Select Page

Berriak

Brexit-ari buruzko jardunaldi batean gogora ekarri ditu Euskadi eta Erresuma Batuaren arteko sei mendeko merkataritza-harremanak, ezin direnak  “pikutara bidali ezta Brexit txarrenarekin ere”

Simon Manley enbaxadoreak segurtatu duenez, Erresuma Batua EBtik irten ondoren ere “EBko araudia betetzen jarraituko dugu”

 

Ekonomi Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak asteazken honetan esan du Euskadi “saiatuko dela sendotzen” Erresuma Batuarekin dituen merkataritza-harremanak.  SPRI Taldean integratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentziak (Basque Trade & Investment) Bilbon antolatutako “Brexit-erako prestatzen” izeneko jardunaldian, sailburuak esan du alde biko harremanak mantendu behar direla “inbertsioak erakartzeko estrategiari uko egin gabe”. “Prest gaude harreman berri eta positibo baterako, alde bietan hazi dadin aberastasuna eta enplegua”.

 

Arantxa Tapiak ireki duen jardunaldi horretan parte hartu dute baita ere Simon Manleyk, Erresuma Batuak Espainian duen enbaxadoreak, eta beste zenbait adituk, hala nola Chris Dottie-k, Britainia Handiko Merkataritza Ganberak Espainian duen ordezkaritzako presidenteak eta Arantza Gomez Aranak, Birminghameko Unibertsitateko BREXIT Ikasketa Zentroko irakasleak.

 

Tapiak gogora ekarri ditu Euskadi eta Erresuma Batuaren arteko sei mendeko merkataritza-harremanak, ezin ditugunak “pikutara bidali ezta Brexit txarrenarekin ere”, eta adibide gisa aipatu ditu iraultza industrialean izandako harremanak, gaurdaino iraun dutenak digitalizarioarekin eta 4.0 industriarekin. Gogoeta hori, esan du, “2017ko apirilean ere egin nuen, City-ko Euskadiren Bulego Komertziala ireki genuenean”.

 

Tapiak esan du bulego horren irekiera interpretatu zela Eusko Jaurlaritzaren erreakzio bat bezala “balizko Brexit baten aurrean”. Tapiak esan du bulego horren irekiera interpretatu zela Eusko Jaurlaritzaren erreakzio bat bezala “balizko Brexit baten aurrean”. Kontua da bulego hori irekitzeko erabakia aurretik hartua zegoela, baina ikusi dugu ezin izan zuela etorri une aproposagoan”.

 

Funtsean, bulego horren irekiera hazi bat izan zen, zeinetatik, urte berri honen hasieran eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bitartez, aholkularitza-tresna berri bat sortu baita Erresuma Batuan interesak dituzten euskal enpresen kontsultak erantzuteko: www.brexit.eus kanala. “Ez da ohiko webgune bat, baizik eta kanal bat euskal enpresei informazioa eta ad hoc aholkuak emateko”. Sailburuak aurreratu zuen autodiagnostikorako tresna bat prestatzen ari direla ildo horretan: “uste dugu prest egongo dela hil honen amaierarako, ETEek posible izan dezaten autoebaluaketa bat egitea eta eszenatoki berrian duten kalteberatasun-maila neurtzea, kontingentzia-plan bat egiteko Brexit-aren aurrean”.

 

Arantxa Tapiak gogoratu du une honetan 500 euskal enpresak esportatzen dituztela beren produktuak Britainia Handiko merkatura, eta 60 bat konpainiak bulego komertzialak edo ordezkariak dituztela han. “Gure laugarren merkatua da eta euskal esportazioen %6 hartzen du. Zalantzarik gabe, lehen mailako merkatu bat da gure enpresentzat”. Gehitu du Erresuma Batua dela, Alemania, Estatu Batuak eta Frantziarekin batera, Euskadin inbertsio gehien egiten dituen herrialdea. “Ez diogu utziko ihes egiten joera horri, eta behartuta gaude erreferentziazko lurralde bat bezala posizionatzera Britainia Handiko kapitalarentzat”.

 

“Lehen inbertitzailea”

Simon Manley enbaxadoreak azpimarratu duenez, Erresuma Batua “lehen inbertitzailea izan da Euskadin 25 urtez, harreman handia egon da eta indartu egin nahi dugu”. Azaldu du gobernu britainiarrak ehundik gora ohartarazpen argitaratu dituela enpresak eta hiritarrak prest egon daitezen akordiorik gabeko irteerarako, eta bi aldeak hertsatu ditu “malgutasunez jokatzera irteera ordenatu bat lortzeko”. Horixe da lehenengo erronka handia”.

 

Manleyren arabera, Erresuma Batua EBtik irten ondoren ere “EBko araudia betetzen jarraituko dugu, elkarrekin ditugun hornikuntza-kateak babesteko”. Onartu du zailtasun gehiago egongo direla zerbitzu sektorean.

 

Britainia Handiko Merkataritza Ganberak Espainian daukan ordezkaritzako presidente Chris Dottie-k azpimarratu du Euskadi dela “Erresuma Batuak gehien inbertitzen duen bigarren eskualdea”, eta esan du Britainia Handiko Merkataritza Ganberako 300 enpresetatik %97k ez zuela “irten nahi Europar Batasunetik”.

 

Esan du kezkagarriena dela “50 egun baino gutxiago falta direla eta oraindik ez dakigula nola irtengo garen”, eta “gure bazkideentzat” konponbide onena dela irteera atzeratzea eta negoziazio berri bat irekitzea. “Baina orain nire aholkua da prest egotea eszenatoki txarrenerako, hau da, akordiorik gabeko irteerarako. Garrantzitsuena da enpresek beren hornikuntza-kate eta salmenta-kanalen auditoretza bat egitea. Adibidez, merkatu-gaien stocka handitzea. Eta alde juridikotik, kontratuak birnegoziatzea”.

 

Arantza Gómez irakasleak esan du arazo handiena dela “ziurgabetasuna, oso handia baita Erresuma Batuan, eta bigarren erreferendum bat arazotsuagoa izango litzateke”.

 

Pablo Fano, Eusko Jaurlaritzak Londresen duen bulegoko zuzendaria, bat etorri da esatean Britainia Handiko enpresa sektorean “oso kezkatuta” daudela, baina azpimarratu du euskal enpresek “negozioak egiten jarraitu nahi dutela Erresuma Batuarekin”.