Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

1997an, elkartze ekonomiko, kontzentrazio politiko eta lankidetzako akordio bat sinatu zuten. Akordio horretan –Akordio Globala deitua, 2000n jarri zen indarrean–, merkataritza irekiari buruzko zati bat zegoen, nagusiki salgaien merkataritzarekin lotua. Zerbitzuen merkataritzari buruzko akordio-zatia 2001ean jarri zen indarrean.

Akordioaren oraingo egoera

Europar Batasuna eta Mexiko 2016an bildu ziren, EB-Mexiko Akordio Globala berritzeko negoziazio-prozesu bat abiatzeko. 2018ko apirilaren 21ean oinarrizko akordio bat lortu zen eta akordioko testuak juridikoki berrikusiko dira.

Aduana-zergen eskubideak

Salgai gehienen aduana-zergen eskubideak ezabatzea. Elikagai eta edari ia guztiei eragiten die. Eskubide horiek zazpi urteko epean ezabatzeko asmoa dago, akordioa indarrean jartzen denetik aurrera.

Muga-zergekin zerikusirik ez duten oztopo teknikoak

Salgaiak esportatzeko erraztasun handiagoa. Hala, EBko eta Mexikoko agintariek aduana-prozeduretan, produktuei, entseguei, markatze eta etiketatzeari eta elikagaien segurtasunari buruzko nazioarteko arauetan eta animalien eta landareen osasunaren arloko prozeduretan lankidetzan aritzea erraztuko da.

Zerbitzuen merkataritza

Akordioan, zerbitzuen merkataritzari atal bat eskaintzen zaio; finantza, garraio, merkataritza digital eta telekomunikazio arloetakoei, besteak beste. Merkataritza elektronikoaren gaineko alferrikako oztopoak ezabatu nahi dira –adibidez, aplikazio bat deskargatzean aduana-zergak kobratzea– eta kontsumitzaileak babestu. Era berean, lanbide arautu batzuetan elkarri kualifikazio profesionalak aitortzea aurreikusten da.

Kontratazio publikoa

Akordioan aurreikusten denez, enpresek gobernu-kontratuetarako sarbidea edukiko dute EBko eta Mexikoko kontratazio publikoko merkatuetan.

Jabetza intelektualeko eta industrialeko eskubideak

Jabetza intelektualeko eskubideei babes-maila handia ematea adostu da. Neurri horrek EBko ikerketa eta garapena babestuko ditu eta hala EBko artistek nola jatorri-deiturako produktuek bidezko ordaina izatea bermatuko du.

Garapen jasangarria

EBren eta Mexikoren garapen jasangarriaren eta klima-aldaketaren arloko ekintzak indartzeko asmoa dago; bereziki, bi alderdiek Klima-aldaketari buruzko Parisko Akordioan beren gain hartutako betebeharrak.

Enpresa txikiak

Akordio berriari esker, EBko enpresa txikiek gehiago esportatu ahal izango dute. Horretarako, behar duten informazioa emango zaie eta produktuak Mexikora sartu ahal izateko baldintza teknikoak eta entseguak arrazionalizatuko dira.

Inbertsioa babestea

Inbertitzeko baldintzak hobetzea eta EBren Inbertsio Auzitegien Sistema berria barne hartzea planteatu da. Horren bidez, gardentasuna eta gobernuek interes publikoa arautzeko duten eskubidea bermatzeaz gain, Mexikok eta EBk alderdi anitzeko inbertsio auzitegi bat sortzeko lan egitea bermatuko da.

Informazio gehiago