Select Page

Berriak

Idaho Basque Challenge-n helburua da Idahoko euskal komunitatean eta Euskadin inpaktu positiboa izango duten konexio baliotsuak sortzea. Ekimenak beren inguruneko erronka sozialei erantzungo dieten lantalde multikulturalak bultzatuko ditu, nagusiki bi gaitan zentraturik: teknologia gastronomikoa eta osasunaren zaintza.

Diversity4Equality-k gidatzen du proiektua hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin, hala nola, Mondragon Unibertsitatea, Mondragon Team Academy, Boise State University eta Estia Institute of Technology. Metodologia propioa baliatuz, asmoa da ekintzailetza sustatzea, enpresa sozial bideragarriak martxan jartzen laguntzea eta, bide batez, loturak sortzea Idahoko euskal komunitatearekin.

Ekimen honen bidez hainbat lantalde sortuko dira, zeintzuetan elkarrekin nahastuko baitira Euskadiko biztanleak eta Boise State University-ko ikasleak. Talde bakoitzak erronka sozial bat identifikatuko du FoodTech edo osasunaren zaintza arloetan, eta proposamen bat sortuko du hura konpontzeko. Lana birtualki egingo da eta parte-hartzaileek mentoring saioak nahiz webinar-ak egingo dituzte eta negozio-proiektua garatzeko laguntza jasoko dute hasieratik.

Euskaditik parte hartu nahi dutenek zabalik dute izena emateko epea. 18 eta 45 urte bitarteko profil desberdinetako pertsonek parte har dezakete deialdian, eta ez da prestakuntza espezifikorik behar. Diversity4Equality-k ekintzailetza sozialerako motibazioa eta euskal kulturarekiko lotura duten pertsonak bilatzen ditu.

Izena emateko epea abenduaren 31n amaituko da, eta orduan hasiko da hautaketa prozesua. Lantaldeak urtarriletik ekainera bitartean ariko dira lanean, eta uztailean topaketa bat egingo da proiektuak aurkezteko. Potentzial handiena duten lau ideiek azkartzeko laguntza eta finantzaketa jasoko dute, eta aukera izango dute balizko inbertitzaileekin harremanetan jartzeko.

Idaho Basque Challenge da Diversity4Equality-k abian jarri duen azken programa, zeina Senegalen eta Kanariar Uharteetan martxan jarri dituen eta metodologia berbera darabilten beste ekimen batzuei gehitu baitzaie. Horietako bat da Africa Basque Challenge; bere bigarren edizioa azken fasean murgilduta dago eta azaroaren amaieran aurkeztuko dituzte prozesuaren emaitzak.