Txekiar Errepublika eta Eslovakia

Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Euskadiren arteko enpresa-harremana automobilgintza, manufaktura aurreratua, teknologia eta energia moduko sektore gakoetan oinarritzen da. Lurralde horiek industrializazio-maila handia dute, eta merkataritza-loturak eta lankidetza estrategikoak partekatzen dituzte, bereziki berrikuntza teknologikoan eta energia berriztagarrietan. Euskadiko enpresak presentzia historikoa du Txekiar Errepublikan eta Eslovakian, eta horrek bide eman die elkarrekiko merkataritza-harreman ugariri eta industria-digitalizazioaren eta 4.0 Industriaren arloko gero eta lankidetza gehiagori. Merkataritza-trukea eta industria-proiektuen garapen bateratua errazten duten Europako ekimenek bultzatu dituzte horiek.

Euskadiko enpresen presentzia trinkoa duten bi herrialde

Txekiar Errepublikak eta Eslovakiak, Europar Batasuneko eta NATOko kideak biak, ibilbide antzekoa jarraitu dute 1993an banandu zirenetik; baina zenbait desberdintasun gako daude duten eragin globalari dagokionez. Txekiar Errepublikak eginkizun aktiboa du EBko politikan, eta energia-segurtasun politikak eta blokearen mugak indartzearen alde egin du. Bestalde, eragin politiko global mugatuagoa badu ere, Eslovakia NATOren aliatu sendoa da, eta Europa erdialdeko aktore garrantzitsua.

Txekiar Errepublika merkatu erakargarria da inbertitzaileentzat dituen esportazio-politikengatik, industria-sektore helduagatik eta Europa ekialde zein mendebaldeko merkatuetara duen sarbideagatik. Aldiz, Eslovakiaren erakargarritasuna automobilgintzaren eta industria-sektoreetan oinarritzen da batik bat.

Txekiar Errepublikak ekonomia dibertsifikatua eta sendoa du, esportatzailea funtsean; eta automobilgintzaren, teknologiaren eta manufaktura aurreratuaren sektoreetan nabarmentzen da. Horrek munduko hornikuntza-kateetara ondo integratzea ahalbidetu du. Eslovakiak, berriz, hazkunde ekonomiko handia izan du, bereziki automobilgintzaren sektorean; eta per capita automobil gehien ekoizten dituen herrialdeetako bat da Europan. Esportazioekiko duen mendekotasuna Txekiar Errepublikarena baino are handiagoa da.

Txekiar Errepublikak BPGren hazkunde neurritsua izatea espero da, inflazioa jaisteak eta Europako kontsumo-eskaria apur bat igotzeak lagunduta. 2025-2028 denboraldian kanpo-merkatuen eskaria hazi egingo dela espero da, eta eragina izango duela Txekiar Errepublikako BPGan. Eslovakiako BPGa ere hazi egingo da apur bat kanpo-eskariaren susperraldiari esker. Automobilgintzaren industriak hazten jarraituko du, eta espero da BPGren igoerak denboran eustea.

Txekiar Errepublikako eta Eslovakiako kanpo-sektorea erabat integratuta dago Europako ekonomian; eta esportaziora bideratuta daude bereziki, Europar Batasunaren barruan batez ere; hura da haien merkataritza-kide nagusia.

Txekiako ekonomia automobilen, makineriaren, produktu elektronikoen eta tresna industrialen esportazioak sustatzen du hain handi batean. Alemania da merkataritza-kide nagusia, inportazio zein esportazioetan, eta EBn ditu merkataritza-kide nagusiak. Herrialdea merkataritza-kideak dibertsifikatzen saiatu da azken urteetan, eta lotura berriak indartu ditu EBtik kanpoko ekonomia berriekin. 2024an merkataritza-defizit txikia aurreikusten da, baina 2025-28 denboraldian superabit arin bihurtuko da, kanpo-eskaria espero bezala handitzen bada.

