SPRIk ETEentzako BIND SME programaren deialdia ireki du uztailaren 4ra arte
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak SPRIren bitartez ireki du EAEko ETEei zuzendutako BIND SME ekimenaren bosgarren deialdia, haien negozioaren lehiakortasuna bultzatzeko, mundu osoko startup disruptiboekin lankidetzan. Izena emateko epea zabalik egongo da uztailaren 4ra arte.
Ekimen hori hobeto ezagutzeko, SPRIk online jardunaldi bat antolatu du maiatzaren 9ko 09:30ean egiteko. Ordubeteko iraupena izango du, eta ETEen eta startupen arteko lankidetza-kasu zehatzak eta horietan lortutako onurak azalduko dituzte bertan.
Ekimen horri esker, hautatutako ETEek eskura izango dituzte startupek eskainitako talentua eta teknologia berritzaile eta disruptiboak, eta, hartara, beren beharren neurriko soluzioak aurkitzeko aukera izango dute.
Deialdi horretako ETEak hautatu ondoren, urrian startupei zuzendutako deialdia irekiko da, ETEek planteatutako beharretarako proposamenak aurkezteko aukera izan dezaten. Lankidetzak 2026ko otsailean garatzen hastea da helburua.
Aurreko lau edizioetan, Eusko Jaurlaritzak bidea eman die EAEko 80 ETEri 40 startup baino gehiagorekin lankidetzan jarduteko, eta, besteak beste, elikadura, eraikuntza, energia, ekipamendua, jasangarritasuna eta ingurumena bezalako sektoreetan neurriko negozioak abian jartzeko.
BIND SME ekimenaren 5. edizioaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak EAEko ETEen lehiakortasuna bultzatuko du, startup disruptiboekin konektatuz. Izan ere, haiekin batera proiektuak garatu ahal izango dituzte esparru hauetan:
- Enpresan adimen artifiziala integratzea
- Zibersegurtasuna
- Ingurumen-jasangarritasuna
- Smart Factory
- Berrikuntza eta produktu-garapena
- Prozesu eta eragiketen optimizazioa
- Balio-katea