Select Page

Berriak

Duela 15 urte Iurretan kokatutako Lebario enpresa bizkaitarrak nazioartekotzearen aldeko estrategia berria definitu zuen, Europa ekialdean eta Mexikon lantegi berriak ireki baitzituen. Hori horrela, 120 lanpostu baino gehiago sortu zituen, horietatik 50 euskal egoitzan. Gaur egun, aluminioa eta magnesioa injektatzeko moldeak diseinatu eta eraikitzen ditu, 4.500 tona arteko makinentzat; automobilgintzan eta balio erantsi handiko produktuetan espezializatuta dago, eta bere hurrengo helburua sektorean erreferente bihurtzea da.

Bere merkatu nagusia Europakoa da, non euskal enpresak automobilgintzaren sektoreko herrialde liderrentzat lan egiten duen. Jon Kepa Idoyaga Lebarioko zuzendari nagusiak aurreratu duenez, “oraintxe bertan estrategia berri bat garatzen ari gara Mexikon, epe ertainean merkatu amerikarrean sartzea ahalbidetuko diguna”.

Enpresa 1967an sortu zen, eta automobilgintzaren sektoreko enpresa nagusientzat lan egiten du, “eraikitzaileentzat zuzenean edo hornitzaile nagusientzat”, Jon Kepa Idoyagak aitortu duenez. Horretarako, aluminioa injektatzeko moldeak eta piezak automatikoki ekoizteko erabiltzen dituzten prozesuan laguntzeko tresnak diseinatu, fabrikatu, prestatu eta mantentzen dituzte. “motorra, abiadura-kaxa eta ibilgailuaren egituraren zati handi bat osatzen duten piezak dira”, adierazi du zuzendari nagusiak.

Gainera, aluminioa eta magnesioa injektatzeko moldea ekoizten du, “motorraren zilindro-blokerako, gama altuko kanbio-kaxetarako eta egiturazko piezetarako” espezializatua.

Berrikuntzaren aldeko apustu nabarmena

Automobilgintzaren sektorea punta-puntakoa da, eta horregatik enpresek berrikuntzak egin behar dituzte soluzio berrien bila. “Berrikuntzaren aldeko apustua egiten dugu, sektoreko enpresekin lankidetzan arituz tokiko, estatuko eta nazioarteko proiektuen garapenean”, adierazi du zuzendari nagusiak.

Ildo horretan, Iurretako enpresak Eusko Jaurlaritzak bultzatutako hainbat programatan parte hartu du, batez ere berrikuntzan eta nazioartekotzean. “Gaur egun SPRI Taldea gure bidelaguna da garapenerako eta lehiakortasunerako bidean”, aitortu du Jon Kepa Idoyagak.

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.