SPRI Taldearen laguntza ekonomikoa jaso dute BDIH Konexio programaren bidez fabrikazio gehigarriko proiektu baterako.
Neureus eta Elytt enpresek partikula azeleragailuentzako iturriak eta elektroimanak diseinatzen eta fabrikatzen dituzte. Elektroimanei dagokienez, Elyyt-ek kalkuluak egiten ditu, eta Neureus fabrikazioaz eta ingeniaritzaz arduratzen da. Iturrietan, Neureus-ek egiten ditu diseinua eta fabrikazioa. Konpainia horrek SPRI Taldearen laguntza jaso du BDIH Konexio programaren bitartez, zeinarekin Basque Digital Innovation Hub-ek ETEen eskura jartzen baitu fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, testak egiteko eta baliozkotze prozesuetarako.
“Elektroiman konbentzionalak eta super-eroaleak egiten ditugu”, dio Aitor Echeandia bazkide fundatzaile eta kudeatzaileak, “baina super-eroaleek dute balio erantsi handiena, kobreak baino 100 aldiz eroapen gaitasun handiagoa baitute. Goi-mailako teknologiako produktuak dira, -270 gradu zentigradutara hoztea eskatzen dutenak, eta balio erantsi handia dute produkzio prozesuan erabiltzen diren teknologiei esker.
“CERN da gure bezeroetako bat, eta orobat parte hartzen dugu ITER fusio-erreaktorearen proiektuan, non 23-25 metroko diametroko bobina super-eroaleen fabrikazioan laguntzen baitugu”, gaineratu du.
Proiektu guztiak 2002an hasi ziren, lau bazkidek Elytt enpresa sortu zutenean ingeniaritza-zerbitzuak emateko. 2005ean Neureus sortu zen, “iruditu zitzaigulako lan amaitua eskaintzeak balio handia zuela”.
Echeandiak dio enpresa astiro hazi dela, “zeren sektore honetako maila teknologikoa hain da altua, non beharrezkoa baita erreferentzia teknologikoak izatea (I+G arloko lan handia inplikatzen duten kontratuak), ongi posizionatzea eta sektorean izen bat egitea”.
Hazitek programa
Zehaztasun handiko potentzia-iturri elektronikoak dira enpresaren beste negozio-ildo bat. “Ikusi genuen bazegoela beste merkatu-nitxo bat filosofia berdinarekin: prozesu osoa barne hartzen du, hasi diseinutik eta fabrikazioraino”. Proiektu horrek SPRI Taldearen Hazitek programako dirulaguntzak jaso ditu. “Bestalde, Basque Trade-ren (SPRI Taldean integratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) zerbitzuak erabiltzen ari gara banatzaile komertzialak bilatzeko Txinan eta beste hainbat herrialdetan, esaterako Estatu Batuetan, Alemanian edo Frantzian”.
Echeandiak dio enpresak ongi errotuta daudela elektroimanen merkatuan. “Iturri elektronikoen arloan oraintxe ari gara abiatzen”. Kontratuak dituzte Alemanian, Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan. “Japonian hobeto finkatzea falta zaigu”.
Gaur egun 60 bat lagun dituzte plantillan (15 Elytt-en eta 45 Neureus-en), eta urteko fakturazioa 8-9 milioi eurokoa da. I+G-n asko inbertitzen dute, fakturazioaren %5-8. “Teknologia etengabe eboluzionatzen ari da sektore honetan, eta ahalegin handia egin behar da egunean egoteko”.
BDIH Konexio programaren bitartez jaso duten 20.000 euroko laguntza imanaren zati bat –uztarri magnetikoak direlakoak– fabrikatzeko proiektura bideratuko da. “Lanean aritu gara Tekniker-ekin piezak fabrikazio gehigarri bidez egiteko eta kostuen lehiakortasuna aztertzeko. Ebaluazio fasean gaude orain. Hasierako laginak edo prototipoak egin ditugu ikusteko ea betetzen dituzten zehaztapen guztiak. Tecnaliak probeta batzuk fabrikatu dizkigu, eta UPV/EHUk (Euskal Herriko Unibertsitateak) probatu ditu. Emaitzak positiboak izan direnez, eredu honen ebaluazio ekonomikoa egiten ari gara fabrikazio tradizionalarekin duen aldea ikusteko”.
Aitor Echeandiak dio produktu errekurrente bat garatzea dela bere enpresen oinarrizko erronka bat. “Oso merkatu estazionala da: eskaera egongo bada ezinbestekoa da azeleragailu berriak sortzea edo lehendik daudenak berritzea. Proiektuak agertu eta desagertu egiten dira, eta iraupen luzekoak izaten dira. Horrek gorabeherak sortzen ditu fakturazioetan”. Horregatik, industrian gehiago zabaltzea bilatzen dute. “Gaur egun, medikuntza sektorerako ekipoen proiektu bat dugu eskuartean. Horrela egonkortasuna eta dibertsifikazioa lortzen dugu”.
Etorkizunari begira, epe laburrean %10-%20ko hazkundea espero dute, bai negozioan eta bai enpleguan, eta “bost urterako aurreikuspenek diote %40ko hazkundea izango dugula”.
Echeandiak dio Eusko Jaurlaritzaren laguntza “funtsezkoa” dela I+G+B-ko garapenentzat. “Bolumenagatik eta erraztasunagatik, lan asko egiten dugu Eusko Jaurlaritzarekin. Orain lankidetza proiektu batean sartuta gaude beste enpresa batzuekin Hazitek programaren barruan”.