Teknologia berriei esker kudeaketa eta emaitzak hobetzen dituzten enpresen kasuak ugariak dira. Kasu horietako bat Zabalgarbi da, bi sektore estrategikoren elkargunean jarduten duena: hondakin ez-birziklagarrien kudeaketa eta horien balorizazioaren bidez energia elektrikoaren ekoizpena.
2005ean Bilbon jaio zen enpresak 225.000 tona hondakin inguru tratatzen ditu urtero, eta Bizkaiko etxeen % 35 inguru hornitzeko adinako elektrizitate bihurtzen ditu. “Planta irtenbide berritzaile gisa sortu zen lurraldeko hondakinen kudeaketarako, balorizazio energetikoa bere jardueraren ardatz nagusi gisa txertatuz“, azaldu du Jose Pérez Aparicio Komunikazio eta Harreman Instituzionalen arduradunak.
Eredu horrek aukera ematen du hondakinei bigarren bizitza bat emateko, zabortegietan amaitzea eragozteko, eta gizartearentzat energia-iturri erabilgarri bihurtzen ditu. “Testuinguru horretan, Zabalgarbi funtsezko eragilea da ekonomia zirkularreko ekosistemaren barruan, eta aktiboki laguntzen du energia-sistema eraginkorragoa, tokikoagoa eta garapen iraunkorrarekin konprometituagoa izan dadin”.
20 urte hauetan, lantegiak proiektu garrantzitsuak aurrera eraman ditu bere errendimendua optimizatzeko eta gero eta eraginkorragoa den eredu baterantz aurrera egiteko. Adibide gisa, Pérezek adierazi du 2023an mahuka-iragazki berri bat instalatu zela, 7 milioi euroko inbertsioarekin: “Gasen tratamendu-sistema indartzea eta instalazioaren errendimendu globala nabarmen hobetzea ahalbidetu du”. Beste mugarri garrantzitsu bat turbina hotzeko sistema bat garatzea eta ezartzea izan da. Berrikuntza propio horri esker, enpresaren gas-kontsumoa % 36 murriztu da, eta Zabalgarbik epe ertainera % 90 arteko murrizketa lortzea jarri du helburutzat.
Etengabe hobetzeko estrategiaren barruan, enpresak joera industrial berriak txertatu ditu: “Teknologia digital berriak sartzearen aldeko apustu irmoa egiten dugu, eraginkortasun operatiboa, jasangarritasuna eta erabakiak hartzea hobetzen jarraitzeko palanka gisa. Ildo horretan, instalazioko biki digitala da ezartzen hasi den tresnarik nabarmenetako bat, sistema aurreratu bat, balorizazio energetikoaren benetako prozesuaren erreplika birtual bat sortzeko aukera ematen diguna “.
Ingurune digital horrek aukera ematen du hainbat agertoki operatibo simulatzeko, gorabeherei aurrea hartzeko, mantentze prediktiboa optimizatzeko eta funtzionamenduaren funtsezko parametroak denbora errealean doitzeko. Pérezek azaldu duenez, “helburua errendimendu energetikoa maximizatzea eta kostuak murriztea da, eta, aldi berean, baliabideen erabilera minimizatzea eta instalazioaren erabilgarritasuna hobetzea”.
Biki digitalaz gain, adimen artifizialean eta denbora errealeko datu-analisian oinarritutako teknologiak ere txertatzen ari da Zabalgarbi, prozesuaren aldagai kritikoak kontrolatzeko eta erabaki arinagoak eta zehatzagoak hartzeko: “Tresna horiek, adibidez, errekuntza-sistemaren funtzionamendua doitzea edo erreaktiboak tratatutako hondakinaren ezaugarrien arabera injektatzea ahalbidetzen dute, sistemaren eraginkortasuna eta egonkortasuna hobetuz”.
Enpresak zerumugan dituen proiektuen artean, azpimarragarrienetako bat lurrun-gainberogailu bat instalatzea da, “energia-eraginkortasuna eta jasangarritasun operatiboa hobetzeko urrats erabakigarria den ekimen estrategiko bat”. Izan ere, Pérezen arabera, “sistema berri horri esker, errendimendu termikoa optimizatu ahal izango da, hondakinak balorizatzeko prozesuan sortutako lurrunaren tenperatura igoko baita. Horri esker, gas naturalaren kontsumoa nabarmen murriztuko da, hori baita enpresaren lehentasunetako bat energia-ekoizpen garbiago eta lehiakorrago bat lortzeko bidean”. Hain zuzen ere, proiektu horri esker, gasaren kontsumoa % 80-85 inguru murriztuko da prozesuaren fase jakin batzuetan. Aurrerapen teknologiko handia izango da, eta instalazioaren energia-autosufizientzia hobetuko da.
Etorkizunari begira, Zabalgarbik hiru oinarri nagusitan ardazten den “ikuspegi argia” du: iraunkortasuna, berrikuntza teknologikoa eta erantzukizun soziala. “Enpresak etengabeko hobekuntzaren aldeko apustua egiten jarraituko du, teknologia aurreratuak ezarriz eta gure prozesu operatiboak optimizatuz eraginkortasun energetikoa handitzeko inbertsioekin”, dio Perezek.
SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Smart Industry, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.