Alemania

Alemania merkataritza-kide gakoa da Euskadirentzat Frantziarekin batera; esportazioen helmuga nagusienetakoa. XX. mendearen erdialdetik aurrera, Euskadiko industria bere mugez harago zabaltzen hasi zenean, Alemania lehentasunezko merkatu izan zen zenbait sektore garrantzitsutarako: siderurgia, industria-makineria, eta aurrerago, automobilgintza eta energia berriztagarriak, besteak beste.

Bi ekonomien arteko osagarritasunak harreman hori sendotu du. Batetik, Euskadiko enpresek, industria-oinarri eta gaitasun berritzaile handikoak, bere produktuentzako merkatu sendoa ez ezik, teknologiaren transferentziarako eta irtenbide aurreratuen garapenerako kide gakoa ere aurkitu du Alemanian. Bestetik, Euskadin multinazional alemaniarren presentziak merkataritza-harremanak sendotu ditu, baita gaur egun bi eskualdeentzat ezinbestekoa den elkarren arteko enpresa-mendekotasuna ere.

Euskadiko enpresaren merkataritza-kide nagusia

Alemaniak posizio nabarmena du munduko testuinguruan, munduko potentzia ekonomiko eta politiko nagusienetako bat baita. Europako ekonomiarik handiena du, eta munduko laugarrena. Hazkunde ekonomikoaren motor gakoa da Europar Batasunean, eta eragin handiko aktorea nazioarteko politika- eta finantza-erabakietan.

Bere sendotasun ekonomikoaz gain, Alemaniak ezinbesteko egitekoa du munduko gobernantzan, Europar Batasuna, G7, G20 edo NBE moduko erakunde multilateraletako parte-hartzearen bidez. Nazioarteko lankidetzagatik, merkataritza librearen sustapenagatik eta klima-aldaketaren aurkako borrokagatik ezagutzen da.

Alemaniako ekonomiak industria-oinarri sendoa du, eta berrikuntza teknologikoari begiratzen dio. Halaber, liderra da hainbat sektoretan: automobilgintza, ingeniaritza, kimika, energia eta teknologia aurreratua, esaterako. Era berean, esportazio-sektore indartsua du Alemaniak, eta ondasunen munduko esportatzailerik handienetakoa da; bereziki makinerian eta kalitate handiko produktu manufakturatuetan.

Alemaniako ekonomiak ahultasun ekonomiko luzea bizi du pandemiaz geroztik. BPG errealak aurreko bi urteetatik aldaketarik gabe jarraitu du ia 2024ko bigarren hiruhilekoan, eta pandemia osteko urteetan hazkunderik txikiena izan du G7 osatzen duten ekonomien artean. 2024an BPGaren hazkundea oso txikia (% 0,2) izatea espero da, baina 2025-2028 denboraldirako urteko % 1,2ko batez besteko hazkundea espero da. Egungo testuinguru geoplitikoak herrialdearen hazkunde ekonomikoa mugatzen du: Ukrainako gerra, Txinako ekonomiaren dezelerazioa, industria-eskaria murriztea, kontsumo txikiko barne-dinamika ekonomikoak, zerga-egokitzapenak, gizarte-gastu txikia, eskulanaren urritasuna.

Alemaniako kanpo-sektorea funtsezkoa da bere ekonomian, eta herrialdeko hazkunde-motor nagusienetakoa da. Alemania munduko hirugarren esportatzailerik handiena da hainbat sektore gakotan: automobilgintza, makineria, produktu kimikoak eta farmazia-produktuak.

Haren kontu korronteak etengabe superabit garrantzitsuak izan ditu azken hamarkadetan, merkataritza-balantza sendoak bultzatuta. 2015 eta 2019 artean, baldintza nominaletan munduko superabit handienak izan zituen kontu korronteko, eta Txina gainditu zuen zenbait urtetan. Kontu korronteko superabita BPGren % 5-6 artean egonkortuko dela uste da aurreikusitako denboraldian. Produktu alemaniarren eskaria handitzearen araberakoa izango da hori, Txinatik bereziki; baita sektore gakoetako egiturazko aldaketa globalen araberakoa ere, automobilgintzakoak, esaterako. Errusiako gas merkearen inportazioak geldiarazi egin ditu apur bat herrialdeko inportazioa eta enpresen lehiakortasuna, baina pixkanaka berreskuratuko dira. Halaber, Alemaniak irabazi handiak ditu atzerriko inbertsioak direla eta.

