Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

SPRI Taldearen “Innobideak” programako laguntza bat jaso duen Tolosako enpresa honek kalitate handiko produktu pertsonalizatua eskaintzen du.

Nitxo industrial jakin batean lider den euskal enpresa horietako bat dugu Pasaban, kasu honetan papergintzarako ekipo-ondasunen sektorekoa. Kalitate handiko produktu pertsonalizatua eskaintzen du. Konpainiak SPRI TaldearenInnobideak” programako laguntza bat jaso du, zeinaren helburua baita prozesuak eta pertsonen kudeaketa hobetzea euskal enpresetan.

Enpresa hau 1928an sortu zen Tolosan papergintzako makinen mantenimendu eta konponketa lanak egiteko, industria horrek tradizio handia baitu Gipuzkoako zonalde horretan. 1955ean makina-erreminta fabrikatzen hasi zen, eta hurrengo mugarria 80ko hamarkadan iritsi zen, nazioarteko jauzia egin zuenean. “Une horretan, gai izan ginen nazioartera zabaltzeko” azpimarratu du Pasabaneko zuzendari nagusi Dani Garcíak.

Gaur egun, mundu mailako liderrak dira papergintzako konbertsio, ebaketa eta manipulaziorako makina-erremintan. “Oso produktu espezifikoa da, oso teknologikoa eta konplexua, eta lehiakide gutxi ditugu munduan. Gure makinen nortasun ikurra dira kalitate handia eta pertsonalizazioa. “Bezero bakoitzarentzako makina espezifikoak fabrikatzen ditugu”.

Pasabanen produktuek 5.000tik gora pieza dituzte. Pieza horien lehen muntaketa lantegian bertan egiten da multzoka, eta bezeroaren instalazioetan ematen zaio buru muntaketa osoari. Diseinu eta fabrikazio prozesuak urtebete baino gehiago irauten du.

Pasabanen bezeroak papergintza sektorekoak dira nagusiki, eta enpresa harro dago gaitasun handia duelako berrikuntza teknologikorako, “eta badakigulako edozein erronkari egokitzen”. 1983az geroztik paper-txanponaren nitxoan ere sartu dira, “oso esklusiboa eta ospe handikoa. Munduan horrelako ekipoak egiteko gai diren bi enpresa bakarrik daude, eta horietako bat gara gu”.

Instalaciones de Pasaban en Tolosa.

Pasaban-eko instalazioak.

Paperezko billeteak fabrikatzeko kontuan hartu behar dira hainbat segurtasun elementu, prozesu oso espezifikoen bidez aplikatzen direnak: tinta irisatuzko inpregnazioa, leihoak zulatzea, foil-a aplikatzea… “Gainera, gailu oso zorrotzak behar dira kalitatea kontrolatzeko. Ondoren, behin segurtasun-elementuak bobinan txertatutakoan, txanpon-papera ebakitzen duten ebakigailuetan prozesatzen dira”.

 

Fakturazioa 40 milioi euro ingurukoa

Pasabanen urteko fakturazioa 40 milioi euro ingurukoa da, eta 150 langileko plantilla dauka. I+G+B-a enpresaren DNAn dago, “hasi sare komertzialetik eta diseinuraino zein amaierako muntaiaraino”. Produktuak oso pertsonalizatuak dira.

SPRI Taldearen “Innobideak” programaren laguntza bideratu da pertsonen kudeaketa-sistemak eta bikaintasun operazionala modernizatzera. “Proiektu horiek garatuta zeuden jadanik, baina aurrera jarraitu behar dugu. Asmoa da gure barne-kudeaketako arlo desberdinak indartzea”.

Etorkizuneko erronkei dagokienez, merkatuak eta bezero-zorroa zabaldu nahi dituzte, besteak beste Estatu Batuetan. “Europan eta Asian erreferente teknologiko argiak gara”.  Hala, aukera berriak bilatzen ari dira “euren negozioa dibertsifikatzeko paperaren industrian edo papergintzatik at”. Aukera horietako batzuk oraindik aztertzen ari badira ere, beste zenbait kasutan merkatuaren garapen fasean daude jadanik.

Gainera, zerbitizazioaren aldeko apustua egin dute, “negozioaren hazkundearekin eta bezeroak leialtzearekin lotuta. Apustu indartsua egin dugu 2019tik, asko handitu dugu salmenta-zifra eta zerbitzu eta arreta hobeak eskaintzen ditugu merkatuan”.

Pasabanek bikaintasun operatiboa du helburu, horregatik, ahalegina egiten du are gehiago hobetzeko bere kudeaketa-sistemak “eta digitalizazioarekin zerikusia duen guztia. Bi bideak lantzen ditugu: kudeaketa-sistemena eta zenbait prozesu automatizatzearena, helburua baita eraginkorrago izatea”.

Pasabanen beste erronka bat da errentagarri eta jasangarri bihurtzea, “sistema sendoak baliatuz, gure ingurunea zainduz, GJHak integratuz (Garapen Jasangarriko Helburuak) eta pertsonak kudeatzeko eredu moderno bat erabiliz”.