Select Page

Berriak

26 urte dituen Lointek enpresa bizkaitarra ekipo-ondasunen fabrikazioan espezializatuta dago eta mundu mailako liderra da instalazio termosolarretarako lurrun sorkuntzako sistemetan. Konpainia horrek SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza bat jaso du, zeinak ikerketa industriala eta garapen esperimentala bultzatzen baititu euskal enpresetan.

Serafin Loroñok sortu zuen Lointek 1996an, ekipo-ondasunen sektoreko euskal enpresa handien (Babcock, Mecánica La Peña edo Altos Hornos) azpikontrata gisa.  Mecánica la Peña-k ordainketa-etendura aurkeztu zuen 1999an, eta nola “gure ekoizpenaren ia % 60 harentzat zen, bezero garrantzitsuena galdu genuen. Hala, bi aukera genituen: itxi edo aurrera jarraitu, baina horretarako azpikontrata izateari utzi behar genion eta produktu propio bat garatu” azaldu dute Javier eta Kaiene Loroñok, enpresako zuzendari nagusiak eta finantza zuzendariak.

Konpainiak erabaki zuen aurrera jarraitzea, eta ingeniariak kontratatzen hasi zen. “Erandion geunden, alokatutako nabe batean, eta Eusko Jaurlaritzak eskaini zigun proiektu bat aurkeztea, proiektu horren bidez Mecánica La Peña-ren instalazioak erosi eta hango langileak kontratatzeko”.

Lointek-ek proiektu industrial bat prestatu zuen Mecánica La Peña bereganatzeko, eta 2003an sartu zen egungo Urdulizko (Bizkaia) instalazioetan. “2006an formalizatu zen dena, eta halaxe dihardugu. Mundu mailako bilakaera izan dugu, eta industria-lantegiak dauzkagu hemen, Portuan eta Mexikon”.

Produktua

Enpresako zuzendaritza-karguek diotenez, “argi geneukan teknologia arloan ezin genuela egon hirugarren baten menpe. Bagenekien geuk garatu behar genuela produktua, eta horretarako biziki garrantzitsuak izan dira, bai Mecánica la Peña eta Babcock & Wilcox enpresetatik proiektuarekin bat egin duten eskarmentudun langileak, eta bai konpainia barruan garatu direnak. Gaur egun ere eusten diogu premisa horri, eta geuk garatzen dugu fabrikatzen ditugun ekipoen diseinua eta ingeniaritza (termika, mekanika, automatizazioa eta kontrola)”.

2010ean, energia berriztagarriak agertu zirenean, enpresak sekulako aldaketa bizi izan zuen eta mundu mailako lider bihurtu ziren instalazio termosolarretarako lurrun sorkuntzako sistemen arloan.

Gaur egun, Lointek-ek hiru negozio-ildo nagusi ditu: lurrunaren ekoizpenerako galdara industrialen diseinua eta fabrikazioa; instalazio termosolarretarako lurrun sorkuntzako sistemak; eta presio altuko ekipo-ondasunak ongarrien ekoizpen-lantegietarako eta enpresa petrokimikoetarako. Hala, Lointek-ek diseinatu eta fabrikatzen dituen ekipo gehienak energia sorkuntzako zein energia berriztagarrietako lantegietara edo lantegi petrokimikoetara bideratzen dira.

“50-400 tona bitarteko ekipo handiak dira”. Urdulizen arazoak ditugu ekipo handi horiek garraiatzeko, horregatik kokatu ginen Bilboko Portuan. “Azpi-multzoak egiten ditugu hemen, eta azken muntaketa Portuan egiten da. Portuaren aldeko apustu hori gure erabaki onenetako bat izan da”, kostuak aurrezten direlako eta logistikako arazo gutxiago dagoelako.

Una caldera construida por Lointek.Gaur egun 300 langile inguru dituzte plantillan, eta horietatik 120 ingeniariak dira, kopuru horrek argi erakusten duelarik konpainiaren izaera teknologikoa.  “Ez gaude teknologo baten menpe, eta horrek malgutasun handia ematen digu bezeroekin lan egitean”. Izan ere, Lointek ekipo-ondasunen sektoreko mundu mailako lider handiekin lehiatzen da, 2.000-8.000 langile bitarteko plantillak dituztenekin. “Gure gaitasun handiena azkartasuna da. Makinak neurrira eginiko trajeak bezalakoak dira, eta eskaerapean lan egiten dugu”.

Urtean 60 milioi euro inguru fakturatzen du, eta hortik % 3,25 bideratzen du I+G-ra. Ia produkzio osoa esportatzen du.

Negozioaren dibertsifikazioak eragina du bai produktuan eta bai geografian. “Atzerrian saltzen dugu: Estatu Batuetan, Mexikon, Hegoafrikan, Ukrainian, Txinan… berrogeita hamar bat herrialdetan, gehienak europarrak. Kontinente guztietara iristen gara, Ozeaniara izan ezik”. Eta kontuan izan behar da homologazio aski zorrotzak eskatzen zaizkiela, “prozesu konplexu eta luzeak izaten baitira”.

Industriako CO2-a atzemateko prototipo bat

SPRI Taldearen Hazitek programako laguntzarekin industriako CO2-a atzemateko prototipo bat garatu dute, zeinaren helburua baita klima aldaketari aurre egitea. Proiektu hori garapen fasean dago gaur egun.

Emakumeen lehen mailako Lointek Gernika saskibaloi-taldearen babesle den konpainia honen erronka nagusia da teknologiaren abangoardian egotea. “Bere garaian instalazio termosolarrak akuilu bat izan ziren guretzat, eta hemendik aurrera gehiago etorriko dira. Gure adituak etengabe dabiltza merkatu-aukerak aztertzen”. Pandemia osteko sasoi honetan, gogoeta-fasean daude.

Javier Loroñok nabarmendu du bere konpainia Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordio batetik sortu zela, “eta haiei esker garatu ahal izan dugu hau guztia. Benetan eskertzekoa da erakundeek egin zuten apustua”.