India

India merkatu oso garrantzitsua da Euskadiko enpresentzat, hazkunde ekonomiko azkarra izan duelako, biztanle asko dituelako eta ondasunen eta zerbitzuen eskaria geroz eta handiagoa delako sektore estrategikoetan, hala nola teknologian, manufakturan, energia berriztagarrian eta automobilgintzan. Gainera, berrikuntzaren eta merkataritzaren erdigune globala da eta horrek Euskadiko enpresen interesa piztu du, presentzia handitu baitute herrialdean. Aldeko enpresa-inguruneak, merkataritzako akordioek eta kanpo-merkataritzara zabaltzeko politikek indartu egin dute Euskadiko negozioak zabaltzeko Indiak duen erakargarritasuna.

Euskadiko enpresentzat aukera handiak eskaintzen dituen erraldoia

Indiak posizio estrategikoa du maila globalean, hazkunderik azkarrenetakoa izan duen ekonomietako bat da, munduko bigarren herrialderik jendetsuena eta nazioarteko geopolitikako eragile garrantzitsua. Hainbat arlotan du eragina, esaterako, teknologian, berrikuntzaren eta garapenaren erdigune globala baita; eta energia berriztagarriaren arloan, Nazioarteko Eguzki Aliantza ekimena zuzentzen baitu. Gainera, G20, BRICS eta NBEren moduko nazioarteko foroetan duen rolak agerian uzten du erabaki globalak hartzeko garaian duen garrantzia. Horrez gain, India ezinbesteko merkatu berria da, eta atzerriko inbertsioa erakartzen du bere tamainari, biztanleria gazteari eta garapen ekonomikora bideratutako erreformei esker.

Indiako ekonomia munduko dinamiko eta dibertsifikatuenetako bat da, eta sektore garrantzitsuak hartzen ditu barne, hala nola nekazaritza, manufaktura, zerbitzuak eta teknologia. Tradizionalki nekazaria izan da eta eraldaketa garrantzitsua izan da herrialdean industria aurreratuekiko. Zerbitzuen sektoreak BPGren % 50 baino gehiago biltzen du, informazioaren teknologiei eta enpresa-prozesuen azpikontratazioari (BPO) esker. Aldi berean, India bere manufaktura-sektorea indartzen ari da, atzerriko inbertsioa erakartzen eta tokiko ekoizpena sustatzen. Gainera, herrialdea dibertsifikatzen ari da arlo berrietan, adibidez, energia berriztagarrian, bioteknologian eta azpiegituran, eta eragile global gisa finkatzen ari da hainbat sektore ekonomikotan.

2025-2028 aldian, BPG % 6,5 igotzea espero da. Hazkunde hori hainbat faktorek sustatzen dute; hala nola azpiegituran egindako inbertsioaren hazkundeak, barne-eskari sendoak eta erreforma ekonomikoek. Erreforma horiek negozioen giroa hobetzeko eta atzerriko inbertsio zuzena erakartzeko asmoa dute. Hala ere, Indiak erronkei egin behar die aurre, hala nola gazteen langabeziari eta erkidegoen arteko desberdintasunei, eta erronka horiek eragina izan dezakete hazkunde ekonomikoaren erritmoan. Hazkunde hori manufaktura-industriek eta eraikuntzakoek sustatzen dute batik bat. Indiako erdi mailako klasearen hazkundearekin, datozen urteetan zerbitzuen industriak booma izatea espero da.

Indiako kanpo-sektoreak ezinbesteko rola du bere ekonomian, ondasunen eta zerbitzuen esportatzaile garrantzitsua baita. Ondasunei dagokienez, India liderra da nekazaritzako produktuak, ehunak, produktu farmazeutikoak eta gemak esportatzeko garaian. Aldiz, zerbitzuen kasuan, informazioaren teknologiak eta enpresa-prozesuen azpikontratazioa nabarmentzen dira. Gainera, herrialdeak petrolioaren eta makinen bolumen handiak inportatzen ditu eta horrek bere mendekotasun energetikoa eta industrializazioarekiko bultzada islatzen ditu. Gainera, Indiak bere bazkide komertzialak dibertsifikatu ditu, eta harremanak indartu ditu Estatu Batuekin, Txinarekin, Europar Batasunarekin eta Asia hego-ekialdeko herrialdeekin.

