Select Page

Berriak

Pieza plastikoak eta metalikoak 3D inprimaketa bidez sortzen dituen enpresak ingurumen-sentsoreak dituzten ekipo funtzionalak fabrikatu ditu, denbora errealean airearen kalitatea, argitasuna edo zarata bezalako aldagaiak kontrolatzeko. Lan hori Europako AMable proiektuaren parte da.

Gipuzkoako Undo Prototipos enpresak, Hop Ubiquitous enpresarekin batera, kapsulatu batzuk sortu ditu ingurumen-sentsoreentzat, ‘smart cities’-en ingurumen-baldintzak aztertzeko. Horrela, denbora errealean hainbat aldagai kontrolatu daitezke, hala nola airearen kalitatea, argitasuna edo ingurumen-zarata. AMable (AdditiveManufacturABLE) proiektu europarraren barruan, Horizon 2020 programaren parte dena, konpainiak kanpoko ingurumen-sentsoreak kokatzeko ekipo funtzionalak diseinatu, simulatu, aztertu eta fabrikatu ditu.

“Fabrikazio gehigarriaren adibide argia da”, aitortu du Iban Muñoz Menak, Undo Prototipos enpresako merkataritza-arduradunak. Hirietan instalatzen direnak, edozein parametro neurtzeko eta lortutako informazioaren arabera erabakiak hartu ahal izateko, “ez dira eskala handiko fabrikazio-proiektuak, eta, beraz, baztertu egiten dira fabrikazio-metodo tradizionalak”. Horregatik, interesgarria da 3D teknologiak erabiltzea. “Oso moldagarriak dira osagaiak kantitate txikietan, pertsonalizatuta eta behar diren heinean fabrikatzeko garaian”, nabarmendu du.

Osagai elektronikoak gordetzen dituzten eta sentsore ezberdinetaraino aire-fluxua ahalbidetzen duten plastikozko pieza guztiak 3D inprimaketaren bidez fabrikatuta daude. Horietako batzuk aire zabalean daude, eta tenperaturarekiko, hezetasunarekiko eta ingurumen-baldintzekiko higadurarekiko erresistente egiten dituen tratamendua daramate. “3D teknologiekin ekipoko pieza asko fabrikatu dira, baita elektronikako euskarriak edo sentsoreak eta pieza konplexuak kapsulatu ere”, nabarmendu du Iban Muñozek.

3D inprimaketa duten soluzio ugari

Euskal enpresa 2009an sortu zen eta bere jarduera pieza plastiko eta metalikoen 3D inprimaketan oinarritzen da, 3D fitxategietatik abiatuta. Bestalde, pieza fisikoen 3D eskaneatzean ere jarduten du, 3D CAD fitxategi bat edo neurketa bat lortzeko. “Bezeroaren neurrira egindako zerbitzuak eskaintzen ditugu, batez ere garapen prozesuan dauden piezak. Berrikuntzarik handiena 3D inprimatutako pieza horiek azken pieza gisa erabiltzeko aukera da”, Undo Prototipos enpresako merkataritza-arduradunak azpimarratu duenez.

Lasarteko enpresaren jarduera batez ere sektore industrialetan zentratzen da, hala nola automobilgintzan, aeronautikan, etxetresna elektrikoetan, kontsumo-ondasunetan, elektronikan, ontzigintzan, galdaketan edo artean. “Piezez gain, makina-erremintako maketak ere egiten ditugu azoka eta erakusketetarako. Eta, normalean, galdaketako piezak eskaneatzen ditugu, beste era batera neurtzen zailak direnak, besoak eta forma oso konplexuak dituztelako, batez ere bonba hidraulikoetarako”, zehaztu du Iban Muñozek.

Hamabi urte hauetan, Undo Prototiposek nazioartean izen handia duten hainbat enpresarekin lan egin du, hala nola Roca, ABB, Hutchinson, Gestamp, Etxe-tar,Ormazabal, Fagor, Draxton, Gureak, Indra eta Ensa, besteak beste.

Hiru pertsonaz osatutako talde batekin, euskal enpresak piezak fabrikatu ditu “Europako edo Iberoamerikarako herrialdeetarako edo Kanadarako”, merkataritza-arduradunak baieztatu duenez.

SPRI Taldeak, BDIH Konexioren bidez, euskal industriari laguntzen dio teknologia digitalekin esperimentatzen, hala nola fabrikazio gehigarriarekin, robotika malguarekin eta kolaboratiboarekin, zibersegurtasunarekin, data driven solutionsekin edo osasun digitalarekin. Aurkitu informazio guztia hemen.