Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak 13,65 milioi euro bideratuko ditu aurten euskal enpresen berrikuntzara SPRI Taldeak kudeatzen dituen hiru programen bidez. Ekimen horiek Fast Track Innobideak (apiriletik zabalik dago eta 10 milioi euro biltzen ditu), Hazinnova (2,7 milioi euro biltzen ditu eta maiatzaren 6tik irekita dago) eta BDIH Konexio (950.000 euroko aurrekontua du eta hurrengo asteotan irekiko da) dira.
Fast Track Innobideak
Fast Track Innobideak programarekin lotutako eskaera-epea aurreko hilabetean ireki zen eta maiatzaren 20an itxiko da. Programak merkatuan ondasun edo zerbitzu berriak txertatu edo, lehiakorrago bihurtu ahal izateko, enpresan negozio-prozesuak hobetuko dituzten heldutasun maila handiko berrikuntzako jarduerak bultzatuko ditu. Horri esker, enpresek laguntza integrala lortuko dute, ikertzaileen kostuen finantzaketatik hasi eta enpresa adituen aholkularitzaraino, berrikuntza-prozesuaren fase guztiak arrakastaz gauzatu ahal izateko.
Laguntzak 250.000 euro artekoak izango dira proiektu bakoitzeko eta, aurtengo edizioan, finantzaketa jaso dezaketen proiektuen irismena handituko da: hala, berrikuntza-proiektutzat joko dira I+G+b arloa nazioartekotzera eta emaitzak babestera eta baloratzera bideratutako metodologia guztiak.
Fast Track Innobideak programak diruz laguntzen dituen gastuak era askotakoak dira: proiektuarekin lotutako ekipoak, tresnak eta langileen kostuak, erositako eta kanpoko iturrietatik lizentzia bidez jasotako patenteak edo beste gastu orokor batzuk (materiala, hornikuntzak eta zuzenean proiektuarekin lotutako antzeko produktuak), kanpoko aholkularitza, zerbitzu-eginkizunetan ikerketako eta ezagutzen hedapeneko erakunde edo enpresa handi batetik eratorritako kualifikazio handiko langileak bidaltzea, edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteak azpikontratatzea.
Berrikuntza bultzatzeko ekintza osagarrien kasuan, berrikuntzarekin lotutako aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuen kostuak hartuko dira kontuan.
Hazinnova
Maiatzaren 6tik zabalik dagoen Hazinnova programak aholkularitza eta laguntza eskaintzen ditu berrikuntzako mikroproiektuak ezartzeko produktuan zein negozio-prozesuan: fabrikazioa, logistika, merkaturatzea eta administrazioa eta finantzak.
Laguntzak espezietan emandako dirulaguntzak izango dira (batez besteko prezioa 3.700 eurokoa da) eta enpresa bakoitzak, gehienez, bi proiektu egin ahal izango ditu. SPRI Taldeak 500 eskaera inguru jasotzea espero du. Programa hau aurrera eramateko, Innobasqueren, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren, laguntza jaso da.
Programa honen helburua da laguntza ematea enpresei berrikuntza ez teknologikoko proiektu txikiak abiaraz ditzaten euren antolakundeetan, proiektu horien bidez euren lehiakortasuna hobetu dezaten. Hala, programak enpresa onuradunen esku jartzen du hurbileko agente bat (Hazinnova agentea), prozesu osoan lagunduko diena, eta baita ere berrikuntza arloan aditua den aholkularitza baten zerbitzuak, 50 orduko aholkularitza pertsonalizatu eta presentziala jaso dezaten.
Enpresak berrikuntza-prozesu osoan izango du laguntza espezializatu hori. Laguntza zerbitzuen bidez jakin dezake zeintzuk diren jorratu behar dituen beharrizan zehatzak, zeintzuk konponbide aproposenak eta nola jarri behar dituen praktikan. Bermatuta dago enpresak emaitza ukigarriak eskuratuko dituela proiektua abiarazi eta 3 hilabeteko epean.
Hala, enpresa onuradunek berrikuntzako mikroproiektu bat abiaraziko dute, hau da, produktuan edo negozio-prozesuan inpaktu handia sortzeko gai den berrikuntza bat.
Programa hau bereziki pentsatuta dago berrikuntza-proiektuen garapenean esperientziarik ez duten enpresei laguntzeko. Bere lehentasuna da antolakunde horiei laguntzea berrikuntzaranzko bidean urrats txikiak ematen, epe laburrean emaitza ikusgarriak sortzeko enpresarentzat karga administratiborik sortu gabe.
Hazinnova laguntzak zuzentzen zaizkie 5 langile edo gehiagoko plantillak dituzten eta Euskadin kokatuta dauden enpresei, baldin industriakoak edo industriari lotutako zerbitzuetakoak badira edo jarduera-eremutzat badituzte IKTak, handizkako merkataritza, garraioa, biltegiratzea, finantza-jarduerak edo aseguruak.
2025eko deialdian, Hazinnova programak 2,7 milioi euroko aurrekontua izango du gauzazko laguntzak esleitzeko.
BDIH Konexio
Bestalde, eskaerak jasotzeko epea irekitzeko data zehatza oraindik baieztatzeke duen BDIK Konexio programaren bidez, Euskadiko manufaktura-enpresek esperimentazioko eta testingeko azpiegiturara (BDIH) sarbidea izatea, horrekin lotzea eta ezagutzea bultzatuko du. Era hauetako teknologiatara bideratuta dago: robotika malgua, fabrikazio aditiboa, zibersegurtasuna, makina adimendunak eta konektatuak, material aurreratuak, sare elektriko digitalak, gailu medikoak eta osasun digitala eta adimen artifiziala.
Dirulaguntzak gastuen % 80 artekoak izango dira. Proiektu bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa izango da eta enpresa bakoitzak bi eskaera aurkeztu ahal izango ditu gehienez. 125 eskaera inguru jasotzea aurrez ikusi dute.