Nazioartekotzeko Euskal Agentzia bitartekari aritu da euskal enpresek Findeter bankuaren proiektuak eskuratu ditzaten Kolonbian

Hamar bat euskal konpainiatako ordezkariek bilerak egin zituzten Kolonbiako hirietako garapen bankuko zuzendaritza-karguekin.

 

SPRI Taldean integratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentziak lan-gosari bat antolatu zuen joan den ekainaren 7an, Kolonbian, han kokatutako euskal enpresek aukera izan dezaten Findeter-ek (Kolonbiako hirietako garapen bankuak) bultzatutako proiektuak eskuratzeko. Eusko Jaurlaritzak, bere enpresen garapeneko agentziaren bitartez (SPRI Taldea), harremana du Findeter bankuarekin 2012tik, eta 2015ean sinatu zuen hiri gorakor eta sostengarriei laguntzeko lehen hitzarmena.

 

Kolonbian kokatutako hamar bat enpresak parte hartu zuten topaketa horretan: Tecnalia, Saitec, Sener, Idom, Lavola, Elecnor, Eko3R eta Emotion Activity-k. Bestalde, Findeter bankuaren ordezkari bezala joan ziren lurralde garapeneko presidenteorde Saira Alejandra Samur eta sostengarritasun kudeatzaile Catalina Cárdenas.

 

Bileran argi gelditu zen Kolonbian kokatutako euskal enpresek aukera asko dituztela Findeter bankuaren garapen proiektuetan, esaterako, Bogota eta Medellin hirietako eta Karibe inguruko burdinbide proiektuetan. Euskal konpainiak kexu agertu ziren Findeter bankuaren kontratazio-irizpide batzuekin eta erakundeko ordezkariek konpromisoa hartu zuten irizpide horiek berrikusi eta hobetzeko.