Brasilgo automozio-merkatua izan da SPRI taldean integratuta dagoen eta euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzen duen Basque Trade & Investment (BasqueTrade) agentziak antolatutako webinarraren ardatz nagusia. Osagaien eta makineriaren fabrikazioan diharduten euskal enpresei zuzendutako jardunaldi honen bidez, hazkundean den merkatu horren egungo egoerari buruzko informazioa eman da, baita Euskadiko industria-sareak bertara sartzeko dituen aukerei buruzkoa ere.
Horretarako, topaketan Elixabet Legarreta BasqueTradeko Lehiakortasun Adimeneko kudeatzaileak parte hartu du, eta agentziak berriki argitaratutako txosten sektoriala aurkeztu du.
Era berean, bertako errealitatearen zuzeneko ikuspegia emateko asmoz, saioak mahai-inguru bat barne hartu du, honako hauen parte-hartzearekin: Iñaki Gambus, BasqueTradek Brasilen duen bulegoko zuzendaria; Jokin Basurko, Fagor Ederlan Brasileirako zuzendari presidentea; eta Xabier Sainz, CIE Automotive enpresak Brasilen duen Aluminio, Forja eta Mekanizazio dibisioko zuzendaria.
Ekitaldian zehar, hizlariek herrialdean jarduteko estrategikoak diren hainbat gai aztertu dituzte modu transbertsalean, besteak beste:
- Brasilgo automozio-merkatuaren egitura eta bilakaera.
- Nazioarteko hornitzaileentzako aukerak, bereziki osagaien eta makineriaren segmentuetan.
- Arau-esparrua eta sarrera-hesi nagusiak.
- Elektrifikaziorako joerak eta sektorearen eraldaketa teknologikoa.
Jardunaldiaren ondorio gisa, azpimarratu da Brasil hazkundean den automozio-merkatu nagusietako bat bezala kokatzen dela. Dagoeneko finkatuta dagoen hornikuntza-katea eta eraldaketa-prozesu aktibo bat izatean, herrialdeak lankidetzarako bide berriak eskaintzen dizkie industria-erronka horiei erantzuteko gaitasun teknologiko aurreratuak dituzten euskal enpresei.