Select Page

Berriak

Enpresa gipuzkoarrak enpresa handiei, ETEi eta startupei eskaintzen die bere zerbitzua merkatu berrietara zabaltzeko prozesuetan.

Euskal enpresentzat, nazioarteko merkatura pausoa ematea funtsezko urratsa da bere ibilbidean, eta lan handia eskatzen du. Adibidez, aukerak lehenestea, bezeroak aurkitzea, pertsona egokiak identifikatzea eta haiekin harremanetan jartzea, merkatu-azterketak egitea… Enpresa horiei laguntzeko, enpresa handiak, ETEak edo startupak izan, Onurak bere ezagutzak eskaintzen ditu.

Onurak, egoitza Donostian duen enpresak, nazioartekotzean eta merkataritza-ekintzan adituak diren 12 profesionalek osatzen dute. Bere lan-ildoa bi ardatzetan oinarritzen da: merkataritza-estrategia eta merkataritza-planaren gauzatzea. Lehenengoan, bezeroarekin batera egiten den merkatu-azterketa baten bidez, erabakitzen da zer egin, non egin eta noiz egin. Ignacio Fernández Zabaleta Onurako bazkide zuzendariak azaldu duenez, “produktu edo soluzio berriak merkaturatu nahi dituzten enpresei laguntzen diegu, merkataritza-kanalak, negozio-proposamenak, prezioak, ekipoa, ekintza-plana eta aurrekontua baloratuz”. Gainera, jadanik atzerrian saltzen ari diren enpresei ere ematen die zerbitzua, beren merkataritza-ekintzak hazi eta antolatu eta lehenetsi nahi baitituzte.

Bestalde, merkataritza palanaren gauzatzea ‘Lean & Allbound’ salmenten metodologian oinarritzen da, online eta offline ekintzak batzen dituen estrategia komertzialarekin, hiru urrats ematen jarraituz. Lehenengoan merkatu-nitxoak, bezero-profilak eta pertsonak lehenetsi nahi dira, web, Linkedin edo email bidezko mezu komertzialak bidaliz. Bigarrenean, bezeroen bilaketarekin eta harreman sistematikoarekin hasten da, pertsona egokiak aurkitu arte. Eta azken urratsean jarraipen komertziala egiten da. “Saltzea ez da ez erraza, baina ez da zaila ere. Soilik denbora behar da eta baliabideak, dedikazioa eta prozesua eskatzen du. Eskaintza lehiakorra baduzu eta denbora eskaintzen badiozu, salmentak izatea lortuko duzu”, gaineratu du Onurako bazkide zuzendariak.

Gipuzkoako enpresak euskal bezeroak ditu, hala nola Danobatgroup, Gureak Industrial, Kendu Retail, Hine, Agui, Cafés Baqué edo Uzturre. Oro har, euskal enpresei ematen die zerbitzua, baina Katalunian, Madrilen, Balearretan eta Andaluzian ere baditu bezeroak. “Gure bezeroei Basque Trade and Investment-ekin lan egitea gomendatzen diegu, gauzak oso ondo egiten ari direla uste baitugu. Oso zerbitzu osagarriak gara”, adierazi du Ignacio Fernández Zabaletak.

Onurak egiten dituen nazioartekotze-proiektuen % 50 inguru Europan egiten dira, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua edo Errusia bezalako herrialdeetan. Onurak bulego bat ere badu Casablancan (Maroko), eta bertatik Afrika iparralderako eta Ekialde Ertainerako lan egiten du. Gainera, Latinoamerikan eta Estatu Batuetan lan egiten du ere.

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.