Bestetik, Eslovakiak profil esportatzaile bera du, eta automobilgintzaren ekoizpenean du bereziki indarra. Hori horrela, munduan per capitako automobil gehien ekoizten dituen herrialdeetako bat da, eta Alemania du merkataritza-kiderik handiena. Automobilez gain, produktu elektronikoak eta makineria esportatzen ditu. Txekiar Errepublikaren antzera, Eslovakia ere esportazio-oinarria nazioarteko beste merkatu batzuetara dibertsifikatzen saiatu da, EBk merkataritza-helmuga nagusia izaten jarraitzen badu ere. Eslovakiak merkataritza-superabit arina du, eta 2025-28 denboraldian eutsi egingo diola uste da.

Bi herrialdeak nazioarteko merkataritzaren mende daude neurri handi batean, eta ondorioz, Europako gorabehera ekonomikoek eragin zuzena dute haien ekonomietan.

Txekiar Errepublikako eta Eslovakiako merkatuak Europar Batasunean integratuta daude, merkatu-ekonomia irekia dute eta manufaktura-industriarekiko mendekotasun handia dute, automobilgintzarena bereziki.

Txekiar merkatua Erdialdeko Europako garatuenetakoa da, eta etengabe hazi da EBn integratu zenetik. Sektore ekonomiko oso sendoak ditu automobilgintzaren industrian, Škoda moduko fabrikatzaileekin, makineriaren ekoizpenean, elektronika eta industria-tresnetan; eta teknologiaren sektorea azkar hazi da startupen eta IT enpresen gorakada dela eta.

Eslovakiar merkatuak ere hazkunde sendoa izan du 2004an EBn sartu zenetik; Txekiar Errepublikako sektore antzekoetan, baina automobilgintza-sektorearekiko mendekotasun handiagoa du: Volkswagen, Kia, Jaguar, Land Rover eta PSA Peugoten lantegiak ditu. Halaber, makineriaren eta produktu elektroniko eta kimikoen ekoizle garrantzitsua da; eta ardatz energetikoan energia nuklearraren mende dago.

Biak dira merkatu erakargarriak: aukera onak eskaintzen dizkiote atzerriko inbertsioari duten egonkortasunagatik, eskulan kualifikatua dute eta kokapen estrategikoa dute Europa erdialdean.

Txekiar Errepublikak ekonomia dibertsifikatua du, eta araudi trinkoa du atzerriko enpresentzat. Era berean, merkataritza-lotura zabalak ditu Europako merkataritza-kide nagusiekin, EBko kidetzari esker. Herrialdeko finantza-sektorea heldua da, eta lotura bikainak ditu nazioarteko finantza-sareekin. Halaber, finantza-produktuen sorta zabala du enpresen eskura, txiki zein ertainak barne, eta horrek inbertsiorako erakargarritasuna handitzen du. Esportazioekiko mendekotasun handiak, EBra egindakoak bereziki, zaurgarri egiten du kanpoko krisi ekonomikoen aurrean.

Txekiar ekonomian Estatuaren zeregina arautzailea da nagusiki, eta Europar Batasunaren esparruan merkatu-ekonomiari sendo eta lehiakor eustera bideratuta dago. Gobernuak sektore estrategikoetan esku hartzen du, energia eta garraioa, adibidez, baina industria gehienak pribatuak dira. Txekiar Errepublikak ez du zerga-sistema oso lehiakorra, EBko gainerakoen aldean. Gainera, zergen erregistro eta ordainketa-prozesua luzea eta konplexua da. Zerga-sistemaz harago, txekiar burokrazia oso eraginkorra eta irisgarria da.

Eslovakian, Txekiar Errepublikan antzera, Estatuaren esku-hartzea mugatua da ekonomian, baina atzerriko inbertsioarentzako ikuspegi mesedegarriagoa hartu du, kapitala erakarri nahi duten zerga-politiken bidez. Estatua aktore gakoa da energia moduko sektore estrategikoetan.

Bi herrialdeek ikuspegi orekatua dute Estatuaren esku-hartzeari dagokionez, eta merkatu libreko ekonomiak sustatzen dituzte. Estatuak sektore estrategikoetan esku hartzen du bereziki.

