Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 16an irekiko ditu SPRIren bidez Ekintzaile eta Barnekintzaile programetarako eskaera-epeak. Programa horien helburua da izaera berritzailea edo oinarri teknologikoa duten enpresa edo industria arloko proiektu berriak edo horiei lotutako zerbitzuak eta euskal enpresen artean barne-ekintzailetzako jarduera bultzatzea. Bi programen aurrekontua 2,5 milioi eurokoa da guztira, eta hiru lurralde historikoetako BICen tutoretza dute.
Aste batzuk geroago, milioi bat euro gehituko dira talentu ekintzailea duten taldeak Ekintzaile + programaren bidez enpresaren garapen arloetan prestatzeko aukera emango duten pertsonak gehitzeko aukera finantzatzeko.
Ekintzaile eta Barnekintzaile
Ekintzaile programaren kasuan (1,7 milioi euro biltzen ditu), ideia lantzeko eta Enpresa Plana prestatzeko (martxan jarri arte) laguntza da.
Ekintzailek laguntza integrala, malgua eta beren beharren neurrikoa eskaintzen die eskatzaileei, beren ideiaren bideragarritasuna baliozta dezaten, proiektua abian jar dezaten eta merkatuan arrakastaz hazi dadin eta, era berean, proiektuak sendotzeko behar duen hasierako finantzaketa eta, bereziki, epe luzera begirako finantzaketa eskura dezan.
BICek (Business Innovation Center) egingo dute proiektu bakoitzaren tutoretza-lana. Aldi berean, gainera, startup berritzaile berri bat edo oinarri teknologikoa duena sortzeko prozesuan bideratzaileak izango dira (startup horiek, lehentasunez, izaera industrialekoak edo horri lotutako zerbitzuetakoak izan beharko dute). Hala, BICak dira ekintzailetzaren euskal ekosistemara sartzeko atea eta, gainera, lurralde bakoitzeko enpresa-egiturarekiko elkarrekintza dinamizatzen dute.
Bestalde, Barnekintzaile programako 800.000 euroko zenbatekoa negozio berriak garatzeko eta aukera berrietatik sortutako jarduera, produktu eta zerbitzu berrietarako dibertsifikazioan enpresei laguntza ematera bideratuko da
Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk zuzendutako Barne Ekintzailetzari Laguntzeko Egitasmoa ekintzailetza-ekosistemara eta enpresetara bideratuta dago BICen bidez. Horren helburua da jarduera ekonomiko berria, negozio-lerro berriak eta/edo enpresa berriak sortzen lagunduko duten dibertsifikazio-prozesuetan proiektu berritzaileak edo teknologikoak babestea.