Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

Newtek Sólidos hautsezko eta solteko lehengaietara bideratutako instalazioak diseinatzen, fabrikatzen, muntatzen eta martxan jartzen dituen enpresa da. Bere instalazioek materialak maneiatzeko, biltegiratzeko, garraiatzeko eta dosifikatzeko balio dute, eta altzairu komertzialeko siloak, garraio pneumatikoa, desaireztapen-iragazkiak, torloju amaigabeak, albeolarrak, etab bezalako ekipamendua dute. Bere lana altzairugintza eta galdaketa, zeramika edo trenbidea bezalako sektoreetan ematen da. Zumaian (Gipuzkoa) du bere egoitza, eta 16 langile ditu.

35 urteko ibilbidean, Newtek Sólidosek 500 instalazio baino gehiago ezarri ditu, horietatik 300 baino gehiago atzerrian. Besteak beste, Errusian, Alemanian, Mexikon, Brasilen, Australian eta Txinan proiektuak jorratu ditu.

Trenbide-sektorean, Newtek enpresak hondar-hornigailu finko eta mugikorrak eskaintzen ditu. Hornigailu horiek harea hornitzeko balio dute, tranbietan, lokomozio-makinetan eta trenetan hondargailuak automatikoki kargatzeko. Gipuzkoako enpresak sektore honetan dituen bezero garrantzitsuenak CAF, Siemens Mobility eta Euskotren dira. Bestalde, galdaketaren eta siderurgiaren sektorean elementu osagarriak eskaintzen ditu, hala nola hare-berogailuak, produktu kimikoen dosifikatzaileak edo ur-dosifikatzaileak. Hainbat motatako gehigarrien injektoreak ere eskaintzen ditu, altzairua fabrikatzeko prozesuan funtsezkoak direnak. Sektore honetako Newteken bezero nagusiak Sidenor, Global Steel eta Betsaide dira.

Zeramikaren sektorean, berriz, ‘bidaltzaile’ pneumatikoak, koloratzaile-dosifikatzaileak eta ur-dosifikatzaileak eskaintzen ditu, eta Roca, Geberit edo Reviglass bezalako bezeroak ditu. Sektore horiez gain, Newtek enpresak presentzia du industria kimikoan, elikadura-industrian edo kosmetikoen industrian, besteak beste. “Ia edozein industria-jardueratan, baliteke noizbait material hauts bat garbi manipulatu behar izatea langileen bizi-kalitatea hobetzeko”, adierazi dute Gipuzkoako enpresaren arduradunek.

Newtek Sólidosek dituen etorkizuneko planen artean, bere lan taldea handitzea da helburu nagusiena, “gure instalazioen kalitatea eta ikerketa hobetzeko asmoa baitugu”, azpimarratu dute enpresatik.

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.