Select Page

Berriak

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean banatu ditu SPRI Taldeko Basque Trade & Investment–Nazioartekotzeko Euskal Agentziak emandako 125 akreditazioak.

Ekitaldi berean aurkeztu da hiru euskal unibertsitateekin sinatutako Hitzarmena, zeinaren bidez BEINT beken programan txertatuko baitira unibertsitate horietako bakoitzak nazioartekotze arloan eskaintzen dituen ezagutza eta prestakuntza-metodologia onenak 

Urtarrilean, 125 gazte abiatuko dira atzerrira lanera Eusko Jaurlaritzaren BEINT nazioartekotze-bekei esker. Laguntza horien helburua da talentu berriak trebatzea nazioartekotze eta atzerriko merkataritza arloetan, gai izan daitezen euskal enpresen eta erakundeen premiei erantzuteko.

Gazte horietatik 45ek atzerriko enpresekin hasiko dituzte beren praktikak, ahal dela atzerrian kokatutako euskal konpainiekin, eta gainerako 80ak Kanpo Sareko bulegoetara joango dira, edo bestela, Nazioarteko Merkataritzaren Sustatzaileen Europako Elkarteak Afrika, Amerika, Asia eta Europako 42 herrialdetan dituen bulegoetara.

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean banatu ditu 125 akreditazioak ekitaldi batean, non baita ere aurkeztu den SPRI Taldeko Basque Trade & Investment–Nazioartekotzeko Euskal Agentziak Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU-UPV), Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin sinatu duen hitzarmena. Hitzarmen horren bidez edizio honetatik aurrera elkarrekin konbinatuko dira, batetik, BEINT beken programa eta, bestetik, unibertsitate horietako bakoitzak nazioartekotze arloan eskaintzen dituen ezagutza eta prestakuntza-metodologia onenak.

Ekitaldi hau bereziki garrantzitsua izan da, 2020an ezin izan zirelako atzerrirako bekak aktibatu begi bistako arrazoiengatik. 1986an jaioa, nazioarteko ospe handia duen programa honek 35 urte beteko ditu aurtengo edizioan.

Ekitaldia Barakaldoko BECen egin da, eta bertara bildu dira 125 gazte bekadunak eta euren familiak, indarrean dauden osasun neurri guztiak errespetatuta. Ekitaldian parte hartu dute Arantxa Tapia, Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, Jokin Bildarratz, Hezkuntza sailburuak, Junkal Gutierrez, UPV/EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotze errektoreordeak, Ekintzailetzako eta Enpresekiko Harremanetako errektorerordea Deustuko Unibertsitateko; Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Aitor Urzelai, SPRI Taldeko zuzendari nagusiak eta Ainhoa Ondarzabal, Basque Trade & Investment Agentziako zuzendariak.

Hitzarmena hiru euskal unibertsitateekin

125 akreditazioak banatzeko ekitaldian, Arantxa Tapia sailburuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV), Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariek jendaurrean aurkeztu dute aurten sinatutako Hitzarmena, edizio honetan bertan aplikatu dena.

Hitzarmen honen bidez ekosistema bat sortu nahi da BEINT beka programako gazte onuradunei kalitatezko trebakuntza emateko. Asmoa da trebakuntza horren bidez hobeto ezagutu dezatela nazioarteko merkataritza, euskal ehun-ekonomikoa eta euskal erakunde zein enpresen errealitatea eta arauak, eta beharrezko gaitasunak barneratu ditzatela enpresa multilokalizatuen kudeaketarako eta nazioarteko salerosketarako.

Hala, SPRI Taldeak eta Basque Trade & Investment Agentziak beken hautaketa-prozesua kudeatzen eta prestakuntza-ibilbidea koordinatzen jarraituko dute. Bestalde, unibertsitateek -bakoitzak bere metodologian eta ezagutzetan oinarrituta- BEINT programako bekadunen lana ebaluatuko dute, bakoitzak prestakuntza-ibilbidearen barruan dagokion arloan, eta unibertsitate-kredituak banatu eta aitortuko dizkiete bekadunei.

