Euskadik WOMEX europar proiektuaren eskualde arteko bigarren topaketan parte hartu du Varsovian

Basque Trade & Investment-ek emakumeek zuzendutako ETEentzako finantzaketa eskuratzeari eta enpresa esportatzaileen lehiakortasunari buruzko lan-saioetan aritu da

WOMEX – The role of women in the competitiveness of exporting SMEs proiektu europarrak bere bigarren Intererregional Policy Learning Event (IPLE) ospatu zuen otsailaren amaieran Varsovian, emakumeek gidatutako ETEentzako finantzaketarako sarbidea aztertzera bideratutako topaketa teknikoa (Access to Finance for Women-led and Women-owned SMEs). Testuinguru horretan, Basque Trade & Investment-ek, (BasqueTrade) SPRI taldean integratuta dagoen eta euskal enpresaren nazioartekotzeaz arduratzen den agentziak, Euskadiko ekosistema ordezkatu du partzuergoko kideak eta dagokien eskualde-taldeak bildu dituzten jardunaldi hauetan.

Ekitaldiari esker, enpresa-lehiakortasunerako oztopo kritikoetako bati heldu ahal izan zitzaion: emakumeek kudeatutako enpresen hazkundea eta kanpo-merkatuetarako irteera bultzatzeko kapitala lortzea, hain zuzen ere. Saioetan, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatu ziren, parte hartu duten eskualdeetan nazioartekotzea laguntzeko politika publikoen diseinua hobetzeko helburuarekin.

Finantzaketa eskuratzeari buruzko diagnostikoa Europan

Programaren barruan, Mazoviako agintariek eskualde horretan nazioartekotzea finantzatzeko eta laguntzeko dauden tresnen erabilgarritasunari eta egokitasunari buruz egindako azterketa aurkeztu zen. Dokumentuak agerian utzi zuenez, emakumeek zuzendutako enpresak nazioartekotze-proiektu lagunduen % 33,5 dira (2021-2027 aldian). Hala ere, txostenak azpimarratu zuen enpresa horien jarduera zerbitzuetan eta merkataritzan kontzentratzen dela batez ere, eta oraindik presentzia txikia dutela kapital-intentsitate handiko industria-sektoreetan.

Bestalde, topaketan, Europako Inbertsio Bankuak (EIB) finantza-arloko genero-arrakalari buruzko Europako ikuspegia eman zuen. Aztertutako datuen arabera, emakumeak biztanleriaren erdia baino gehiago diren arren, Europako ekintzaileen herena ere ez dira. Gainera, finantzaketa osoaren % 30 baino ez da iristen emakumeek zuzendutako enpresetara, eta zifra hori % 2raino jaisten da proiektuen fase goiztiarretan (early stage).

Tresnak eta jardunbide egokiak

Arrakala horri aurre egiteko, EIBk finantzaketa inklusiboagoa sustatzeko zenbait tresna azaldu zituen, eta horien artean Gender Equality Credit Lines nabarmendu zuen, finantza-erakundeak emakumeek kudeatutako enpresei beren zorroetako kuota espezifikoak ematera bultzatzen dituzten tresnak. Era berean, Gender-Smart Finance Masterclass programa aurkeztu zen, Europako bankuek produktu egokituak gara ditzaten eta datuen analisia genero-ikuspegiarekin txerta dezaten.

Eszenatoki horretan, euskal ordezkaritzak gertutik ezagutu ahal izan zituen Poloniako ekosistemako zenbait ekimen, esaterako, Network of Entrepreneurial Women, herrialdeko komunitate garrantzitsuenetako bat. Topaketa amaitzeko mahai-inguru bat egin zen, eta, bertan, nazioarteko ibilbidea duten profesionalek ingurune, enpresarial globalean emakumeen lidergoa indartzeko egungo erronkei buruz eztabaidatu zuten.

Bigarren Interregional Policy Learning Event honetan parte hartuta, WOMEX proiektuak eta BasqueTradek Europako eskualdeen arteko ezagutza-trukea sustatzen jarraitzen dute.