Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

Bizkaiko enpresa estatuko merkatuan liderra da, eta Europako erreferenteetako bat da retail eta industria sektoreetarako pisatze eta etiketatze soluzioetan.

Dibal enpresa bizkaitarra, merkataritzarako eta industriarako balantzen estatuko merkatuan liderra da eta Europan erreferenteetako bat da. Software bat garatu du TBAI retaileko pisatze-ekipoetan integratzeko, bere fakturazioaren % 80 baino gehiago hartzen duen segmentua. Izan ere, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, nahitaez ezarriko da TicketBAI, hiru foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak partekatutako proiektua. Gaur egun, Estatuko 100 banaketa-kate nagusietatik 65etan eta mundu osoko 250 supermerkatu-katetan baino gehiagotan daude presente enpresaren balantzak.

Euskadin jarduera ekonomikoak garatzen dituzten enpresa edo autonomoek TicketBAIrekin bateragarria den fakturazio-softwarea erabili beharko dute fakturazio-sistema berria zehazteko. Software horrek kode enkriptatu bat sartuko du, dagokion Ogasunari helaraziko zaiona eta salmentak ezkutatzea eragotziko du. Gainera, bezeroak momentuan egiaztatu ahal izango du legezkoa den ala ez zerbitzu edo produktu batengatik jasotzen duen tiketa, identifikatzeko oso erraza den QR kode baten bidez.

“Garatu dugun TicketBAIko softwarearekin Dibal balantzak erabiltzen dituzten dendek lasai lan egin ahal izango dute, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Ogasunen baldintzak betetzen dituztela jakinda”, adierazi du Iratxe Berriozabal Dibaleko Marketin zuzendariak. Gainera, edozein fakturazio-softwarek ez du balio. “Foru Ogasunetan erregistratuta daudela ziurtatu behar dute, beharrezko baldintza teknikoak betetzen dituzten seinale”, ohartarazi du Marketin zuzendariak.

Konponbide aitzindarien garapena

Derioko enpresa retail eta industria sektoreetarako pisatze eta etiketatze soluzioetan espezializatuta dago 1985etik. Harrezkero, bere izaera berritzaileak, bezeroarenganako orientazioak eta kalitateak aukera eman diote merkataritzarako balantzen Espainiako merkatuan lider izatea eragin duten irtenbideak eta berrikuntzak abiarazteko, eta Europa eta mundu mailan aintzatespena lortzeko. Horrela, sektoreko lehen enpresa izan zen ukipen-pantailadun elektronika-balantza tradizional bat merkaturatzen, edo amaitu denean etiketen edo tiketen erroilua azkar aldatzea errazten duen kasete bat garatzen, 10 segundo baino gutxiagoko aldaketarekin.

Gainera, azkenaldian, pisaketatik haratago doazen salmenta-aretoetarako soluzioak ere garatu ditu, Iratxe Berriozabalen arabera: “‘All_Connect’ sistema horren bidez, balantzak, sekzioko txanda-banatzaileak, pantaila-atalak eta informazio-kioskoak elkarri lotuta daude, eta dendako erosleari eta dendako arduradunei informazio garrantzitsua eskaintzen diete negozioa kudeatzeko”.

Eta duela gutxi, Tekniker teknologia-zentroarekin eta Leonardo talde italiarrarekin elkarlanean aritu dira Weibal proiektuan. “Tiltrotor” motako aireontzien pisua eta oreka neurtzeko sistema bat da, eta pisua neurtzeko eta aireontzian banatzeko sistema bat garatzea du helburu. “Hegazkinaren grabitate-zentroa hiru dimentsiotan ebaluatzeko aukera emango du, baita inklinazio-angeluak eta kokapena, pisuak orekatzeko funtsezko informazioa, hegaldi-estrategiak eta motorrak erabiltzeko modu optimoa ezartzeko aukera ere. Dibaletik baskula eta pisatze-sistema garatzen lagundu dugu “, adierazi du.

200 langile inguru dituen enpresak Derion du egoitza nagusia, eta Mexikon filial bat eta Txinan ekoizpen-zentro bat ditu. Gaur egun, ekoizpenaren % 55 esportatzen du eta 50 herrialdetan baino gehiagotan dago. “SPRI Taldearekin hainbat aldiz aritu gara elkarlanean, batez ere atzerrian, Hungarian, Brasilen edo Estatu Batuetan, merkatuak ezagutzeko eta aztertzeko laguntza behar izan dugunean, eta esperientziaren balorazio positiboa egiten dugu”, aitortu du.

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, sektore eta herrialde desberdinen ezagutza partekatuz.