2030ean Euskadi berrikuntzan lider diren europar lurraldeen artean kokatzeko asmoz, Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, 2021‑2024 Plan Estrategikoa aurkeztu du gaur goizean egindako Batzar Nagusian. Innobasqueko ohorezko presidentea den Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak ireki du saioa, eta, bertan, Innobasqueko Manuel Salaverria presidenteak eta Leire Bilbao zuzendari nagusiak ekintzara bideratutako ibilbide‑orri berri honen lerro nagusiak aurkeztu dituzte, euskal ETEen berrikuntza sustatzeko, euskal I+G+Baren nazioartekotzea bultzatzeko eta gazteen artean STEAM Hezkuntza sustatzeko. Plan horrek 2030rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak (ZTBP) ezarritako helburuak betetzen lagunduko du.
Gasteizko Vital eraikinera bertaratu dira Innobasqueko presidenteordeak: Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Eduardo Zubiaurre, Confebaskeko presidentea; Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea; eta Nuria Gisbert, CIC EnergiGUNEko zuzendari nagusia. Honako hauek ere bertaratu dira: Ramiro González, Arabako diputatu nagusia; Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea; Gotzone Sagardui, Osasun sailburua; Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako ordezkaria; eta Innobasqueko Batzorde Betearazleko kideak.
COVID‑19aren osteko testuinguru berde eta digitalean, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Plan Estrategikoak lan‑arlo berriak hartzen ditu barne, emaitzengana bideratuagoa dago eta 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburuei ekarpen handiagoa egitea du xede. Horizonte Europa eta NextGenerationEU programen esparruan, ibilbide‑orri honek euskal enpresen sarearen, eta bereziki ETEen, berrikuntza bultzatzeko ahalegina jartzen du erdigunean. Tresna horren helburua da esfortzuak eta sinergiak batzea gainontzeko eragile pribatu eta publikoekin I+G+Baren aldeko euskal apustuan elkarrekin aitzindari izateko.
Plan Estrategikoaren ikurritza “Ezina, ekinez egina” da eta sei helburu nagusi ditu, bi bloketan banatuta: Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sistemak gauzatzeke dituen erronkekin lerrokatutakoak eta izaera instrumentala dutenak. Gobernantza errazteko aginte‑taula bat hartzen du barne, deskribatzen dituen ekintzen jarraipen eta ebaluazio egokia lortze aldera, etengabe neurtuta helburu estrategikoei lotutako adierazleak, lau urteetan zehar.
Helburu estrategikoak
Innobasquek hiru helburu ezarri ditu berrikuntzako euskal ekosistema hobetzeko: Euskadiko ETEen berrikuntza handitzea sustatzea, euskal gazteek zientzian zein teknologian duten interesa sustatzea, bereziki emakumeen artean, eta euskal I+G+Baren nazioarteko presentzia handitzea.
Nazioarteko merkatuetan arrakastaz diharduten Euskadiko korporazio handiek I+G+B ildo estrategiko ondo definituak dituzte, baina ETEek, batez ere sektore aurreratuetako parte direnek, bultzada handia eman behar diote berrikuntzari. Plan berriak aurreikusten dituen lau urteetan, Innobasquek 5.172 enpresa inplikatu nahi ditu agentziak bere berrikuntza‑palanken bidez sustatzen dituen jardueretako batean.
Plan Estrategiko honen helburua da sektore aurreratuetako EAEko ETEen % 50k Innobasquen aholkua jasotzea edo hurrengo lau urteetan berrikuntza‑jardueraren bat egitea.
Innobasqueren beste helburu handietako bat STEAM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) hezkuntza sustatzea da. Zehazki, agentziak euskal gazteek zientzia eta teknologiarekiko duten interesa sustatu nahi du, bereziki emakumeen artean. Epe horretarako helburua da euskal eskolen % 40k zientzia eta teknologiako hezkuntza sustatzeko prestakuntza‑jarduerak egin izana.
Horizon Europe ikerketa eta berrikuntzarako programa eta NextGenerationEU funtsek aukera ezin hobea ematen dute euskal I+G+B nazioartean handitu eta kokatzeko. Innobasqueren asmoa da lortzea 2024an jada I+G egiten duten euskal erakundeen % 30ek Innobasqueren arlo horretako nazioarteko laguntza‑programetan aholkuak edo prestakuntza jasotzea.
2021‑2024 Plan Estrategikoa bat dator Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin, baita ekonomia suspertzeko eta enplegua sustatzeko Berpiztu programarekin ere.
Erantzuteko gaitasuna handitzea
Hurrengo lau urteetarako ibilbide‑orriak beste hiru helburu instrumental ditu, horien artean Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sistemari plangintza‑ eta kudeaketa‑tresna aurreratuak ematea, erabakiak hobe hartu ahal izateko. Beste helburuetako bat da bazkide diren erakundeen laguntzarekin, berrikuntza‑beharrak identifikatzea eta esperimentazio‑laborategi bat izatea, Innobasqueko bazkideen % 100 agentziaren jardueraren batean inplikatuta egon dadin.
Azken helburu nagusia da barruko lantaldearen gaitasunak eta erakundean berritzeko sistematika indartzea, diru‑sarreren % 5 Innobasqueren berrikuntza kudeatzeko jardueretan inbertitu dadin, eta, gutxienez, taldearen arduraldiaren % 5 prestakuntza‑jardueretarako erabili dadin.