Select Page

Berriak

Nazioartekotzeko Euskal Agentziak antolatutako jardunaldi batean ezagutzera eman dira Brexit garaian lanean jarraitu ahal izateko nobedadeak.

Brexita errealitate bat da joan den urtarrilaren 1etik, eta Erresuma Batuan kokatutako euskal enpresek arau berrietara egokitu behar dute, adibidez produktuen ziurtapen berrietara. SPRI Taldeanintegratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentziak asteazken honetan antolatu duen jardunaldi telematiko batean (berriro ikusi nahi duenak eskuragarri dauka SPRI Taldearen Youtubeko kanalean) ezagutarazi dira eskakizun berri horiek.

Nazioartekotzeko Euskal Agentziak Londresen duen bulegoko zuzendari Pablo Fanok ireki du jardunaldia esanez hauxe dela “Brexitaren karietara antolatu dugun bigarren webinar-a”, ekainean beste bat egin baitzen Erresuma Batuan kokatutako euskal enpresetako langileentzako bisatu berriei buruz. Asteazken honetako jardunaldian hizpide hartu dira produktuen ziurtapena eta normalizazioa, arreta berezia jarriz gailu medikoei.

British Standards Institution (BSI) erakundeko ordezkari Javier Estrabónek gogora ekarri du CE markaketa derrigorrezkoa dela produktu guztientzat Europar Batasunean. Brexitaren ondorioz, ordea, UKCA ziurtapenak ordezkatuko du EBko ziurtapen hori Erresuma Batuan. “Orain trantsizio-aldian gaude abenduaren 31ra arte, baina 2022ko urtarriletik aurrera UKCA markaketa duten produktuak bakarrik onartuko dira”.

Estrabónek azpimarratu du “eskakizunak berdin-berdinak direla ikuspuntu teknikotik, baina posible dela etorkizunean aldatzea”. Gaineratu du “etiketa berria garrantzitsua dela Erresuma Batura esportatzen duten eta Erresuma Batuan onartutako organismorik ez duten enpresentzat, etiketa hori gabe merkaturako sarbidea galduko baitute”.

BSI-ko osasun-produktuen arduradun María Bascuñagak adierazi du bere enpresak joan den otsailean eman zuela lehenengo UKCA ziurtapena, Erresuma Batuak osasun-produktuentzat ezarritako araudi berriari jarraiki. “Osasungintzako produktuen kasuan, trantsizio-aldia 2023ko ekainaren 30era arte luzatuko da, baina urtarrilaren 1etik aurrera derrigorrezkoa izango da produktu guztiak MHRAn (erregulazio-agintaritza) erregistratzea merkaturatu baino lehen, eta fabrikatzaileak arduradun bat izendatu beharko du Erresuma Baturako, baldin eta bere egoitza Erresuma Batutik kanpo badago”.

Bascuñagak euskal enpresei gomendatu die sar daitezela maiz “MHRAren web orrira, lehenbailehen ezagutzeko egon litezkeen aldaketak. Erresuma Batuan jarraitu nahi duzuenok edo han negozioak egiten hasi nahi duzuenok jarri gurekin harremanetan ahalik eta azkarren”.

Jardunaldi telematikoko parte-hartzaileek egin dituzten galderen txandan, ziurtapen berri horiek duten kostuaren arazoa aipatu da, besteak beste. “Epe ertainean oso garesti izan liteke prezioan oinarritutako erabakia hartzea” adierazi du Bascuñagak. “Ziurtapenaren prezioa produktuen portfolioaren araberakoa izango da. Hobe da ad hoc aurrekontu bat egitea”.

Javier Estrabónek esan du ziurtapen horien kostua 4.000 euro ingurukoa dela eredurik sinpleenaren kasuan, zeinak produktuen entsegua bakarrik eskatzen baitu. “Auditoretza bat eskatzen bada, beste 1.200 euro gehitu behar zaizkio eguneko. Baina ez da gauza bera ziurtapen batean produktu bakar bat edo 10 sartzea. Kasu zehatz bakoitza aztertu behar da”.

Epeei dagokienez, esan du ziurtapenak 10 astean lortzen direla batez beste. “Presio-aparatuen kasuan eskaera handia dago, eta epea urteko hirugarren hiruhilekoraino luzatzen da”.

Hona hemen “Produktuen zertifikazioa, normalizazioa eta akreditazioa Erresuma Batuan Brexitaren ostean” txostena.