Select Page

Berriak

Basque Trade & Investment/Nazioartekotzeko Euskal Agentziak antolatutako “Select USA Basque Country” ekitaldiak AEBetako merkatuan interesatutako euskal enpresak elkartu zituen, bertatik bertara azaltzeko merkatu horrek eskaintzen dituen negozio-aukerak eta han kokatzeko dauden erraztasunak.

Hitzordu hau bereziki zuzendu zitzaien energiaren eta fabrikazio aurreratuaren sektoreei, eta hogeita hamar bat enpresa eta hainbat klusterretako ordezkariak bildu zituen. AEBetako 8 estatutako ordezkariak Euskadira etorri ziren Europako euren bulegoetatik, ekitaldiko enpresa parte-hartzaileekin batzartzeko. Zehazki, New York, Pennsylvania, New Jersey, Georgia, Ipar Karolina, Virginia, Ohio eta Indiana estatuek aukera izan zuten sektore horietan dauzkaten garapen-planak eta balizko negozio-aukerak aurkezteko.

Topaketa hau, zeina bigarrenez egin baita Euskadin, Basque Trade & Investment Agentziak Estatu Batuetako enbaxadarekin duen lankidetza estuaren emaitza da. Ekitaldi horretaz gain, datorren martxoaren 17an webinar bat egingo da FDArekin (Medikamentuak eta Elikagaiak arautzen dituen Estatu Batuetako agentzia), non azalduko baitira zeintzuk diren AEBetako kalitate-kontrolerako sistemak eta araudi-esparrua gailu medikoen eta osasungintzako softwarearen arloetan.

Basque Trade & Investment Agentziak, Washingtonen dituen bulegoen eta Eusko Jaurlaritzaren New Yorkeko ordezkaritzaren bitartez, gogor jarraitzen du lanean  euskal enpresari AEBetako aukerak hurbiltzeko eta AEBekiko harremanak estutzeko, eta lan horri esker, besteak beste, energia arloko lankidetza-akordio bat sinatu zen joan den udan Virginiako estatuarekin.