Basque Trade & Investment-en Erresuma Batuko bulegoak euskal sektore aeroespazialari ematen dion babesa indartu du Farnborough International Airshow 2026 azokan

Londresko taldeak Erresuma Batuan ezarritako euskal enpresekin eta Erresuma Batuko ekosistema aeroespazialeko eragile estrategikoekin bilerak egin ditu, sektoreko nazioarteko hitzordu nagusietako batean.

Erresuma Batuko bulegoak Farnborough International Airshow 2026 azokan parte hartu zuen joan den uztailaren 22an. Ekitaldia munduko industria aeroespazialeko topagune garrantzitsuenetako bat da, eta haren helburua izan zen Erresuma Batuko merkatuaren ezagutza sendotzea eta bertan ezarritako euskal enpresekin nahiz ekosistema aeroespazialeko eragile nagusiekin harremanak estutzea.

Azokan izandako presentzia Basque Trade & Investment-ek sektore aeroespazialaren alde egiten duen apustuaren barruan kokatzen da. Izan ere, sektore hori Londresko bulegoaren 2026ko Kudeaketa Planeko lehentasunezko arloetako bat da.

Farnborough BT

Jardunaldian zehar, Basque Trade & Investment-eko taldeak hainbat bilera egin zituen Erresuma Batuan jarduera duten euskal enpresekin; horien artean, ITP Aerorekin. Londresko bulegoak etengabeko harremana du enpresa horrekin, Erresuma Batuko merkatuan duen jarduera babesteko eta bertako proiektuen bilakaera gertutik ezagutzeko.

Aurtengo Farnborougheko edizioan bereziki nabarmendu da ITP Aerok 2027-2030 aldirako iragarritako 400 milioi eurotik gorako plan teknologikoa, hurrengo belaunaldiko hegazkinen motorrentzako osagaiak garatzera bideratua. Inbertsio horrek berrikuntza teknologikoak, jasangarritasunak eta nazioarteko programa estrategikoek bultzatutako hazkunde-fase berri batean dagoen industria baten dinamismoa erakusten du.

Farnborough International Airshow azokak bi urtean behin mundu osoko hegazkin-fabrikatzaileak, sektoreko enpresa liderrak, administrazio publikoak, zentro teknologikoak eta inbertitzaileak biltzen ditu. Horrela, industria-aliantzak garatzeko, aurrerapen teknologikoak aurkezteko eta balio-kate aeroespazialarentzat negozio-aukera berriak identifikatzeko nazioarteko erreferentziazko topagune bihurtu da.

Testuinguru horretan, Erresuma Batuak sektoreko merkatu estrategikoenetako bat izaten jarraitzen du, inbertsio publiko berriek, defentsa-programen garapenak, fabrikazio aurreratuko teknologiek eta hegazkingintza jasangarriaren aldeko apustu sendoak bultzatuta. Egoera horrek aukera berriak sortzen ditu euskal industria aeroespazialeko enpresentzat, beren gaitasun industrial eta teknologikoak nazioarteko merkatuetan garatzeko.

Basque Trade & Investment-en Erresuma Batuko bulegoak Farnborough azokan izan duen parte-hartzea merkatuaren jarraipena egiteko eta merkatu estrategikoetan euskal enpresei laguntzeko egiten duen lanaren parte da. Helburua da balio handiko informazioa eskuratzen laguntzea, nazioarteko harremanak sustatzea eta lankidetza nahiz inbertsio aukera berriak identifikatzea.

Farnborough BT