Indiako merkataritza-balantzaren superabita handitzea espero da, Indiako industrian egongo den atzerriko inbertsioaren fluxu geroz eta handiagoarekin, batez ere, industria kimikoan eta automobilgintza-industrian. Izan ere, errupia debaluatu egin da eta AEBk eta EBk neurri protekzionistak ezarri dituzte. Indiako Gobernuak merkataritza libreko alde biko hitzarmenak sustatu ditu, Euroguneak Australiarekin sinatu dituenaren modukoak, eta alde horretatik posizio aktiboa mantentzea espero da.

Indiako merkatua munduko handienetako eta dinamikoenetako bat da, 1.400 milioi biztanle ditu eta erdi mailako klasea azkar hazten ari da. Konbinazio horrek kontsumo-potentzial izugarria eskaintzen du hainbat sektoretan, besteak beste, kontsumoan, teknologian, automobilgintzan, etxebizitzan eta finantza-zerbitzuetan. Gainera, biztanleria gaztea eta digitalizazio geroz eta handiagoa direla eta, merkataritza elektronikoan, zerbitzu teknologikoetan eta soluzio berritzaileetan geroz eta eskari handiagoa dago. Indiako gobernuak erreformak ezarri ditu barne-merkatua dinamizatzeko, besteak beste, zerga pizgarriak; eta, gainera, atzerriko inbertsio zuzenetara zabaldu da. Horrek are erakargarriago egiten du nazioarteko enpresentzat.

Gainera, Indiako gobernuak deskarbonizatzeko helburu oso anbiziotsuak aurkeztu ditu. India energia gehien kontsumitzen duen munduko hirugarren herrialdea dela aintzat hartuta, energia berriztagarrien fabrikatzaileen falta egongo dela espero da, eta, hortaz, aukerak sortuko dira sektore eolikoarentzat eta eguzki-sektorearentzat. Halaber, gobernuak aukerak sortu ditu erdieroaleen industrian. Indiako erdi mailako klasearen hazkundea dela eta, automobilen industria asko handitu da eta ibilgailu pribatuen salmentek hazten jarraitzea espero da. Horrek aukerak areagotuko ditu automobilen piezak fabrikatzen dituzten enpresentzat. Ekosistema askotarikoaren eta hazten ari denaren ondorioz, India merkatu estrategikoa da bai tokiko enpresentzat, bai globalentzat.

Indiako panorama ekonomiko askotarikoak, eskulan handiak eta nazioarteko hornikuntza-kateetan integratu izanak egiten dute inbertsiorako helmuga erakargarria. Tokiko fabrikazioa indartzeko ahaleginek aukera erakargarriak eskaintzen dituzte Txina kontinentalarekiko mendekotasuna murriztu nahi duten enpresentzat. Baliteke gaitasun digitalak hobetzeko, ingurumeneko jasangarritasuna bilatzeko eta merkataritzako harremanak handitzeko ekimenek Indiako ekonomiaren bilakaera sustatzea. Hala ere, inbertitzaileek Indiako esparru juridiko ahularekin, sektoreko babes-neurri espezifikoekin eta enpresa-inguruneari eragiten dioten administrazioko oztopo handiekin borrokatu behar dute. Estatu bakoitzeko politiken eta araudien arteko inkoherentziak are gehiago zailtzen du negozioak egitea.

Estatuak Indiako ekonomian egiten duen esku-hartzea handia izan da historikoki, eta independentziaren ostean ikuspegi zentralizatua izatetik, azken hamarkadetan eredu liberalagoa izatera igaro da. Egun, gobernuak rol garrantzitsua du arlo estrategikoetan, besteak beste, azpiegituran, energian, hezkuntzan eta osasunean, eta, aldi berean, ekimen pribatua eta atzerriko inbertsioa sustatzen ditu, “Make in India”, “Digital India” eta “Atmanirbhar Bharat” ekimenen bidez. Hala ere, estatuak rol arautzailea mantentzen du sektore kritikoetan, tartean, bankuetan, nekazaritzan eta baliabide naturaletan, hazkunde ekonomikoa helburu sozialekin orekatzeko, hau da, pobrezia murrizteko eta enplegua sortzeko. Eragozpen nagusiak dira sozietateen eta erkidegoko salmenten gaineko zerga altuak, zerga-administrazioaren konplexutasuna eta araudia betetzeko betebeharrak.

