Turkia

Euskadik Turkiarekin dituen merkataritza-harremanak nabarmen gora egiten ari dira azken urteotan, herrialdea Europar Batasunari ondasunak eta ekipamenduak hornitzeko funtsezko merkatu gisa kokatu den heinean. Gero eta profil tekniko sofistikatuagoak dituen biztanleria izanik, Turkia herrialde garrantzitsua da Euskadirentzat automobilgintzaren, makina-erremintaren eta siderurgiaren sektoreetan, eta energia berriztagarrien sektorean dituen planek ere interesa sortzen dute. Hori dela eta, herrialde horrekiko harreman instituzionalak eta komertzialak nabarmen hazi dira azken urteotan, batez ere Basque Trade & Investment bulego berri bat ireki delako.

Asiarako Euskadiren sarbidea

Turkia merkatu on gisa hartzen da haren merkatuaren tamaina, egonkortasun politikoa eta industriaren sofistikazioa dela eta; hain zuzen ere, Europako araudiekin bat etortzeaz baliatu baita. Gobernuak jabetza intelektualaren legeak hobetzeko interesa agertu du, eta horren ostean, espero da atzerriko inbertsioa nabarmen handitzea herrialdean. Turkia aktore politiko garrantzitsu, NATOren kide nabarmen eta Ekialde Ertaineko herrialdeekiko harremanetan gako moduan kokatu da. Merkataritza-arloan, bere posizio geoestrategikoaz baliatzen ari da antzinako errepublika sobietarretara, Erdialdeko Asiara eta Afrika iparraldera sarbide izateko. Espero da gobernuaren neurri berriek lira egonkortuko dutela, hori izan baitu ahulgunea azken hamarkadan.

Bere hazkunde ekonomikoa apaldu egingo bada ere, Turkia ELGAren batez bestekoaren oso gainetik dago, eta BPG % 5,1 haztea aurreikusten da. Barne-kontsumoaren gorakada mantendu egingo da pentsioen eta soldataren igoera dela eta, baina jaitsi egingo da apur bat zergak eta interes-tasak igoko direlako.

2025ean hazkunde arin bat aurreikusten da, inflazioa jaitsi eta interes-tasa nominalak jaitsi ahala. Halaber, 2026-29 denboraldian hazkundea sendotu egingo dela pentsatzen da, munduko aurreikuspenen susperraldiarekin bat. Herrialdearen arrisku nagusiak AEBrekin eta EBrekin egun duen harremana aldatzea eta lurraldean gorabehera geopolitiko berriak izatea dira.

Turkiako ekonomiaren dibertsifikazioa helburu estrategikoa izan da azken hamarkadetan, nekazaritza edo ehungintza moduko sektore tradizionalekiko mendekotasuna murrizteko nahiak eraginda. Turkiak sektore konplexuagoen garapenera bideratu ditu politikak, automobilgintza, elektronika eta teknologia, esaterako; berrikuntza eta azpiegituren inbertsioari begirako ikuspegiarekin. Bestalde, atzerriko zuzeneko inbertsioa sustatu du, eta nazioarteko merkataritza-sarea hobetu du, Europa eta Asia arteko kokapen estrategikoa baliatuta. Hala ere, herrialdeak erronkak ditu, esaterako: lira turkiarraren aldakortasuna eta erakunde ekonomikoak indartzeko beharra hazkunde jarraitua eta dibertsifikatua bermatzeko epe luzera. Turkia epe luzera etorkizun handiko ekonomia gisa kokatzen da bere posizio geografikoa, sektore-pluraltasuna eta biztanleriaren hazkunde egonkorra dela eta. Hazkunde hori administrazio publikoa hobetzeko promesean oinarrituko da, inbertitzaileentzat gero eta atseginagoa izango baita.

Turkiako kanpo-sektorea nabarmen hazi da, eta bere ekonomiarako pieza gako gisa finkatu da. Kokapen estrategikoari esker, Turkiak sendotu egin du Europa, Asia eta Ekialde Ertainaren arteko merkataritza-lotura izateko eginkizuna; eta esportazioak handitu ditu zenbait sektoretan: automobilgintza, ehungintza, produktu elektroniko eta elikagai prozesatuetan, besteak beste. Hala ere, herrialdeak erronkei aurre egin behar die merkataritza-balantzan, energia eta teknologia aurreratuaren inportazioak merkataritza-defizit iraunkorra sortzen baitu. Turkia bere merkataritza-kideak dibertsifikatzen saiatu da, eta merkataritza libreko itunak sinatu ditu, Europar Batasunarekin batez ere; baina oraindik dibisaren gorabeheren eta eskualdeko gatazken aurrean bere zaurgarritasuna murriztea erronka du.

Turkiako merkatua dinamikoa eta askotarikoa da, biztanleria gazteak bultzatuta; izan ere, gero eta handiagoa da biztanleria, eta ondasun eta zerbitzu ugari eskatzen ditu. Kokapen geografiko estrategikoa du, eta herrialdea gune erakargarri bihurtu da atzerriko inbertsioarentzat, bereziki manufaktura, teknologia, turismoa eta eraikuntzaren sektoreetan. Turkiak barne-merkatu indartsua badu ere, turkiar liraren gorabeherek eta inflazioak erosahalmenari eta merkatuaren egonkortasunari eragin diote azken urteetan. Erronka horiek gorabehera, gobernuaren egokitzeko gaitasunak eta egiturazko erreformetarako ikuspegiak Turkiako merkatuaren erakargarritasunari eutsi diote, eta aukerak eskaintzen jarraitzen du Europa, Asia eta Ekialde Ertainaren arteko zubi-kokapena baliatu nahi duten tokiko eta atzerriko enpresentzat. Erdoğanek 2023ko hauteskunde-kanpainan sustatutako zerga-pizgarriek booma eragin dute automobilgintzaren industrian; 2024an ere jarraitu du oraindik boom horrek.

