Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

Arantxa Tapia sailburuak eta Brian Ball Virginia estatuko (Ameriketako Estatu Batuak) Merkataritza eta Negozio idazkariak gaur sinatu duten hitzarmenaren bidez, euskal enpresek estatu horretako proiektu eoliko nagusietan parte hartzea bultzatuko da

Euskadi eta Virginia estatua (Ameriketako Estatu Batuak) elkarlanean arituko dira energia berriztagarriei aplikatutako teknologien garapenean eta ezarpenean, baita energiaren efizientzian eta biltegiratzean ere. Hitzarmena Arantxa Tapia Ekonomikoaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Brian Ball Virginiako Estatuko Merkataritza eta Negozio idazkariak gaur, telematikoki, zigilatu duten lanaren emaitza da.

Hitzarmena funtsezkoa da Euskadiko enpresek Ameriketako Estatu Batuetako estatu horretako proiektu eoliko nagusietan parte har dezaten. Hitzarmen horretan, bi erakundeek konpromiso irmoa hartzen dute zenbait arlotan elkarlanean aritzeko: energia eolikoan, fotovoltaikoan, sare adimendunetan, energiaren kudeaketan, hidrogenoan eta energia biltegiratzean.

Hitzarmena sinatu aurretik, Tapia sailburuak, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak, Ainhoa Ondarzabal Nazioartekotze Euskal Agentziako (BTI) zuzendariak eta Jose Ignacio Hormaeche Energiaren Kluster Elkartearen zuzendari nagusiak bilera egin dute Virginia estatuko ordezkaritzarekin. Bilera horretan parte hartu dute, halaber: Brian Ball Merkataritza eta Negozio kontseilariak, Trieste Lockwood Politika aholkulari nagusiak, Jennifer Palestrant Mehatze, Mineral eta Energia Saileko zuzendari laguntzaileak eta John Begala Merkataritza eta Negozioko idazkari laguntzaileak. 

Hitzarmen horretan honako lan-ildo nagusi hauek identifikatzen dira:

  1. Informazio trukea, jardunbide onak eta ekimen politikoak sustatzea, energia berriztagarriko, energia-efizientziako eta energia-biltegiratzeko teknologien garapena eta erregulazioa bultza dadin.
  2. Energia berriztagarriko instalazioen, energia-efizientziako sistemen eta energia biltegiratzeko instalazioen finantzaketarekin eta arriskuen kudeaketarekin lotutako erronken identifikazioan eta azterketan lan egitea.
  3. Energia berriztagarrien instalazioetan sortutako elektrizitatearen interkonexio elektrikoari eta elektrizitate hori sarean integratzeari buruzko ezagutza teknikoen transmisioa bultzatzea.
  4. Energia berriztagarrien inguruko hainbat gairi buruzko ezagutzak partekatzea, hala nola horniketa-katea, kontsumoa, sareko integrazioaren interkonexioa, energia berriztagarriko instalazioen erabilera optimizatzeko sistemaren plangintza, energia berriztagarriak eskaintzen dituen onurei buruzko informazioa eta prezio-murrizketak lortzeko erabil daitezkeen estrategiak.

Euskadi da parke eoliko baten balio-kate osoa estaltzen duen munduko eskualde bakarretako bat, eta Ameriketako Estatu Batuetan offshore sektore eolikoa, berriz, sektore hasiberria da; hartara, Adimen Memorandum hau funtsezkoa da euskal enpresek Virginian aurreikusitako proiektu eoliko nagusietan parte hartzeko aukera izan dezaten.

  • Coastal Virginia Offshore Wind Project: offshore proiektua, Virginia Beach kostaldetik 43 km-ra kokatzen dena. Siemens Gamesa enpresaren bi turbina zituen hasierako fasea 2020an eraiki zen, eta Ameriketako Estatu Batuetan abian den bigarren offshore parke eolikoa da. Merkataritza-zabalpena 2024rako aurreikusten da —180 turbinarekin—, eta Ameriketako Estatu Batuetako offshore proiekturik handiena izango da.
  • Kitty Hawk Offshore Wind Project: Virginia eta North Carolina estatuetako kostaldeko Outer Banks uharteetatik 27 miliatara parke bat garatzeko proiektua. Parkea eraikitzeko lehen faseari 2024an emango zaio hasiera, guztira 2.500 MW-eko ahalmenarekin.

Euskadiko industria eolikoak 100 enpresa baino gehiago eta 34.500 enplegutik gora biltzen ditu eta guztira 15.700 M€ baino gehiagoko fakturazioa du

 

Euskadiko energiaren arloko industriaren ahalmena

Euskal industria posizio aurreratuan dago energia eolikoaren arloan, eta nazioartean aitortutako ‘end-to-end’ egitura du garapen eolikoaren prozesu osoan.

Paradoxikoki, beste autonomia-erkidego batzuekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan potentzia eolikoaren garapena txikia den arren, Euskal Autonomia Erkidegoko industriak negozio eolikoaren arloko jarduera guztiak estaltzen ditu, enpresa-sare sektorial indartsu eta bakarrarekin.

Ildo horretatik, parke eolikoak garatzeko behar besteko gaitasuna duten euskal enpresak daude, hasi azterketak, diseinua eta plangintza egiteko lehen faseetatik eta jarraitu parkeak abian jarri arteko eraikuntza eta instalazio faseetatik, barnean direla fase horiekin lotutako jarduera guztiak. Bestalde, haize-sorgailuak fabrikatzeko eta parkeak sustatzeko jardueren inguruko industria osagarria ere sortu da, osagaiak fabrikatzen dituena, kontrol-teknologiak egiten dituena eta abar. Hori dela eta, industria eolikoak beste azpisektore batzuk ere bultzatzen ditu (osagaiak, telekontroleko sistemak, eta abar).

Euskal industria, berez, teknologia eta produktuen esportatzailea da, eta energia eolikoaren arloko euskal enpresa handiak nazioartean garatzen ari dira. Arlo horretan, Euskadiren aitorpena erabatekoa da, eta horren lekuko dugu 2019an energia eolikoaren arloko Europako jardunaldirik garrantzitsuena antolatu izana, Wind Europe 2019. Jardunaldi horretan guztira nazioarteko 400 enpresek hartu zuten parte, tartean zirela 55 euskal enpresa. Jardunaldi hori berriro antolatuko da Bilbon 2022an, sektore eolikoaren euskal enpresa-sare indartsuaren aitorpena berretsiz.

Euskadiko industria eolikoak 100 enpresa baino gehiago eta 34.500 enplegutik gora biltzen ditu eta guztira 15.700 M€ baino gehiagoko fakturazioa du.

Bestalde, energia eolikoa instalatzeko hurrengo hamarkadako proiekzioak kontuan hartuta —300 GW-ra irits daitekeela uste da—, Euskadik asko du irabazteko. Euskal Autonomia Erkidegoko industria eolikoa da Estatuko indartsuena, eta Espainia da teknologia horren esportazioen balio garbiaren arloan hirugarren herrialdea. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek merkatu horren kuota handia lor dezakete, betiere sektore horretan sendotzen jarraitzen badute, teknologia beren ingurunean eta Estatuan garatzen badute eta mundu mailan espero den garapenari begira kokatzen badira.

 

Euskadi eta Virginia zenbait arlotan arituko dira elkarlanean, hala nola energia eolikoan, energia fotovoltaikoan, sare adimendunetan, energiaren kudeaketan, hidrogenoan eta energia biltegiratzean