Indiak aurrerapauso garrantzitsuak egin ditu merkataritza irekitzeko: eredu ekonomiko protekzionista izatetik merkataritza globalean integratutako ekonomia izatera igaro da, eta kide aktiboa da egun hainbat erakundetan, tartean, MMEn. Indiako Gobernua geroz eta proaktiboagoa bihurtu da merkataritzako bloke nagusiekin eta munduko merkataritza-zentro nagusiekin merkataritza librerako akordioak bilatzeko, tartean Mercosur eta ASEAN. Txinarekin eta EBrekin negoziatzen ari da oraindik. Hala eta guztiz ere, oraindik ez du akordiorik sinatu merkataritzako bazkide garrantzitsu batzuekin, esaterako, Txinarekin eta Golkoko Lankidetza Kontseiluarekin (CCG) eta 2019an Erkidegoko Elkarte Ekonomiko Integralean (RCEP) sartzeko negoziazioetatik atera zen.

India merkataritzara zabalik dagoen herrialdea da eta abantailak aprobetxatzen ari da, besteak beste, bere ekonomiaren bolumen handia, biztanleria handia edo Europako, Asiako eta Afrikako merkatuetan duen kokapen estrategikoa. Gobernuaren politika hedatzaileen eta Indiako industriaren industrializazio eta espezializazio handiaren ondorioz, herrialdea hornikuntza-kate globalaren pieza garrantzitsua bihurtu da. Merkatua irekitzeko oztoporik handiena muga-zerga altuak eta aduana-prozesu geldoak dira. Gainera, herrialdea muga-zergak igotzen ari da industria teknologiko eta energetikoetan, tokiko enpresei laguntzeko.

Inportazioen muga-zergak altuak dira oraindik beste herrialde batzuekin alderatuta, eta industria batzuek oraindik ere babesa dute inportatutako ondasunen kostuak igota. Horrek neurri batean lehiakortasuna murrizten du.

Txinako lan-kostuak handitzearekin, Indiak helmuga erakargarria izaten jarraituko du enpresek haien gama baxuko fabrikazio-lanak lekualdatu ditzaten datorren hamarkadan. Hori seinale ona da herrialdearen epe luzeko hazkunde-aurreikuspenentzat. Indiako muga-zergen oztopoen eta muga-zergenak ez direnen helburua da atzerriko enpresak behartzea fabrikazio-operazioak herrialdean ezartzera. Horrek Indiako merkaturako sarbidea oso garesti bihurtzen du. Horren adibide da Indiako muga-zergak % 60-75 artekoak direla automobil eta motozikletentzat; % 150 alkoholdun edarientzat edo % 300tik gorakoak kasu batzuetan ehungintza-sektorearentzat. Gainera, aduana-eskubideak aplikatzea zaila da eta ez da koherentea. Horrek zaildu egiten du enpresek merkataritzako muga-zergak zehatz ebaluatu ahal izatea kostuetan.

Indiako prozedura administratibo sinplifikatuei esker, erraza da enpresak ezartzea eta horrek atzerriko inbertsioa erakartzen du, batez ere, startupen ekosistema dinamikoaren barruan, bereziki erakargarria baita. Jabetza intelektualaren babes sendoak, eta ikerketari eta garapenari eskainitako arretak are gehiago erakartzen ditu inbertitzaileak eta berrikuntza teknologikorako lurzoru emankorra sustatzen du. Digitalizazioaren helburua administrazio publikoaren efizientzia den arren, ustekeria eta esku-hartze politikoa erronka handiak dira. Gainera, ikuskapen arautzailea oso lasaia da, eta horrek kontratu publikoen gardentasuna ezkutatu eta inbertitzaileen konfiantza hondatu dezake.

Pablo Huidobro

ASEANeko Basque Trade & Investmenteko zuzendaria

INDIAKO BASQUE TRADE & INVESTMENT

Unit 1117, C wing, One BKC, G block, Bandra Kurla Complex Bandra (East), Mumbai 400051

* Ordutegia:

Astelehenetik ostegunera 07:30etik 16:00etara
Ostirala 08:00etatik 13:00etara

Nola lagun diezazukegu?

Basque Trade & Investmenten zure nazioartekotze-prozesuan lagunduko dizugu, zerbitzu pertsonalizatuak behar badituzu edo zure enpresa atzerrira zabaltzeko informazioa nahi baduzu.
JARRI GUREKIN HARREMANETAN