Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Berriak

Zerbimek enpresa gipuzkoar gazteak, Arrasateko Markulete Industrialdeak kokatuta (Deba Bailarako Industrialdeak kudeatzen duenak), gazte ekintzaileen saria jaso berri du Miguel Altuna Lanbide Heziketa.

Urratsbat proiektutik 2017an sortutako Zerbimek enpresa gipuzkoar gazteak gazte ekintzaileen saria jaso berri du Miguel Altuna Lanbide Heziketa, Bergarako Udala eta Urratsbat proiektuaren eskutik. 2020. urte hasieran euren instalazioak handitu zituzten eta Deba Bailarako Industrialdea, S.A.k (Sprilur-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debagoiena eta Debabarreneko Udalek partaidetua) kudeatzen duen Markulete Industrialdeko pabilioi berri batera joan ziren.

Zehaztasunezko mekanizatuan espezializatutako Zerbimek enpresak erronka berri bati heldu dio duela gutxi, bere burua Frantziako merkaturantz irekiz Basque Trade & Investment Agentziaren eta Eusko Ganberen laguntzarekin.

Alain Vivas zuzendari nagusiak azaldu digu nola egin duten enpresaren ibilbide laburra eta zeintzuk diren euren etorkizunerako proiektuak.

 

Noiz eta nola sortu zen Zerbimek?

Proiektua prestatzen eta eskualdeko merkatua aztertzen igarotako ia hiru urteko lanaren fruitua da Zerbimek. Urratsbat proiektuaren barruan Teknika-ren laguntzarekin baliozkotu zen eta apustu handi bat egin genuen arrakasta ziurtatzeko merkatu oso exijente batean.

 

Nola jaso duzue Miguel Altuna Lanbide saria hain bide laburra egin duen zuen enpresa gaztean? Zer eman dizue?

Esango nuke ez gaudela ohituta sariak jasotzen ez gure lanagatik ez beste edozergatik, beraz ilusioa egiten du eta beti eskertzen dira horrelako aitortzak. Bultzada txiki bat ematen dizute bide beretik lanean jarraitzeko eta, jakina, polita da saria lantalde osoarekin partekatzea.

 

Gaur egun Arrasateko Markulete Industrialdean zaudete. Zergatik aukeratu zenuten toki hori zuen jarduerarako?

Debagoieneko gune  pribilejiatu batean gaude, konexio onenak ditugu gainerako lurraldeekin eta, gainera, ingurune natural eta paisaia paregabeak ditugu. Aipagarria da, baita ere, inguruko enpresa-ehuna garrantzitsua dela gure sektoreko enpresentzat.

 

Nolako produktuak egiten dituzue Markuleten eta zein jarduera-sektoretara zuzentzen zarete?

Ez dugu produktu zehatzik egiten, eskaintzen dugun zerbitzua da gure bereizgarria. Gustatzen zait esatea neurriko jantziak egiten ditugula, jostunek bezala, bezero bakoitzaren premia zehatzetara egokitzen garelako.

Sektore asko ukitzen ditugu zuzenean, baina gure piezak sektore guztietara iristen dira gure bezeroen bitartez. Gehienbat piezak fabrikatzen ditugu produktu propioa duten ingeniaritzentzat, zerbitzu mekanikoa edo automatizazio zerbitzua eskaintzen dutenentzat…

 

Nola sortu zen Frantziako merkaturantz irekitzeko apustua? Nolako laguntzak izan zenituzten eta nolako emaitzak izan dituzue?

Duela gutxi harremanetan jarri ginen Gipuzkoako Merkataritza Ganberarekin, eta Markuleteko instalazio berrietara aldatzen ari ginela hasi ginen ezagutzen eskaintzen zituzten zerbitzuak eta elkarrekin kolaboratzen. Ikusi genuen bazegoela aukera bat gure bezero-zorroa handitzeko eta lurralde eta sektore berrietan gehiago dibertsifikatzeko. Frantzia herrialde adiskidea da, kilometro gutxi batzuetara daukaguna.

Esan liteke lau urtean hazi egin garela langile kopuruan eta apustua egin dugula Frantziako merkatu berrian sartzeko.

 

Nola eragin dizue azken urteko osasun krisiak eta nola egingo diozue aurre enpresa-ziklo berri bati?

Bizirik irten gara pandemiatik eta zorionekoak gara. Langile guztiak mantendu ahal izan ditugu, eta aurrera jarraitu dugu 2020rako aurreikusita genituen inbertsioekin. Horrek emaitza positiboak eman zizkigun, eta gure fakturazioa aurreko urtekoa baino % 10 handiagoa izan zen.

Kasualitate asko gure alde atera dira eta, zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiet hainbat bezerori, babesa eman digutelako Zerbimek-ek bere erritmo “normalarekin” jarrai zezan pandemia garaian ere. Horri esker ez dugu eskatu behar izan ABEErik.

 

Uste duzu enpresa-aliantzak arrakastarako bermea direla zuen sektorean proiektu berriei ekiterakoan?

Zalantzarik gabe. Uste dut oso lantalde aktiboa garela, enpresa-kluster askotan parte hartzen duena, esaterako Enpresare, BPTD, AFM, Gipuzkoako Merkataritza Ganbera, Adegi…

Aurten baieztatuta daukagu Estatu mailako hainbat azokatan egongo garela beste enpresa batzuekin batera. Esango nuke “koopetizioa” dela tamaina handiko proiektuetan epe luzeko arrakasta bermatzen duen arma sekretua.