Euskararen aldeko lasterketa tradizionalak Euskadiko mugak zeharkatuko ditu bere 24. edizioan, SPRI taldearen inplikazioari esker. Basque Trade & Investment (BasqueTrade) agentziaren kanpo-sareko zazpi egoitzaren bitartez, ekimena munduko hainbat txokotara zabalduko da aste honetan. Agenda horren barruan sartzen dira tokiko ibilbideak antolatzea eta manifestu ofizialak agentziak presentzia duen herrialdeetako hizkuntzetara itzultzea.
Kanpo-sarearen jarduera hau ostiral honetan, martxoaren 20an, hasiko da Txekiar Errepublikako bulegoan, Korrika hasi eta bigarren egunean. Pragan, ordezkaritzak tokiko unibertsitateko ikasleekin batera ospatuko du lasterketa. Hurrengo egunean, martxoaren 21ean, Ameriketako Estatu Batuetako bulegoak Washington DCko ibilbidean parte hartuko du, bertako goizeko 11:00etan; martxoaren 22an, berriz, jarduera Sao Paulora lekualdatuko da. Brasilgo hiri horretan, goizeko 10:30ean (14:30ean Euskadin) egingo da topaketa, eta manifestuaren irakurketa ere barne hartuko du.
Nazioarteko ibilbidea Europara itzuliko da martxoaren 23an, Varsoviara hain zuzen. Poloniako bulegoak Varsoviako Unibertsitatearen inguruan antolatuko du ekitaldia, tokiko ikasleen eta Erasmuseko ikasle euskaldunen presentziarekin. Martxoaren 24an, Indiako bulegoak Mumbaiko Juhu hondartzara eramango du ekimena; bertan, goizeko 7:30ean egingo da lasterketa.
Agendaren azken txanpan, Korrika Hego Koreara iritsiko da martxoaren 27an. Ospakizuna Seulgo Gwanghwamun plazan egingo da, Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko ikasleen parte-hartzearekin. Azkenik, martxoaren 28an, Sydneyko bulegoak amaiera emango dio BasqueTraderen kanpo-sarearen parte-hartzeari, Australiako lasterketan esku hartuz.