Javier Zarraonandia Industria Sailburuordeak euskal enpresa eta industria sarearen gaitasunak aurkeztu ditu Oil&Gas sektoreko Maire Tecnimont industria-talde italiarrak Milanen dituen instalazioetan, Spri Taldeak Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bitartez antolatutako bisitaren barruan. Bileran, Energia Klusterrak eta Fluidexek ezagutzera eman dituzte euskal enpresek sektore honetan dituzten gaitasunak.
Sektorearen interesak eta euskal enpresek balia ditzaketen negozio-aukerak bertatik bertara ezagutzea da, 45 herrialdetan ia 9.300 langile dituen multinazional italiarrerako bisitaren helburua. Bileran izan dira Paolo Mondo, multinazionaleko presidenteordea; Renato Di Loreto, erosketa-arduraduna, eta erosketa saileko sei zuzendari sektorialak.
Zarraonandiak berariaz nabarmendu du gure herriko enpresa sare garrantzitsua, balio erantsi handiko produktuak eta zerbitzuak hornitzeko gaitasuna duena, eta nazioarteko merkatuetan eta aliatuetan duen lekua zabaltzeko asmotan dabilena.
Maire Tecnimont konpoainiak 3.647 milioiko fakturazioa egin zuen 2018an eta 6.600 milioi euro inguruko eskari-zorroa du. Ildo horretan, bilerak sekulako aukera ekarri die euskal enpresei, proiektu globaletan parte hartuz negozio-aukera berriak egiteko aukera ireki dielarik.
Multinazionalak 3.000 milioi euro inguruko balioa duten proiektuen esleipena lortu zuen iaz eta industria petrokimikoa, ongarriak, findegiak, elektrizitatea eta energia berriztagarriak dira bere jarduerako negozio-unitate nagusiak. Haren esku daude dentsitate baxuko polietileno-lantegien instalazioaren nazioarteko merkatuaren erdia eta ongarrien sektoreko urea-lantegietarako teknologia-emakiden % 54, hidrogenoaren arloko eta sulfuroa berreskuratzeko 250 proiektu baino gehiago bideratu ditu, eta egun ia milioi erdi familiaren behar energetikoak estaliko dituen Mexikoko parke eolikorik handienaren eraikuntzan murgilduta dago.