Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

Akordioaren oraingo egoera

EBren eta Vietnamen arteko Merkataritza Askeko Akordioa 2019an da indarrean jartzekoa; negoziazio-jarraibideak 2007an onartu ziren, ASEANen esparruan. Europako Kontseiluak eta Parlamentuak Akordioari oniritzia ematea falta da. Akordioan honako hau aurreikusten da.

Aduana-zergen eskubideak ezabatzea

Akordio horrek muga-zergen % 99 baino gehiago ezabatuko ditu eta gainerako % 1a partzialki deuseztatuko du, aduana-zergen eskubiderik gabeko kuota mugatuen bidez –muga-zergen kuota deitzen zaie–. EBtik Vietnamerako esportazioen gaineko aduana-zergen eskubideen % 65 Akordioa indarrean jartzen denean ezabatuko dira; gainerakoak, berriz, pixkanaka, 10 urteko epean.

Muga-zergekin zerikusirik ez duten oztopo teknikoak ezabatzea

EBk eta Vietnamek MMAren Merkataritzaren gaineko Oztopo Teknikoei buruzko Akordioko arauetatik haratago joateko konpromisoa hartu dute. Akordioan, ibilgailuen sektoreko muga-zergekin zerikusirik ez duten oztopoei aurre egiteko eranskin zehatz bat dago. Horren barruan, Akordioa indarrean jartzen denetik bost urteko epean, EBko ibilgailu osoaren bat-etortze ziurtagiria onartzea sartzen da.

Zerbitzuen merkataritza

Vietnamek EBko enpresei zerbitzu-sektore sorta zabal baterako sarbide nabarmen hobea emateko konpromisoa hartu du, bereziki sektore hauetako enpresei: enpresentzako zerbitzuak, ingurumen-zerbitzuak, posta eta mezularitzaren arloko zerbitzuak ematen dituztenei eta banka, aseguru eta itsas garraioaren arlokoei.

Kontratazio publikoa

Akordioari esker, EBko enpresek beste ezein herrialdetakoek baino sarbide hobea izango dute Vietnamgo kontratazio publikoko merkatuetan.

Jabetza Intelektualeko eskubideak

Vietnamek jabetza intelektualeko eskubideei babes-maila handia emateko konpromisoa hartu du, MMAren Akordioko merkataritzarekin lotutako jabetza intelektualeko eskubideei buruzko alderdietan (TRIPS) jasotzen diren arauetan zehaztutakoa baino handiagoa.

Garapen jasangarria

EBk eta Vietnamek merkataritzari eta ingurumenari buruzko atal zabal bat adostu dute. Horren barruan, konpromiso-zerrenda zabal bat sartzen da; besteak beste, LANEren funtsezko lan-arauak eta hitzarmenak modu efektiboan aplikatzea, baita bai EBk bai Vietnamek berretsi dituzten ingurumenari buruzko alderdi anitzeko akordioak, eta abar ere.

Informazio gehiago