Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendariari elkarrizketa
Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentzia 2018an sortu zen, euskal enpresei nazioartekotze-prozesu osoan laguntzeko, “hasieratik, diagnostiko- eta tutoretza-lehen urratsak emanez, helmugako herrialdeetan sustapen-, dibertsifikazio- eta ezarpen-fase aurreratuagoetaraino”, adierazi du Ainhoa Ondarzabalek, SPRIko Nazioartekotzeko zuzendariak.
Gaur egun, BTI Nazioartekotzeko Euskal Agentziak urtean 600 euskal enpresa ingururi ematen die arreta. “Laguntza hori Euskadiko gure bulegoetatik nahiz kanpoko sarearen bidez ematen dugu, 90 herrialdetan baino gehiagotan, 16 bulego propiotan eta 70 merkatu baino gehiagotan dauden aholkulariekin”, azaldu du Ondarzabalek. Aurreikuspenen arabera, kanpoko bulegoen sarea handitu egingo da datozen hilabeteetan, eta hala iragarri du agentziako zuzendariak: “Londreseko, Washingtongo eta Milango bulegoetara beste 4 edo 5 gehituko dira, datozen urteetan; hasteko, Japonian bulego komertzial bat irekiko dugu 2021eko bigarren seihilekoan, eta Hego Korean bulego bat 2022an”.
Pandemiak eragindako krisiaren ostean, euskal enpresen nazioartekotzea “susperraldi ekonomikoaren eragile” dela uste du Ainhoa Ondarzabalek. Helburu hori betetzeko, Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko Plan Estrategikoa onartu berri da. Ondarzabalek azaldu duenez, plan horri esker, “zerbitzuen eskaintza eta kanpoko presentzia indartu eta segmentatu ahal izango dira, hedapen eta dibertsifikazio geografikoa sustatuz, lankidetza bultzatuz eta jarduera guztiak Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datozela ziurtatuz.