Lancor, altxatzeko motor elektrikoen fabrikazioan Europako liderra

Lancor Abanto-Zierbenan (Bizkaia) kokatuta dagoen enpresa da eta altxatze-lanetarako motor elektrikoak fabrikatzen Europako liderra da. Urtean 60.000 motor inguru produzitzen ditu eta, gaur egun, zuzeneko esportazioak egiteko aukera emango dien produktu propioak merkaturatzeko lanean buru-belarri ari da. Enpresak Eusko Jaurlaritzaren 2024ko Gaitasun Digital Profesionalen programako laguntza jaso du. Programa horrek, euskal enpresek dituzten erronka digitalen aurrean, pertsonen gaikuntza eta prestakuntza bultzatzen du gai horren inguruko egitura ekonomikoa sortuta, eta programa, SPRIk antolatzen du.

Enpresa 1943an sortu zen Bilbon, Zorrotzaurre auzoan, Talleres Elorriaga izenarekin eta altxatze sektorerako motor elektrikoak fabrikatzen zituen. Orain 25 urte, Abanto-Zierbenako (Bizkaia) El Campillo industrialdean kokatu zen.

Izena aldatu eta Lancor 2000 bihurtu ondoren, bere historiako mugarri garrantzitsuenetako bat 2000ko hamarkadaren hasieran lortu zuen, NER taldearen sorreran parte hartuta. “NERen integratuta egoteak beste enpresa batzuetatik desberdintzen gaitu; izan ere, ez dago hierarkiarik, eta autokudeaketa lehenesten dugu, pertsonak ahaldunduz eta kudeaketari dagokionez gardentasun osoz jokatuz”, esan du Yunior Lobok, IT taldearen arduradunak. Bertan, Informazio Sistemen lantaldearekin batera lan egiten du Leire Bardisa, Jose Luis Femia, Daniel Sánchez, Jesus Arranz eta Iñaki Bujedo lankideekin.

Konpainiak altxatze-lanen sektorean jarraitzen du lanean eta “sektoreko bost multinazional nagusietako hirurekin egiten dugu lan, hala nola Orona, TKE eta Schindlerrekin”.

Igogailuetarako motor elektrikoez gain, energia mini eolikoko turbinetarako sorgailuak eta neurrira egindako diseinuetarako beste motor batzuk ere eskaintzen dituzte, hala nola mugikortasunaren eta aeronautikaren sektoreetarako neurrira egindako gailuak edo ateak. “Motor elektriko batek esku hartzen duen edozein sektorerentzat egiten dugu lan”. Honako hauek dira sektore nagusiak: altxatze sektorea, aeronautika eta mugikortasuna.

Lancorrek, urtero, 57.000 motor elektriko inguru fabrikatzen ditu Abantoko lantegian. “Eta I+G arloko bulegoa ireki dugu Abantoko parke teknologikoan sektore berrietan, energiaren sektorean kasu, proiektu berriak sortzeko asmoz”.

115 langile ditu, eta fakturazioa 30 milioi eurotik gorakoa da.  I+G funtsezkoa da negozioan, eta urtero 1,5 eta 3 milioi euro artean bideratzen dituzte pixkanaka. “Azken bi urteotan, lantegia robotizatu eta 4 milioi euro inguru inbertitu ditugu digitalizazioan. Zentro teknologikoekin lan handia egiten dugu: CEITekin edo Mondragon Unibertsitatearekin, besteak beste”.

SPRI Taldearen 2024ko Gaitasun Digital Profesionalen programaren laguntza eraldaketa digitaleko planean jasotako ekintzekin lotuta dago. “Gure neurrira prestatutako diagnostikoa eta diseinua egin genituen. Adimen artifizialari, business inteligenceari, zibersegurtasunari, prozesuen automatizazioari eta cloud tresnei buruzko gaiak kontuan hartuta bideratu genuen”.

Orain Lancorrek aurrean dituen erronkak honako hauek dira: negozioa sektore berrietara dibertsifikatzea, “lantegia are gehiago digitalizatzea robotak erosita eta teknologia gehiago aplikatzea biltegiko eremuetan ere”, eta eraldaketa digitaleko plana gauzatzea, “negozio-eredu eta zerbitzu berriak sortuz saldu ondoren eraginkorragoa eta logistika eraginkorragoa izateko eta merkatu berrietan sartzeko”.

Gainera, beren produktu propioak merkaturatu nahi dituzte, hala nola SILA izenekoa, “teknologia-diseinurako eta -garapenerako gaitasunik ez duten fabrikatzaile txiki eta ertainei zuzendutako motor elektrikoa. Horren bidez, Lancor prozesua garatu ahal izateko bazkide gisa ikus dezaten. Horrek, gainera, esportazioei zuzenean ekiteko eta negozio-zorroa handitzeko balioko liguke”.

Lancor, gainera, “uhalak dituzten” motorren garapenean murgilduta dago. “Hain zuzen ere, motorrei erabilera-aniztasuna emango dien teknologia berria da hori”.

SPRI Taldeak bere kanaletan euskal enpresei beren jardueraren berri emateko aukera eskaintzen die. Zure proiektua gure gaiekin (I+G+b arloa, digitalizazioa, nazioartekotzea, ekintzailetza, berrikuntza…) lotuta badago, Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.