Beint bekak

30 urtetik beherako ehun bat gaztek (aurten salbuespen gisa 125 izango dira, 2020an egin gabe utzi zen deialdia konpentsatzeko) aukera izaten dute urtero BEINT beka bat eskuratzeko. BEINT beken helburua da nazioartekotze arloko talentu berriak trebatzea, gai izan daitezen euskal enpresen eta erakundeen premiei erantzuteko. BEINT bekak aukera paregabea dira unibertsitateko goi-mailako tituludun gazteei nazioartekotzeari eta kanpo-merkataritzari buruzko prestakuntza emateko. Programa honetako parte-hartzaileek erreferentziazko titulu bat lortuko dute, prestakuntza praktikoa jasoko dute eta 8 hilabeteko egonaldia egingo dute munduan barrena kokatutako euskal enpresetan.

35 urteko ibilbidea egin ondoren, talentu berriak nazioartekotzeko tresna honek ia % 100eko enplegagarritasun-indizeak dauzka.

SPRI Taldean integratutako Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziak egiten du programaren urteroko deialdia eta hiru fase ditu. Lehenengoan, hiru euskal unibertsitateek 14 prestakuntza-moduluz osatutako ibilbidea eskaintzen dute Bilbon dituzten campusetan. Ikasleek 43 unibertsitate-kreditu lortzen dituzte guztira, eta unibertsitate bakoitzak titulu bat ematen du. Prestakuntza horretan (presentziala eta onlinekoa), ikasleek sakonki lantzen dituzte nazioarteko merkataritzaren arauak eta errealitatea, euskal ekonomia-ehuna, eta enpresa multilokalizatuak kudeatzeko behar diren gaitasunak.

Lehen fase hori gainditzen duten bekadunak bigarren fasera igarotzen dira, non 12 hilabeteko prestakuntza praktikoa jasotzen baitute nazioartekotzeari laguntza emateko erakundeetan. Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bulego-sarean eta Espainiak atzerrian dituen bulego ekonomiko eta komertzialetan egiten dira praktika horiek.

Nobedade gisa, aurtengo edizioan programan parte hartuko dute orobat Nazioartekotzea Sustatzeko Eragileen Europako Elkarteak eta Flandriako zein Greziako Ekonomi Garapenerako Agentziek, zeintzuek jomugak eskainiko  baitizkiete bekadun batzuei euren prestakuntza-ibilbidea osatzeko. Hala, gazte parte-hartzaileek beren ezagutzak zabaltzen dituzte kontinente desberdinetako 40tik gora herrialdetako jomugetan.

BEINT beken azken fasean praktika profesionalak egiten dira nazioartekotutako euskal enpresetan. Programaren fase honetara iristen diren gazte bekadunek kanpo-merkataritzari buruzko gaitasunak eta ezagutzak hobetzen dituzte benetako enpresa ingurune batean. Praktika horiek aukera paregabea dira atzerrian lan-aukerak aurkitzeko, eta horren erakusgarri da aurreko edizioetan parte hartu duten gazteen erdia-edo, gaur egun, lanean ari direla praktikak egin zituzten konpainietan.

BEINT bekak beraizik zuzenduta daude 30 urtetik beherako gazteei, Euskadin bizi direnei eta unibertsitateko titulazioa eta ingeles maila altua dutenei. Programa honek 35 urteko ibilbidea du dagoeneko eta, denbora horretan, 1.000 gazte inguruk jaso dute nazioartekotzeari eta kanpo-merkataritzari buruzko prestakuntza. Nahiz eta unibertsitateko edozein gradutako ikasleek parte har dezaketen, ohikoenak izaten dira Administrazio eta Enpresen Zuzendaritzako, Ingeniaritzako eta Zuzenbideko ikasleak. Aurten, Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euro bideratu ditu ekimen honentzat.