Hidrogenoak erregai fosilen ordezko izateko potentziala du, energia-dentsitate handia eta iturri berriztagarrietatik sortzeko aukera baitu. Baina, erabat aprobetxatu ahal izateko, teknologia seguruak eta eraginkorrak garatu behar dira ekoizteko, biltegiratzeko eta erabiltzeko. Era berean, hornidura-azpiegitura irisgarria eta ekonomikoki bideragarria ezarri behar da.
Marko horretan, HIMUGI proiektua sortu zen, hidrogenoaren propultsio-sistema bat lortzeko helburuarekin, mugikortasunean eta garraioan aplikazioak izango dituena, eraginkorragoa, iraunkorragoa eta seguruagoa. Argolabe da buru, material konplexuen kalkuluan eta dimentsionamenduan aditua den Durangoko enpresa, eta SPRIren dirulaguntza jaso du I+Grako laguntzen Hazitek programaren bidez.
HIMUGIk hidrogenoarekin lotutako ikerketan eta teknologian aurrera egin nahi du eta hidrogenoaren erabileraren bideragarritasuna frogatu. Lehenengo xedea hidrogeno jasangarriagoko depositu zilindrikoak (IV. motako tankeak tutu erako konfigurazioetan) diseinatzea eta fabrikatzea da. Hori lortzeko, material bio-oinarritu berriak aztertu nahi ditu, ingurumen-aztarna murrizteko, errendimendua arriskuan jarri gabe.
Bestalde, metalezko osagai kritikoei buruzko ikerketan aitzina joan nahi du. Zenbait erronkari aurre egin nahi die, hala nola hidrogeno bidezko hauskortasunari eta fabrikazio gehigarriko tekniken optimizazioari, geometria konplexuen osagaiak kontrol termikoarekin eta ihesekin ekoizteko.
Azken fokua segurtasun integralean dago. Metodologia aurreratuak eta tresna digitalak inplementatu nahi ditu, hainbat erabilera-agertoki simulatzeko eta balizko arriskuak aurreikusteko. Puntu beroak kontrolatu eta sentsorizatu nahi ditu, eragiketa seguruagoa eta fidagarriagoa bermatzeko.
HIMUGI proiektuak hiru urteko iraupena izango du, 2026an amaitzea aurreikusten da, eta euskal enpresen arteko lankidetzaren adibide bikaina da. Argolabe da buru, Mariskone, Industrias Plásticos Castro, ULMA, Optimus3D, Tamoin, Trafag, Fidegas, Team Ingeniería eta IK Ingeniería ditu bazkide, eta CAF, CEIT, CIDETEC, Tecnalia eta Euskadiko Energia Klusterra ditu laguntzaile.
SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.
SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.