Aurrelanek, duela 30 urte sortutako enpresak, Aretxabaletan du bere egoitza eta 15 langile inguru ditu. Garraio eta manipulazio sistemetan espezializatuta dago eta, besteak beste, automobilaren, eraikuntzaren, etxetresna elektrikoen eta elikaduraren sektoreetako enpresei ematen die zerbitzua. Batez ere, Aurrelanek bere inguruko (Debagoiena) edo Bilbo inguruko enpresekin egiten du lan. “Gure inguruko enpresek behar izan gaituzten momentuan egon gara beti”, adierazi dute Gipuzkoako enpresako arduradunek.
Enpresaren hasierako planen arabera, bere jarduera eremua Penintsulako erdialdera eta Frantziako hegoaldera zabaltzeko helburua zegoen. Hala ere, Europako iparraldetik gero eta eskari gehiago jasotzen ditu. Hori ikusita, Aurrelanentzat merkatu handia izan daiteke, Ibai Galindez enpresako arduradunetako batek azaldu duenez: “Euskadi markak kalitate agiria du eskualde horretan, eta daukagun prezioa nahiko lehiakorra izan daiteke tokiko enpresekin konparatuz”.
Plan horiek aurrera eramateko, Aurrelan bere produktuen estandarizazio prozesu batean murgilduta dago, atzerrian modu eraginkorragoan saldu ahal izateko, katalogo bat sortuz. Euskadin, Aurrelanek bezeroak eskatzen dituen premien arabera lan egiten du, eta neurrira sortzen du produktua premia horiei erantzuteko.
Makinen kateatzeak, garraiorako eta manipulaziorako elementuak eta zelula robotizatuak dira bezeroek gehien eskatzen dituzten produktuak. Gainera, Aurrelanen apustu handia egin da xaflarako ebaketa-mahaien ekoizpenaren alde, zenbakizko kontrol baten bidez hainbat dimentsiotako piezak mozteko aukera ematen baitu. Spriren Ekintzaile programaren laguntzari esker, apustu hori Aurrelan enpresatik kanpo sortuko den beste enpresa berri batekin garatuko da, tokiko hornitzaile batekin batera. Oraindik ez dago martxan, baina datorren urtean proiektuari hasiera ematea espero dute enpresatik.
Pandemiaren ondorioz, Aurrelanek online jardueran ahalegin handiagoa jartzea erabaki du. Komunikazio eta marketin agentzia batekin batera, enpresa bere irudia eta webgunea birmoldatzen ari da, esportazio kopuruak gora egiten jarrai dezan. Enpresaren beste helburuetako bat inguruko bezeroen sare handia izaten jarraitzea da; izan ere, Ibai Galindezen arabera, “beti hobekuntzaren aldeko apustua egiten duen eskualde batean bizi gara, eta hori onuragarria da gurea bezalako enpresentzat”.
Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.