Txekiar Errepublika eta Eslovakia, 2009tik EBren kide direnez gero, aduana-batasunaren parte dira, baita EBko kideei muga-zergarik gabeko merkataritzaz baliatzeko aukera ematen dien merkatu bakarrarena ere. Biek inbertsioa erakartzeko politika aktiboak dituzte, eta inbertitzaileentzat oso erakargarri egiten dituzten pizgarriak; bereziki industria-sektoreetan, eta are gehiago automobilgintzaren sektorean. Bestalde, bi herrialdeetan atzerriko enpresek tokikoen trataera bera dute legearen aurrean.

Europa erdialdeko bi herrialdeen egoera estrategikoak merkataritza eta inbertsiorako gune erakargarri egiten ditu, sarbide erraza baitute Mendebaldeko eta Ekialdeko Europara.

Biek kanpo-merkataritzako oztopoak deuseztatzeko politikak garatu dituzte, eta Europako muga-zerga tasa batez besteko baxuenak dituzte (% 2,9 Txekiar Errepublikan eta % 1,5 Eslovakian). Hori, era berean, merkataritzako irekiera-tasan ere ikusten da, Txekiar Errepublika munduko 202 merkatuen artean 24. postuan baitago, eta Eslovakia 18. postuan.

Nazioarteko merkataritza Txekiar Errepublikako eta Eslovakiako ekonomiaren osagai gakoa da, eta bi herrialdeek merkataritza-oztopo txikiak dituzte oro har. Txekiar Errepublikan eta Eslovakian esportatzen duten enpresen merkataritza-oztopo gehienak inportazio batzuetarako arau teknikoen ondorio dira, EBko arauak eta antidumping araudiak bete behar baitituzte. Horregatik EBtik kanpoko salgaietan izan dezakete eraginik handiena.

Txekiar Errepublikako eta Eslovakiako legediak Europakoarekin bateraturik egoteari esker, inbertitzaileak babestuta daude bi herrialdeetan, desberdintasunak badauden arren. Txekiar Errepublikak jabetza-eskubideak babesteko, kontratuak betearazteko eta zuzenbide-estatua bermatzeko sistema du, eta oinarri fidagarria da hori nazioko eta atzerriko enpresentzat. Bestalde, Txekiar Errepublikako burokrazia eraginkorra, azkarra eta erraza da enpresa bat erregistratzeko orduan. Lege-sistema apur bat motela izan daiteke, eta auziek denbora eta diru-kostu altua izan dezakete.

Eslovakiako sistema juridikoa indartu egin da azken bi hamarkadatan EBko araudira egokitu duten erreformei esker. Hala ere, barne-burokraziaren eraginkortasun eskasa, administrazio-kostu altuak eta jabetza intelektualaren babes urria arazo garrantzitsuak dira oraindik. Kontratazio publikoari buruzko araudiak ez du nahikoa gardentasun, eta botere judiziala ahula da eta atzerapen luzeak izateko joera du. Horrek kaudimengabezia-prozedurak eta kontratuen exekuzioa zailtzen du.

Arrisku juridikoari dagokionez, Txekiar Errepublikak 27. postua du mundu mailako 202 merkaturen artean, eta Eslovakiak 52. postua.

Tomáš Buchtele

Txekiar Errepublikako eta Eslovakiako Basque Trade & Investmenteko zuzendaria

TXEKIAR ERREPUBLIKAKO ETA ESLOVAKIAKO BASQUE TRADE & INVESTMENT

Jindřišská 939/20 Praha 110 00 / Czech Republic

Zámocká 30 Bratislava 811 01 / Slovakia

* Ordutegia:

Astelehenetik ostegunera 07:30etik 16:00etara
Ostirala 08:00etatik 13:00etara

Nola lagun diezazukegu?

Basque Trade & Investmenten zure nazioartekotze-prozesuan lagunduko dizugu, zerbitzu pertsonalizatuak behar badituzu edo zure enpresa atzerrira zabaltzeko informazioa nahi baduzu.
JARRI GUREKIN HARREMANETAN