Select Page

Berriak

SPRI Taldeko erakunde publikoak Kolonbiako enbaxadorearen bisita jaso du Bilboko egoitzan.

SPRI Taldean integratutako Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal AgentziakKolonbiako enbaxadore Luis Guillermo Plata Páezen bisita jaso du astearte honetan (martxoak 29) Bilbon, eta enbaxadoreak mahai-inguru batean parte hartu du euskal enpresekin. Topaketa horretan, Luis Guillermo Plata Páezek Kolonbiako egoera ekonomikoa aurkeztu du eta informazio esanguratsua eskaini du hango balizko negozio-aukerei buruz.

Nazioartekotzeko Euskal Agentziako kontseilari delegatu Ainhoa Ondarzabalek gogora ekarri du Kolonbiarekin urtetan mantendu den harreman komertziala, euskal enpresak Kolonbian duen irudi paregabea eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak herrialde hartan garatzen dituen jarduera ugariak. Lan horren emaitza bezala, harreman instituzionalen sare sendo bat ehundu da, zeinaren bitartez hainbat lankidetza-akordio gauzatu baitira, adibidez, Cundinamarca eskualdeko gobernuarekin sinatu dena. Horrez gain, enpresa arloan ere hainbat jarduera antolatzen dira, besteak beste webinarrak, misioak eta aukerak identifikatzeko ekitaldiak.

Kolonbiako enbaxadak adierazi du hurretik ezagutu nahi dituela euskal enpresen gaitasunak, batik bat konponbide eta zerbitzu berritzaileak eskaintzen dituzten ETEenak. Hala, ekitaldian parte hartu duten enpresek (hogei inguru) aukera izan dute euren erreferentziazko proiektuak eta esperientzia esanguratsuenak aurkezteko.

Kolonbia Euskadiren hirugarren bazkide komertziala da Latinoamerikan, eta euskal enpresen ezarpen gehien (90 konpainia guztira) dituen munduko bederatzigarren herrialdea. Euskal enpresen produkzio-ezarpen gehien dituen munduko seigarren herrialdea ere bada. Guztira 37 ezarpen daude (ezarpen komertzialak kontuan hartu gabe), horien % 65 Bogotan eta haren inguruko eskualdean, hots, Cundinamarcan.

Kolonbia da Basque Trade & Investment-en Enpresak Nazioartekotzeko Plan berrian espreski seinalatutako herrialdeetako bat, hala, areagotu egingo dira Kolonbiarekin merkataritza sustatzeko eta harremanak estutzeko jarduerak.