Select Page

Berriak

Zehaztasunezko altzairu soldatuzko hodiak egiten dituen enpresa arabarrak hazkunde sostengatuarekin itxiko du 2021 gorabeheratsu hau Jundizko hiru lantegietan eta sektore aniztasunaren aldeko apustua egingo du.

Aratubo konpainia garrantzitsua da Araban, 50 urtetik gorako esperientzia du zehaztasunezko altzairu soldatuzko hodien fabrikazioan eta sektore anitzentzat lan egiten du. Jundizko industrialdean du egoitza, 180 pertsona enplegatzen ditu eta presentzia du 20 herrialde baino gehiagotan. Azken urteotan, hazkunde handia bizi izan du bai kopurutan eta bai baloretan. Lantegi bat izatetik hiru izatera igaro da (guztira 70.000 m2), eta gai da urtean 115.000 tona hodi egiteko, zeintzuk Europara, Afrika Iparraldera, Mexikora eta Errusiara bidaltzen baititu. Enpresako kudeatzaile José Manuel Romerok aipatu bezala, gaur egun ekoizten duten guztiaren % 90 esportatzen dute.

Nola joan zaizkizue gauzak amaitzekotan den 2021 gorabeheratsu honetan?

Urtea gorabehera, gure egoera nahiko ona da. Garai zailak bizi ditugu aurreikusi ezineko faktoreak tarteko, adibidez, argindarraren fakturaren gain-kostuak, hornidura eta lehengai eza, arazoak itsasoko logistikan… Urte zaila izan da, baina, zorionez, ongi definitutako ildoa eta ibilbidea daramatzagu, hau da, negozio-eredu argi eta koherente bat finkatu dugu, eta horri esker, egoerak ez digu hainbeste eragin eta ongi itxiko dugu urtea.

Ekoizpenari, plantillari edo egoitza kopuruari dagozkien datuez harago, nola definituko zenuke Aratubo une honetan?

Enpresa gazte, moderno eta oso malgua gara, urteak daramatzana lanean eta bezeroa eta berarentzako zerbitzua jartzen erabaki guztien erdigunean. Guretzat estrategikoa da esperientzia hori positibo egitea eta indartzea.

Noiz ohartu zineten zuen negozio-eredua aldatu behar zenutela? , commodity bat izatetik amaierako produktuaren fabrikatzaile bihurtu behar zenutela?

Krisi baten testuinguruan gertatu zen. 2008ko krisian, hain zuzen. Urte hura oso ongi hasi zen, lehen seihilekoa oso ona izan zen industria siderometalurgiko guztiarentzat, baina prezioak bortizki igo ziren bigarren seihilekoaren amaieran, eta hori kolpe latza izan zen guretzat. Inflexio-puntu bat izan zen, eta sektorean 80 urteko esperientzia duen Arania Taldeak (zeinaren kide baikara) erabaki zuen aldatu egin behar genuela, zerbait desberdina egin behar zela. Orduan indarra hartu zuen sektore anitzetara bideratu beharraren ideiak, betidanik enpresako baloreetako bat izan denak. Hala, balio handiagoko produktu bat lortu genuen, teknikoagoa, lehiakideengandik bereizi gintuena.

Zein bezerorentzat dira zuen zehaztasunezko hodiak?

Hiru bezero mota dauzkagu: lehenik, banaketa hutsa, produktu estandarrenarekin egiten dena. Bigarrenik, lan asko egiten dugu automozio sektorearekin; guretzat oinarrizkoa da, fakturazio osoaren % 35 hartzen baitu. Eta gainerakoa, amaierako produktua fabrikatzen duten bezeroak dira: aplikazioak egiten dituztenak (mantenimenduko arrabolak), biltegi logistikoetarako hodiak, gama altuko altzariak (adibidez, Ikea-ko mahai ergonomikoak) edo oinarrizko industria (ospitaleetako altzarietarako hodiak). Ohartzen ez bagara ere, hodiz inguratuta gaude.

Zuen kasuan, fabrikatzaile-hornitzaile integral izatea al da helburua?

Esan liteke baietz. Gaur egun pieza bukatuak eskaintzen dizkiogu amaierako bezeroari, eta automozioaren kasuan joera hori hazten ari da, indarra eman diotelako Tier 1 multzoko bezeroek, zeintzuek hornikuntza-kate osoaren zerbitzu integrala eskatzen baitute.

Energia asko kontsumitzen duen enpresa bat zarete… Zentzu horretan, nola egiten diozue aurre argindarraren etengabeko prezio igoerari?

Ez gara industria elektrointentsiboa, baina kalkulatu dugu azken hilabeteotako argindarraren igoerak nolako ondorioak izan ditzakeen guretzat datorren urtean.

Eta zer diote datu horiek?

Balitekeela energiaren kostua % 20-25 bitarte haztea datorren urtean. Zentzu horretan, lantegi fotovoltaiko bat sortzeko aukera lantzen ari gara; lagungarri izango litzateke autokontsumorako eta horrelako kostuen inpaktua leundu eta murrizteko.

Badirudi enpresa batek etengabe berrasmatu behar duela bere burua, eta ziztu bizian egokitu behar duela aldaketetara…

Hori da gaurko enpresa guztion erronka nagusia. Adituek VUCA (volatility, uncertainty, complexity, ambiguity) izena jarri diete egungo enpresa-inguruneei, eta horixe egokitu zaigu, baina zorionez, gure DNA-n daramagu geure burua berrasmatu behar hori. Hau da, moldakorrago izan behar dugu, merkatuko baldintzetara egokitzen jakin behar dugu eta beti jarri behar dugu fokua bezeroarengan, bera baita bidea markatzen diguna.

Bezeroari entzutea…

Hori oinarrizkoa da guretzat, jakina. Ezin dugu inoiz ahaztu, bestela fokua galduko genuke eta. Ildo horri jarraiki, Aratubo enpresan badugu sail komertzial bat, alegia, rara avis bat, jende asko daukagulako eguneroko lan horretan aritzen dena eta bezeroarekin eguneroko harreman zuzena duena. Eta horixe da gure indarguneetako bat, dudarik gabe, bezeroa baita bidea markatzen diguna, berak gidatu gaitu orain arte eta berak erakutsiko digu etorkizuna.

Zeintzuk dira konpainiaren etorkizuneko perspektibak?

Aratubo errotu nahi dugu guretzat estrategikoak diren merkatuetan, esaterako Europa iparraldean eta erdialdean. Horrekin batera, azken urteotan izan dugun hazkunde sostengatuari eutsi nahi diogu.