregi sailburuak. “Eusko Jaurlaritza elkarlanean aritu zen Red Electricarekin zein Iberdrolarekin, itzalaldiaren ondoren hornidura elektrikoa lehenbailehen berrezar zedin. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiegu Red Electricako eta Iberdrolako langileei, egindako ahaleginagatik; izan ere, langile horietako askok astelehenetik astearterako gau osoa lanean eman zuten, hornidura elektrikoa itzul zedin eta gure industriak gaur normaltasunez lanean aritu zedin”.
17 kluster industrialek Euskadiko industriaren sektore nagusiak ordezkatzen dituzte: aeronautika eta aeroespaziala, elikadura, automobilgintza, bio-osasuna, eraikuntza, energia, trenbidea, finantzak eta inbertsioak, galdaketa eta forja, habitat-zur-bulegoa-contract, itsas industria, ingurumena, papera, siderurgia, fabrikazioko teknologia aurreratuak eta makina-erreminta, EIKTak (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) eta garraioa-mugikortasuna-logistika.