Bizi duen hazkunde txikia gorabehera, Alemaniaren ekonomia sendoak negozioetarako herrialde erakargarria egiten du. Azpiegitura sendoa, enpresa-inguru egonkorra eta esku lan oso kualifikatua eskaintzen ditu. Bestalde, merkataritza-itun eta politika-sare sendo egokia du atzerriko inbertsioetarako. Europa erdialdean kokatuta egoteak kontinenteko beste merkatuetarako sarbidea errazten du.

Telekomunikazioen eta konektagarritasun digitalaren negozioetan aukerak egon litezke, Alemaniak atzerapen handia baitu horietan. Halaber, administrazioa eta enpresa publiko eta pribatuak eguneratu egin behar dira lehiakorragoak eta eraginkorragoak izan daitezen. Energia berriztagarrien sektoreak (eguzki, haize eta biomasa) aukerak eman ditzake, Alemaniak ez baitu Errusiako kostu txikiko gasik, ez eta energia sortzen duen zentral nuklearrik ere. Biztanleria zahartzen ari denez, osasunaren arloan, zerbitzuen sektorean bereziki, eskaria handia izatea espero da.

Egonkortasun ekonomikoa du, eta euroguneko erreferentziazko igorle burujabe nagusienetako bat da. Horregatik, Alemania arrisku txikiko herrialdea da inbertitzaileentzat, erakunde sendoak dituelako, eta finantza publikoen historial arduratsua.

Erronka berriak ditu: egiturazko kostu altuagoak, intsumoen kostu altuak, munduko eskari gero eta txikiagoa, finantza-baldintza nahiko zorrotzak, zerga-tasa altuak eta eskulan eskasia, besteak beste. Merkatua atzerriko inbertsiora irekita dago, baina ekonomiarentzako merkatu gako batzuk kontrolatzen hasiak dira, goi mailako teknologien sektorea, adibidez. Finantza-sistema modernoa eta lege-sistema sendoa ditu, eta horregatik, herrialde segurua da inbertitzaileentzat.

Gobernuak estrategikoki esku hartzen du sektore gakoetan, energian, esaterako. Besteak beste, “Energiewende” (trantsizio energetikoa) moduko politikak sustatzen dituzte. Haren bidez, erregai fosilekiko mendekotasuna murriztu nahi dute energia berriztagarriak sustatuta. Halaber, funtsezko eginkizuna du berrikuntzan eta ikerketan, publiko-pribatuaren lankidetza bidez, bereziki automobilgintza eta teknologia aurreratuen sektorean.

Alemania merkataritzako irekiera handia duelako da ezaguna; nazioarteko merkataritzan duen parte-hartzean eta Europar Batasunaren bidez dituen merkataritza-itunetan ikusten da hori. Herrialdeak % 85eko merkataritzako irekiera du (hau da, inbertsioen eta esportazioen batuketa BPGren ehunekoan), eta G7ko herrialdeen artean irekiena da.

Alemania herrialde gakoa da munduko hornikuntza-gakoetan, bereziki industria-ekoizpenaren sektorean.

Merkataritza-burokrazia eta aduanako atzerapenak oztopo bat dira atzerriko inbertitzaileentzat, batik bat EBtik kanpokoentzat. Hala ere, segurtasun-arauak ez dira diskriminatzaileak eta zorrotz betetzen dira, horregatik, atzerapenak sor daitezke. Länderrek (estatu federalak) dute hitza Europako kontuetan Bundesraten (Parlamentuko Goi Ganbera) bidez, eta Gobernu federalak aldez aurretik jakinarazi behar dute, aurrez Länderrek onartu ditzaten. Berriki, Gobernu federalak nazio-burokrazia eta EBkoa murrizteko deia egin zuen.

Alemaniak lege-egitura garbi eta gardena du, eta marko eta prozedura argiak. Edonola ere, aipatu beharra dago prozedura horien konplexutasunak eta gobernuak sektore batzuetan esku hartzeko aukerak lege-sisteman arriskua sortzen dutela. Alemaniak lege-sistema oso eraginkorra du, eta hortaz, legedi sendoa du jabetza intelektualaren eskubideei, ustelkeriari edo monopolioei buruz.

Alicia Santamaría

Alemaniako Basque Trade & Investmenteko zuzendaria

BASQUE TRADE & INVESTMENT DEUTSCHLAND

Leopoldstraße 29 2.OG,
80802 München

* Ordutegia:

Astelehenetik ostegunera 07:30etik 16:00etara
Ostirala 08:00etatik 13:00etara

Nola lagun diezazukegu?

Basque Trade & Investmenten zure nazioartekotze-prozesuan lagunduko dizugu, zerbitzu pertsonalizatuak behar badituzu edo zure enpresa atzerrira zabaltzeko informazioa nahi baduzu.
JARRI GUREKIN HARREMANETAN