Turkiak hainbat pizgarri eskaintzen dizkio atzerriko inbertsioari, bereziki ekoizpenaren eta finantzen sektorean. Turkia ia murrizketarik gabeko merkatua da, eta askotariko ekonomia du. Horrek inbertitzaileentzako interes handiko merkatu egiten du. Turkiako banku-sektorea handia, egonkorra eta errentagarria da, baita burtsa-merkatua ere. Inflazioa dela eta, gobernuak zerga-presioa igo behar izan du, eta horrek apur bat txikitu du merkatuaren erakargarritasuna. Horrez gain, burokrazia ez da eraginkorra, eta lege-sistema ez da trinkoa.

Turkiako Estatuak merkatuan izandako esku-hartze publikoa nabarmena izan da, batik bat krisi ekonomikoaren edo monetaren aldakortasunaren garaietan. Turkiako gobernuak zerga eta moneta-politikak ezarri ditu hazkundea suspertzeko, inflazioa kontrolatzeko eta lira egonkortzeko, baita sektore estrategikoak laguntzeko ere, inbertsiorako dirulaguntza edo pizgarrien bidez. Azken urteetan, Turkiako Banku Zentralak interes-tasei eragiteko eta inflazioa kontrolatzeko esku hartu du, baina haren erabakiek eztabaida sortu dute politikek izan duten eragin politikoa dela eta. Bestalde, Estatuak azpiegitura eta garapen industrialeko programak sustatu ditu barne-ekonomia indartzeko eta inportazioekiko mendekotasuna murrizteko. Hala ere, esku-hartze horiek kezkak sortu dituzte epe luzeko jasangarritasunari dagokionez eta estatuaren erregulazioaren eta merkatu librearen arteko orekari dagokionez.

Turkiaren merkataritzako irekiera alderdi gakoa izan da hazkunde ekonomikoan azken urteetan. Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) kide gisa, eta 1996tik Europar Batasunarekiko aduana-batasunari esker, Turkiak nazioarteko merkataritza liberalizatzeko eta atzerriko inbertsioa erakartzeko politikak hartu ditu. Herrialdeak merkataritza libreko itun ugari sinatu ditu hainbat nazio eta bloke ekonomikorekin; eta horrek ondasun eta zerbitzuen fluxua erraztu du, eta herrialdearen esportazio-merkatuak zabaldu ditu. Turkiak esportazioak dibertsifikatu ditu, eta automobilgintzaren, ehungintzaren, produktu elektronikoen eta elikagai prozesatuen sektoreak nabarmentzen dira, besteak beste. Edonola ere, herrialdeak energia eta teknologia aurreratuaren inportazioekiko mendekotasunak eragindako merkataritza-defizitari lotutako erronkei aurre egin behar die. Desoreka horiek arintzeko, Turkiak merkataritza libreko itunak sinatu ditu, eta hainbat eskualderekin merkataritza-harremanak indartzen saiatu da. Horrela, Europa, Asia eta Ekialde Ertainaren arteko zubi estrategiko gisa finkatu da.

Turkiak munduko muga-zerga tasarik txikienetakoa du, batez ere merkataritza libreko hainbat itun dituelako. Muga-zergak nabarmen handitzen dira itun horietan barne ez dauden herrialdeetan. Bestalde, Turkiak estrategiko deritzen industriak babesteko muga-zergak handitzeko aukera du, nekazaritza edo ekoizpen-sektoreak, esaterako. Gainera, zenbait sektorek muga-zergez haragoko oztopoak dituzte, eta zailak dira kudeatzen.

Inbertitzaileentzako eta enpresentzako lege-segurtasuna denboran zehar bilakaera izan duen funtsezko alderdia da, eta herrialdeak atzerriko inbertsioa erakartzeko eta helmuga fidagarri gisa ezartzeko duen interesak bultzatu du. Turkiak lege-erreformak egin ditu, eta araudia berritu du jabetza-eskubideak babesteko eta legezko bermeak eskaintzeko inbertitzaileei, bereziki Europar Batasunera batzeko hautagaitzaz geroztik. Hala ere, inbertitzaile batzuek kezka agertzen dute botere judizialaren independentzia eta erabakiak hartzeko gardentasuna dela eta; eta horiek egonkortasuna hautemateko moduari eragin diezaiokete. Erronka horiek gorabehera, Turkiako gobernuak inbertsioa sustatzen jarraitzen du pizgarri eta inbertitzaileentzako babes-programen bidez. Halaber, lege eta administrazio-baldintzak hobetzeko lanean jarraitzen du negozioetarako inguru aurreikusgarri eta fidagarriago bat bermatzeko.

Ecem Toprakseven Gülfidan

Turkiako Basque Trade & Investmenteko zuzendaria

BASQUE TRADE & INVESTMENT TÜRKIYE

Esentepe Mahallesi, Nidakule Levent Harman 1 Sk. No:7 K:6, 34394 Şişli/ İstanbul

* Ordutegia:

Astelehenetik ostegunera 07:30etik 16:00etara
Ostirala 08:00etatik 13:00etara

Nola lagun diezazukegu?

Basque Trade & Investmenten zure nazioartekotze-prozesuan lagunduko dizugu, zerbitzu pertsonalizatuak behar badituzu edo zure enpresa atzerrira zabaltzeko informazioa nahi baduzu.
JARRI GUREKIN HARREMANETAN