Euskarazko diktaketa-sistema berria, dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteentzako lagungarri

NLP adimen artifizialeko zentroak, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako
Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Elkarteak bultzatuta, Languneren
aholkularitzarekin eta ?Euroeskualdeko hiritartasuna? deialdiko dirulaguntzari eta
SPRIren dirulaguntzari esker.

“Sistema hau oso baliagarria izango da desgaitasun motorrak dituzten haur eta
gaztetxoen ikasketa-prozesuan ?dio Igor Leturia Oraiko hizketa-teknologien
arduradunak?; izan ere, euskarazko idazlanak egin ahal izango dituzte, tekleatu
beharrik izan gabe, testua hizketa bidez diktatuta”. Dagoeneko erabat garatuta dagoen
plataformak “euskaraz esandakoa transkribatu egiten du, eta hizketa bidezko
komandoak erabiliz egin daitezke aldaketak edo zuzenketak”, azaldu du.

Hizkuntza- eta hizketa-teknologiak oso baliagarriak dira hezkuntzaren munduan ikasle
guztien inklusibitatea lortzeko bidean. Ikastetxeetako egunerokoan erabiltzen diren
sistema eragileek, ofimatika programek edo onlineko zerbitzu gehienek integratuta
dauzkate hizketaren sorkuntzako, itzulpen automatikoko eta hizketaren ezagutza
automatikoko sistemak. Baina horietako gehienak ez dira erabilgarri euskaraz, eta ez
daude haurren ahotsetarako prestatuta.

Hain zuzen ere, Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartearen, Languneren,
helburua da “hizkuntza-teknologiak bizitzako esparru guztietara zabaltzea eta
teknologiaren inklusibitatea lortzea; besteak beste, kontuan hartzen dugu behar
bereziak dituzten haurrek teknologia erabiltzeko zer zailtasun dituzten”, azaldu du
Lohitzune Txarola Languneko zuzendariak. Hortik abiatuta, Orairekin elkarlanean
ezarri ziren AskHezi proiektuaren oinarriak duela hiru urte.

Euskarazko hizketa testu bihurtzeko Oraik orain arte garatutako tresnak haurren
ahotsetara egokitzeko eta eredu neuronalak entrenatzeko, Euskal Herri osoko zenbait
ikastola eta eskola publikotako 479 ikasleren ahotsak grabatu dira: 70.000 grabaketatik
gora egin dira.

Hurrengo erronka: sistema martxan jartzea

Proiektuaren sustatzaileak pozik daude lortutako emaitzarekin: “Oso interesgarria eta
polita izan da prozesua. Hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren aplikazio oso
baliagarria da hau, dibertsitate funtzionala duten haurrei euskaraz ikas dezaten
laguntzeko tresna bat sortu baitugu”. Baina tresna erabiltzaileengana iristeko azken
urratsa falta da.

“Plataforma garatuta dago, baina ez da ordenagailuan instalatuta soilik dabilen zerbait.
Hizketa-teknologietako eta adimen artifizialeko tresna hauek sare neuronaletan
oinarritzen dira eta sare neuronal horiek ordenagailu ahaltsuak behar izaten dituzte ?
azaldu du Oraiko ikertzaileak?. Plataforma bera hainbat haur edo gaztek erabili behar
badute aldi berean, horrek azpiegitura bat eskatzen du, zerbitzariak behar dira
horretarako. Eskalagarritasuna da gure erronka handiena orain”.

Behar bereziak dituzten umeen gurasoek eskatuta jarri zen AskHezi proiektua martxan,
eta itxaropentsu daude tresna berriarekin: “Ikasketa-prozesu bat beharko dute gure
seme-alabek tresna nola erabili, komandoak ikasi eta sistema probatzeko. Baina oso
aukera ona zabaltzen zaigu euskarazko ikasketa-prozesuan aurrera egiteko”, dio
Gabriel Martiarenak (proiektuaren bultzatzaile izan den gurasoetako bat).

AskHeziren sustatzaileek (Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta
Sortzen Elkarteak) balio handia ematen diote proiektua aurrera ateratzeko izan duten
lankidetzari: “Euskal Herriko hiru lurralde administratiboetako sare publikoko eta
ikastoletako hainbat ikastetxek bultzatuta lankidetzan aritu gara behar berezi bat
daukaten haurrek euskaraz ikasteko duten eskubidea bermatzeko lanean”.

Proiektuaren sustatzaileek, halaber, garrantzi handia ematen diete euskarazko
diktaketa-sistema hau garatu ahal izateko jaso diren dirulaguntzei: Euroeskualdearen
Akitania Berria ? Euskadi ? Nafarroa programak bi urtez lagundu du proiektua, eta
Eusko Jaurlaritzak ere diruz lagundu du SPRIren Adimen Artifizial Aplikatua deialdiaren
bidez.