Merkataritza globalak muga-zergen eraginpean helduko dio 2025eko bigarren seihilekoari

Euskal enpresentzako kanpo-merkataritzaren txostena

Euskal enpresek eskuragarri dute dagoeneko SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment (BasqueTrade) euskal enpresak nazioartekotzeko agentziak landutako Nazioarteko Merkataritzaren Behatokiaren azken edizioa. Dokumentuak ekonomia globalaren eta eskualde mailako ekonomiaren bilakaerari buruzko ikuspegi estrategikoa eskaintzen du, lurraldeko enpresek nazioarteko merkatuaren norabidea aurreikusi eta nazioartekotzeko erabakiak oinarritzeko aukera izan dezaten.

Dokumentuan adierazi duenez, muga-zergen egoerak baldintzatuko du 2025eko merkataritza globalaren hazkundea. Estatu Batuek % 10eko muga-zerga globala ezarri dute, eta % 25ekoa altzairu, aluminio eta automobilen kasuan. Gainera, Txinari, Estatu Batuek % 145eko muga-zerga ezarri dio, eta Asiako herrialdeak % 125ekoa Estatu Batuetako produktuei. Bestalde, Europar Batasunarekiko (% 20), Japoniarekiko (% 24) zein Indiarekiko (% 25) muga-zergak etenda daude uztailera arte.

Ildo horretan, nazioarteko itsas-garraioaren adierazle nagusietakotzat jotzen den Baltic Dry Exchange Index delakoak pandemiaren aurreko mailetara egin du atzera. Edukiontzien prezioak % 51 jaitsi dira 2025. urtearen hasieraz geroztik, batez ere Txina eta AEBen arteko itsas-bideetan, itsas-garraioan dagoen eskari txikiagoaren eta 2024aren amaieran izandako gainhornikuntzaren eraginez.

Euskadiko egoera

Euskadin, esportazioak % 5,1 jaitsi ziren 2024an, eta urtearen hasieraz geroztik beherakada % 1ekoa izan da, otsailean izandako % 2,4ko hazkunde puntualarekin. Hala ere, Behatokiak adierazi duenez, iaz inportazioak % 0,9 hazi ziren iaz eta % 3ko igoerarekin ekin diotela 2025ari, Afrikan (% 37) zein Latinoamerikan (% 34) izandako hazkundeak nabarmendu direlarik.

AEBk ezarritako arantzel berriak direla eta, euskal enpresei arreta goiztiarra emateko zerbitzua. AEBko arantzelen politika berriari buruz dituzun zalantzei erantzungo diegu.

Merkataritza-politikaren esparruan, txostenak berariaz azpimarratu du Europar Batasunak Mercosurrekiko akordioaren berrespena bizkortu izana, 2025. urtearen erdialderako aurreikusita baitago, Frantziaren oposizioa gainditu ondoren. Gainera, balizko merkataritza-akordio bat aipatu da Txinarekin, ibilgailu elektrikoetarako gutxieneko prezioak ezartzea barne hartuta.

Txostenaren arabera, 2025eko bigarren erdialdean nazioarteko merkataritzaren bilakaera potentzia nagusien arteko akordioak lortzearen araberakoa izango da, baldin eta muga-zergen tentsioek jarraitzen ez badute.

 

Lotutako beste txosten batzuk: