Basque Trade & Investmentek, SPRI Taldeko nazioartekotze agentziak, ekainaren 17an eta 18an parte hartu du Txekiako Třinec hirian egin den Invent Arena azokan. Agentziak stand instituzional propioa izan du, euskal industriaren presentzia Txekiar Errepublikan eta Eslovakian indartzeko eta eskualdeko industria talde nagusiekin lankidetza aukera berriak sustatzeko.
Invent Arena industriarako berrikuntzan eta teknologia aplikatuetan espezializatutako azoka da. Txekiako Metalurgia Elkarteak eta Třinecké železárny siderurgia-taldeak antolatzen dute elkarlanean. Azken hori herrialdeko industria-konplexu handienetako bat da, eta altzairuaren ekoizpena deskarbonizatzeko eta modu jasangarriagoan eraldatzeko inbertsio-proiektu garrantzitsuak garatzen ari da.
Basque Trade & Investment-en parte-hartzeak, gainera, euskal siderurgia-sektoreko enpresa-misio baten laguntza-plataforma gisa ere balio izan du. Azokaren ospakizunarekin batera, misio horrek Txekiako hiru siderurgia-talde nagusietako bisita-egitarau bat garatu du, haien industria-gaitasunak bertatik bertara ezagutzeko, negozio-aukerak identifikatzeko eta bi industria-ekosistemen arteko harremanak sendotzeko helburuarekin.
Ordezkaritza SIDEREX siderurgia klusterreko ordezkariek, ARINA, CREDEBLUG, FAGOR ARRASATE, GLUAL, GOSAN, SAFELOC, SMARKTEC eta SORTEK enpresek, eta CEIT teknologia zentroak osatu dute.
Basque Trade & Investmentek azokan izan duen presentziari esker, industria sektoreko enpresa eta erakundeetako arduradunekin harremanak ezarri ahal izan ditu, baita Třinecké železárny taldeko ordezkariekin interes handiko bilerak egin ere. Topaketa horiek ezagutza trukatzeko eta euskal enpresentzat lankidetza aukera berriak identifikatzeko balio izan dute.
Basque Trade & Investment-ek bereziki eskertu nahi du Třinecké železárny enpresak azokaren eta bisita-programaren antolaketan eskainitako harrera eta lankidetza bikaina. Era berean, SIDEREXen eta parte hartu duten erakunde eta enpresa guztien inplikazioa nabarmendu nahi du; izan ere, haien presentziak Euskadiren gaitasun teknologikoa, industriala eta berritzailea Europako industriarentzat estrategikoa den merkatu batean ikusgarri egiten lagundu du.